ANDERE SERORA PASTORALA

Azken urte hauetan pastorala Lapurdira hurbildu zaigu, eta jadanik hiru pastoral eder izan ditugu: Gerezien denbora, 2014an, Itxaro Bordak idatzirik, Katalina Erauso, 2016an, Maite Berrogainek idatzirik, eta azkena honako hau, Hiriburu Herriak berriki jokatu duen Andere Serora izenekoa.

Eta badirudi segida izanen duela, entzun dudanez, Lapurdiko beste herri bat pastorala egiteko asmotan baitabil. Harrigarria da pastorala Lapurdin hartzen ari den indarra, ez baita nehoiz Lapurdiko ohitura izan, baina ez bakarrik pastorala, kabalkada-tobera ere berpizten eta hedatzen ari baitzaigu Lapurdi eta Baxenafarroan. Urtero badugu bat edo bi ikusteko aukera. Eta biziki ederrak, gainera! Pizkunde baten hastapenetan gaudela dirudi.

Aurten Xiberoan pastoral ederra ikusteko parada ukan dugu, Johaine Bordaxarrek idatzi eta Maule-Lextarrek jokatu Belako Zaldüna gogoangarria. Baina pastoral horrez gain, Hiriburuk ere berea prestatu eta jokatu du. Biak, xiberotarra eta lapurtarra, arrakasta handiz pasatu dira.

Hiriburutarrek bi saio egin dute, lehena ekainaren 3an eta bigarrena irailaren 16ean, eta bietan, eguraldi ederra lagun, pilota-plazan ezarri xapito handiko harmailak bete dira. Nik bigarrena ikusi nuen. Goiz-goizetik giro aparta izan zen herrian. 10,30etan karrikaz karrikako ibilaldia izan zen. Arizaleen buruan herriko armarrian azaltzen den herensugea zeramaten. Hiru buruko dragoi honek dilindan darama buruetako bat, Beltzuntzeko Jaunak moztu ziona, baina kontatzen dutenez, buru bat moztu orduko beste berri bat ateratzen omen zaio. Ibilaldia bukatzean, herriko etxe berriaren plaza koloretsu ederrean mutxikoak dantzatu zituzten. Herri bazkarira hirurehun bat lagun hurbildu ziren eta ondoren, arratsaldeko 3,30etan, hasiera eman zioten pastoralari. Ordurako, harmailak, jendez mukuru ziren.

1.- Pastoralaren egitura.

Guillaume Irigoienek eta Patxi Iriartek idatzi dute eta errejentsa Pantxika Urruti izan da, jadanik Baionako Katalina Erauso (2016) eta Etxalarko Karmen (2017) zuzendu zituena. Hiruetan abilezia handia erakutsi du. Pantxika Urruti xiberotarra da eta pastorala odolean daramala erran daiteke. Gauza bera gertatzen zaio Sophie Larrandabürü kantu eta doinu arduradunari. Bi xiberotarrek Xiberoko tradizioaren bideetatik ongi gidatu dute bi lapurtarrek idatziriko pastorala.

Pastoralak hogeita bat jeikaldi, zazpi kantu, bost borrokaldi eta hiruzpalau dantza ditu, den-denak biziki ederrak. Pastoral honen süjeta (pertsonaia nagusia) mendez mende Hiriburun sendatu eta lagundu duen Andre Serora izan da. Pertsonaia hau zahar-zaharra dugu Euskal Herriko herri guztietan, eta ikerlariek diotenez, oso garai zaharretatik datorkigu, Neolito Arotik, hain zuzen ere. Baliteke. Idazleek, pertsonaia honen eskutik, Hiriburu herriaren historia kontatzen digute, garai zahar-zaharretatik 1919. urtera arte, hau da, azken andere serora hil zen arte.

Horretarako pastorala lau alditan banatu dute:

Lehen aldia: Sortzea. Lehen bost jeikaldiak. Historiaurretik XV. mendera arte. Bertan, Hiriburu herriaren lehen herexak edo aztarnak aipatzen dituzte, Erdi Aroan, Lizaga auzategian bizi ziren Hiruber familiakoen berri ematen digute eta baita 1407an, Beltzuntzeko Jaunak Lizagako herensugeari buru bat moztu zioneko kondaira ere.

Bigarren aldia: Pizkundea. Seigarren jeikalditik bederatzigarren jeikaldira. XV. mendetik XIX mendera artekoa. Lapurdiko Biltzarraren defentsan egindakoak, Baionarekin izandako liskarrak, frantses eta ingeles armadekin izandako momentu txarrak, Mosoeleta auzotegiaren defentsan Baionarekin izandako kalapitak eta auziak, Muruia pilotalekuaren suntsiketa… dira jorratzen dituzten gaietako batzuk.

Hirugarren aldia: Ekaitzpean. Hamargarren jeikalditik hamahirugarren jeikaldira, biak barne. Auzapezaren eta andere seroraren arteko kalapitak, Napoleon Baionan, gerra napoleonikoak, Soult eta Wellingtonen arteko gudukak, Karrika auzategiaren suntsiketa…dira, besteak beste, aurkezten dizkiguten gaiak.

Laugarren aldia: Kurutzaldia. Hamalaugarren jeikalditik hogeita batgarrenera artekoa. Badirudi, 1867an, Luis Luziano Bonaparte printze euskaltzalea Hiriburura joan zela eta haren ohoretan Geneviève de Brabant pastorala jokatu zutela. Horixe da hamalaugarren jeikaldian erakusten digutena. Jakin badakigu, 1802an Maulen izen bereko pastorala jokatu zutela. Hamaseigarren jeikaldian artzainak, artaldea, astoa eta zakurra oholtzara igo ziren. Hamazazpigarrenean 1918ko armistizioa ekarri zuten gogora. Hemezortzigarrenean Oxobiren berri ematen digute, hogeigarrenean Mosoeleta auzategiaren erabateko galera eta azken jeikaldian azken Andere Serorak, hiltzean, ezko-zarearen sua helarazten dio Hiriburuko neskatila bati. Transmisioaren sua dela erran dezakegu.

Ikusten dugun bezala, irauteak indar handia du Hiriburun. Herensugeari buru bat moztu orduko, beste bat ateratzen zaio, eta Andere Seroraren sua ez da nehoiz itzaltzen. Horixe da pastoral-egileek Hiribururako nahi dutena, euskarak eta euskal kulturak iraun dezaten herrian betiko.

2.- Hitz jokoak eta beste.-

Pastoral bizi-bizia, arras dinamikoa izan dela azpimarratuko nuke nik. Jeikaldiak ez dira sobera luzeak izan, eta horrela istorio batetik bestera, erraztasun handiz pasatzen ziren. Horretan Irigoien eta Iriart sobera trebe izan dira. Erabilitako mintzaira bera bizi-bizia izan da, hitz jokoz betea.

Hitz joko hauek entzuleen belarriak ferekatzen zituzten eta irudi eta gogoeta koloretsu eta aberatsak iradokitzen zizkieten. Irigoien hitzaren artista dugu, idazle, kantari, kantuegile, berriketari… eta Iriart bertsolari gazte eta trebe. Biak arras ohituta daude euskararekin, euskararen doinu eta barne-egiturekin jolasten, eta hori oso nabarmen sentitu eta gozatu dugu pastoral honetara hurbildu garenok. Adibidez:

Laugarren jeikaldian, Xabina Pagunduruk honela dio: Bihotzez / bi botzez / bien bizi berriaren, lehen egunetik, / bihotzez, / bi botzez / amodioak ber sortu gaituenetik. Bosgarren jeikaldiaren bukaeran, Beltzuntze izeneko kantuan, honela errepikatzen da leloan, behin eta berriz: Beltz! Huntz! Tze! / Beltzuntze! Seigarren jeikaldian, 74. bertsetan, abilki jolasten dira Aturri eta iturri hitzen antzeko doinuekin: Berezko ohetik dugu / Bokaleratu Aturri / guretako izanen da / aberastasun iturri!

Hamaikagarren jeikaldian, 111. bertsetan, honakoa jartzen dute Napoleonen ahoan: Hala dadila eta biba / Espainiaren konkista! / inglesek hola diote: / Amigos, hasta la vista! Azken lerroan espainola jartzen dute ingelesaren ordez, publikoaren barre algarak sortzeko eta Napoleonen kultur ezagupen urria argi eta garbi erakusteko. Hamahirugarren jeikaldian, 121. bertsetan antzeko zerbait egiten dute honako mezua Wellingtonen ahoan ezarriz: Soult dugu hortxe puzulu / General Hill what do you do? / Jo aitzina! Har dezagun / Hiriburu! Hill bi buru. 123. bertsetan, Wellingtonek segitzen du: Bai zinez this day is yours Hill / egin duzu mendi bat hil / Daude omen hameka mil / deituko dugu Hill’s hil hill!.

Hamaseigarren jeikaldiaren bukaeran, Urtxoa eta kaioa izeneko kantuaren errepikan, behin eta berriz, aipatzen digute horrelako hitz joko iradokorra: Zendako Errobi / bidaia desioaz / Hainbat urtxo burtxora / urtxo burtxora? // Zendako Aturri / kaia amodioaz / egin kaio kaiola, kaio kaiola? Egileak trebeak dira horrelako hitz jokoetan, alajaina! Pastoral ederra, bizi-bizia, mezu-emailea eta bihotz-altxagarria, bene-benetan!

3.- Patxi Iriarten bertsoak.

Artikulu hau bukatzeko, ekar ditzadan lerro hauetara, Patxi Iriartek pastoral-liburuxkarako egin bertso ederrak, beren laburtasunean ezin hobeto azaltzen baitituzte pastoral honen nondik norakoak. Horratx:

Izenak dio zerbait zenetik, zerbait zela Hiriburu,

Hitzak baititu bere erroak haritzak bezain seguru.

Gotorlekuak nunbait bazuen zergati eta helburu,

euskara ez da zaldi zahar bat, biga balaren aiduru,

etxea husten uzten badugu, guk non bizi behar dugu?

Igaran dira neguak, beltzak, itxaro udaberriak.

Sortuko dira, ez indar gabe, inkisidore berriak,

sortuko ere lore gozoak ondo zaharrek ekarriak.

Biziberritzen joan daitezen biharko euskal herriak

barneko sua beiratu duten mendeetako harriak.

Nahi ginuke denek baginu, leiendak dion bezala,

zaldun ausarten bihotza eta herensugeen azala.

Artean, gure eguneroko ahalak egin gaitzala

ezkoak dir-dir eskurik esku errotzen segi dezala,

argi bizirik ez den lekuan oilartzen baita itzala!

Pastoral hau ikusita, eta Hiriburun pastoralaren inguruan sortu den euskal giroari erreparatuta, ez dut uste Hiriburun itzala aisa oilartuko denik.

Badira Lapurdiko herri eder honetan Andere Seroraren ezko-zareko sua pizturik iraun araziko duten seme-alaba prestuak. Eta luzaz hala bedi!