EINSTEINEN KATUA

Ez dakit nik Einsteinek katu bat izan zuen ala ez, horrelako gauzak ez baitira normalean biografietan aipatzen. Schrödingerrek katu bat izan zuenentz misterioa da niretzat ere, baina Schrödingerren katua famatua da bai fisikan, bai kultura orokorrean. Duela ez horrenbeste agertu zen Elinberrin ere [1].

1935. urtean, abenduan, jaio zen Schrödingerren katua. Urte hartan, Schrödingerrek hiru zatitan banatutako artikulu bat argitaratu zuen garai hartako mekanika kuantikoaren egoera zein zen azaltzeko [2]. Artikulu horretan agertu zen lehen aldiz bere katu famatua, pentsamenduzko saiakera baten deskribapenean (saiakera hipotetiko batean, gedankenexperiment bezala ezagutzen dena fisikan). Paragrafo bakarrean agertu eta kitto, balizko katu hura ospetsu bihurtu zen.

Gedankenexperiment hori mekanika kuantikoaren osotasun-eza argitzeko adibide bat zen. Garai hartan, mekanika kuantikoari buruzko bi ikuspegi zeuden kontrajarriak. Alde batetik, fisikari gehienek onartu eta jarraitzen zuten Kopenhageko interpretazioa zegoen. Gaur egun, oraindik ere, Kopenhagekoa da interpretazio zabalduena eta normalean irakasten dena. Interpretazio horren arabera, errealitate fisikoaz berba egiteak ez du zentzurik neurketa bat egin baino lehen. Beste era batean esanda, errealitate objetiborik ez dago, hau da, sistema fisikoek (errealitatea, azken finean) ez dute definitutako propietaterik neurketa bat egin arte. Neurketak, nolabait, errealitatea eraldatzen du: errealitatea eta neurketa-prozesua ezin dira banandu. Neurketak, sistemaren egoera aldatzen du baina mekanika kuantikoak ezin du aldaketa hori nola gertatzen den esplikatu [3]. Ikuspuntu honen bultzatzaile nagusienak, beste batzuren artean, Niels Bohr eta Werner Heisenberg ziren.

Einstein ez zen iritzi berekoa. Einsteinen ustez, errealitate objektibo bat dago, neurtzen dugunaz haratago dagoena, eta fisikaren lana errealitate hori zein den argitzea da [4]. Partikula subatomiko batek posizio eta momentu definituak dituela sinisten zuen Einsteinek, nahiz eta doitasun osoz ezin ditugun neurtu aldi berean. Antzerako iritzia zuen Schrödingerrek ere. Katuaren gedankenexperimentuan Kopenhageko interpretazioa mugara eramaten da: ohizko sistema makroskopiko bati atxekita, lortzen den irudia edo egoera zentzugabea dirudi [1]. Katua izan ezik, gedankenexperiment horretako beste gauza guztiak (pozoia, lehergailua…), Einsteinek Schrödingerri 1935/08/08an bidalitako gutun batean aipatzen dizkio. Schrödingerren katu famatuak Einstein zuen aitaponteko.

[1] Belatz Martinena Moreno: “Mekanika kuantikoari buruz: Schrödinger-en katua”. http://www.elinberri.eus/2018/05/15/mekanika-kuantikoari-buruz-schrodinger-en-katua/

[2]Erwin Schrödinger. “Die gegenwärtige Situation in der Quantenmechanik”. Naturwissenschaften 23, 806-812, 823-828, 844-849 orr. Ingelesezko itzulpena: John D. Trimmer, “The present situation in Quantum Mechanics: a translation of Schrödinger’s ‘cat paradox’”. Non: J.A. Wheeler; W.H. Zurek (editoreak) (1983):Quantum Theory and Measurement.Princeton University Press, 152-167.

[3] Steven Weinberg. “Lectures on Quantum Mechanics”. Cambridge University Press (2003).

[4] Manjit Kumar. “Quantum: Einstein, Bohr and the great debate about the nature of reality”. Icon Books (2008).

Mousti eta Top: bi egoera kuantikotan dagoen katu bakarra ala bi katu?