MENDA

Menda, Mentha spicata L. Lamiaceae. Menda hitza mintha hitz latinetik dator. Minta ninfa bat zen, Plutonen maitalea. Landare honen jatorria ez da ezagutzen. Afrikako iparraldea edo Asia izan daiteke. Aditu gehienek, hala ere, landarearen sorburua Europan kokatzen dute.

Hierbabuena, menta acuática, menta del monte, pipermina, sándalo ere deitzen zaio. Mentha generoak hainbat espezie osatzen du. Landare belarkarak dira, batzuek oin zurkara dute. Iraunkorrak dira, lur azpiko zurtoinak, errizomak alegia, urlehortarrak (anfibioak) edo urtarrak (akuatikoak) izan daitezke. Hosto bakunak, tamaina eta itxura oso aldakorrak, lantza itxurakoak, biribilak, obalatuak, horzdunak eskuarki, gutxi-asko iletsuak. Infloreszentziak kapituluak dira. Brakteak hostoen antzekoak. Lore zuriak, arrosak edo lilak. Fruitua tetraeskizokarpoa da. Ugalketa begetatibo erraza du. Espezien arteko hibridazioa ohikoa da eta, horren ondorioz, genero honen sistematika edo sailkapena zaila da.

Mentha spicata espezieak galburu-formako infloreszentziak ditu, hosto eseriak, zorrotzak, nerbiazio ez nabarmena, berdexka bi aldeetan, ilegabe edo ile gutxikoak. Landatu egiten da.

Mentha pulegium L. (Lamiaceae) espezieak infloreszentzia luze samarra du. Hosto peziolatuak, dentikulazio irregularra, kaliza iletsua.

Beste espezie batzuk badira: Mentha longifolia L. (Lamiaceae), astamenda euskaraz; Mentha suaveolens edo Mentha rotundifolia Ehrh. (Lamiaceae), mendafina euskaraz, eta abar.

Menda (Mentha piperita, Labiadak), Ekialde Urrunetik datorren landare bizikor belarkara. Jadanik, antzinako txinatarrek eta egiptoarrek mendak dituen eragin lasaigarria eta espasmo kontrakoak goresten zituzten. Landare horren usain sarkor berezia eta zapore freskagarria guztiok ezagutzen ditugu. Duela hirurehun urtez geroztik Europako baratzetan landatzen da. Sendagai eta jakien ongailu gisa erabiltzen da, baita edariak aromatizatzeko ere.

Landare tentea, adartsua eta iletsua da. Hosto obalatuak, horzdunak, zimurtsuak, gainaldea berde mina, azpialdea berde zurixka, txortenik gabekoa, bina ateratzen dira, nerbiazioa oso nabarmena dute. Loreak landarearen muturretan ateratzen dira, buruxkak eratuz. Bost petalo txikiak, arrosa-zurixkak, oso leun eta erorkorrak. Bide ertzetan, erreka zein iturrien ondoan, argi asko dagoen lekuetan ateratzen da. Halaber, baratzetan landu egiten da. Giro hotza ondo eramaten du. Uda garaian loratzen da.

Sendagai gisa, hostoak eta buruxkak, freskoak edo lehorrak, erabiltzen dira. Mentol asko duten olio esentzialetan oso aberatsa da landarea. Bere usain gozoa ere olio esentzial horiei zor die. Hostoen eta loreen infusioak urdailaren nerbio-gaitzak baretzeko eta flatulentziaren aurka hartzen dira, baita behazunaren produkzio eta jariaketa azkartzeko ere. Gaitz erreumatikoak eta neuralgiak arintzeko mendaren esentzia alkoholez zein ukenduz, igurtziak eginez, mindutako lekuan ematen da hantura kontrako eragina baitu, baita azkura eta urtikaria arintzeko ere. Bestaldetik, mendaren esentziaren inhalazioek buruko mina, faringitisa, bronkitisa eta sinusitisaren aurkako eragina ere badute. Izan ere, arnas bideak estimulatzen ditu. Halaber, landarearen eragin estimulatzailea dela eta, nekeari aurre egiteko erabiltzen da. Buru-nekeari eta neke fisikoari, alegia. Olio esentzialak, halaber, larruazalaren eta azazkalen onddoen aurkako eragina badu.

Bestaldetik, zenbait lekutan, asunen ziztadak eta liztorren eztenkadak eragindako mina eta hanturak, mendaren hostoekin eta zurtoinekin, igurtziak eginez, arintzen ziren.

Mendaren eragin terapeutikoa, usaina eta zapore gozoa direla eta, sukaldaritzan, farmazian eta gozogintzan askotan erabiltzen da. Mendaren hostoen eta loreen destilazioaren bidez, mentolean aberatsa den olio bat lortzen da. Mentola oso estimatua da elikaduran, gozogitzan, farmazian eta lurringintzan. Mentolaz gain, beste konposatuak ere baditu, hala nola flabonoideak eta taninoak. Mentola, bestalde, laborategian sintetizatu ahal da. Farmazietan, oso aspalditik, mendazko zigarrotxoak saltzen ditugu. Erretzaileek, batez ere, erretzeari uzteko erabiltzen dituzte. Plastikozko pipa eta zigarro modukoak dira, erretzaileek, tabakoa utzi nahian, ezpainetan zigarroak bailiran, barruan duten menda inhalatu egiten dute.

Olio esentziala zaurietan eta narritaturiko larruazaletan ez da eman behar, ezta bularreko umeen eta haurren aurpegian, sudurrean edo bularrean ere, umearen laringe- eta bronquio-espasmoak izateko arriskuak saihestearren. Mendaren olio esentziala ez da larruazalean zuzenean ematen, beste olioren batekin nahasia eman behar da, hala nola arbendol gozoaren olioarekin, oliba-olioarekin edo argan-olioarekin.

Produktu mentoldunen gehiegizko inhalazioak, berriz, zenbait arazo sor dezake, hala nola zefalea, buru-nahasmendua, okadak, anorexia, bradikardia, konbultsioak, loezina eta abar. Haurdunaldian eta edoskitzaroan mendaren prestakinak ez dira hartu behar, umea kaltetu ahal baitute.

Olio esentziala ere, barne-bidetik, gastritisa, urdail-hesteetako ultzera edo errefluxu gastroesofagikoa izaten denean, arretaz hartu behar da.

Mendaren hostoak eta horien olio esentziala aromatitzaile gisa erabiltzen dira. Zapaldutako landare freskoa eta ura nahasten, lurrin gozo bat egiten da.

Euskal Herriko zenbait etxetan, bestalde, menda erabiltzen zen etxea usain gozoz lurrintzeko. Horretarako, erratza pasatu baino lehen, erratzaren ileei menda adaska batzuk gaineratzen zizkieten. Erratza pasatuz, mendaren usain gozoak etxeko bazterrak lurrintzen zituzten. Era berean, leku askotan, menda adaskez egindako erratza horiek erabiltzen ziren arkakusoak uxatzeko, baita helburu bera lortzeko landare osoa etxeko bazterretan utzi ere.

Pello Iturria Sarasibar