Bigarren Gerla Handiaren ondorengo hamarkadak gogor samarrak izan ziren Iparralde osoan. Euskarak etengabe egiten zuen gibelera eta frantsesak haren tokia bereganatzen zuen. Bazirudien euskarak eta Ipar Euskal Herriak etorkizunik ez zutela, azken hatsa eman behar zutela. Baina ukazioak belaunaldi berriak inarrosi eta arrapiztu zituen. Abertzaleak antolatu ziren, ikastolak nonahi sortu ziren, euskal dantzak eta kantuak loratu ziren… Badakigu orain arteko hori ez dela aski, ainitzez gehiago behar dugula indartu eta garatu, jakina! Baina badirudi euskal hazia lur emankorrean erein dela eta fruitu ederrak emanen dituela. Ikusiko.
Lapurdiko Urruña herrian ber gauza gertatu zen. Gazteak lozorrotik iratzarri ziren eta euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren alde jo zuten. 1983an bost emazte kementsu bildu eta Hazia elkartea sortu zuten. Daniela Baron, Daniela Albizu, Josette Bideondo, Terexa Arbelaitz eta Josette Sein izan ziren aipatu sortzaileak, Urruñako eskuindarrek “Urruñako sorginak” ezizenaz bataiatu zituztenak. Hazia elkartearen lehen lokala Martxuka kafetegia egon zen tokian zabaldu zuten. Urte haietan Urruñako abertzaleak antolatu ziren eta udal bozetan zinegotzi bat erdietsi zuten. Horren ondorioz, Daniela Albizu izan zen Urruñak izan duen lehen hautetsi abertzalea.
Baina ez zen aski! Gazte talde batek Hegoaldeko kultur eta gastronomi elkarteen antzeko bat zabaldu nahi zuten herrian, urruñartasuna eta euskaltzaletasuna umorez eta aldarte onez lantzeko eta zabaltzeko. Horrela, hogeita bi lagun elkartu ziren proiektu horren inguruan. Horretarako, plazatik hurbil zen lokal bat erosi nahi zuten. Itsasmendi zinematik plazara doan pattarrean, okindegira iritsi baino pixka bat lehenago, ezker aldean, bazen etxe zahar bat, gaur Durritzagaren etxe berriak diren tokian, eta leku ezin hobea zelakoan, horko emazte nagusiarekin mintzatu ziren eta saltzeko prest zegoenez, paperak egiteko eguna hitzartu zuten. Tamalez, notarioaren etxera pasatu aitzin, herrian boterea zuen norbaitek telefonoz dei egin zion etxeko jabeari gazte horiek enbata zikinak eta terroristak zirela erranez. Emaztea arrunt beldurtu zen eta gibelera egin zuen. Ez zien gazteei etxea saldu.
Mus Txapelketako irabazleak
Hori ikusita, beste etxe baten bila hasi ziren. Elkarte anonimo bat egin zuten eta Jean Claude Olaskoaga buru jarri. Olaskoaga antenetako lanetan zebilen, eta berak egin zuen herriko etxean Migel-eneko gibelean den atelierra erosteko eskaera. Bere lanbidean erabiltzeko zelakoan, herriko etxean ez zioten inolako trabarik jarri. Atelier hori Dominik Ostizen zurgindegia zen eta berak saldu zien 1988. urtean. Erosi ondoren, hogeita bi lagunen artean SCI (Societé Civil Inmobilière) bat egin zuten eta horren bitartez, elkartea antolatu eta zabaldu ahal izan zuten.
Lehen Biltzar Nagusian elkartearen izena hautatu zuten. Norbaitek aipatu zuen garai batean atelier horretan Bertoli eta Ramalla izeneko bi italiar ari izan zirela hargintza lanetan. Hori dela eta, Berttoli izena aukeratu zuten elkarte berria bataiatzeko. Hamar urte berantago apez italiar bat Urruñara hurbildu zen bere aita lanean aritu izan zen tokia ikustera. Bertoliren semea zen. Elkarteak bere aitaren izena zuela jakin zuenean, arras hunkitu zen.
Elkarteak hogeita hamar hauetan honako lehendakariak izan ditu: Joseba Colina, Xerar Urrutia, Patrick Etxeberri, Pantxo Tellier eta Olivier Duperou. Gaur egun, elkarteak berrogeita bost kide inguru ditu, eta herrian arras uztartua da.
Pausuko Pala Txapelketa – 1994
Urruñako Ihauteria. Zirtzilak Zanpantzar erretzen.
Urruñako Kabalkada-Zintzarrotsak – 2014
Elkarte honetan gauza ainitz egin eta egiten dira euskararen eta euskal kulturaren alde. Besteak beste, honako ekintzak edota ekitaldiak antolatu dituzte:
-
Marmitako Txapelketa jaien aitzineko astean, igandearekin, hau da, agorrilaren azken igandean. Luzaz egin dute.
-
Berttoliko Mus Txapelketa Mendekoste Egunean, luzaz egin dutena.
-
Pala Txapelketa Pausuko Bidasoan Euskaraz ekitaldiaren barruan.
-
Urtats gaueko afaria.
-
Duela hamabi bat urte, Urruñako ihauteriaren berpiztean parte hartu zuten Hazia elkartearekin batera. Gaur egun, Hazia-ko gazteek egiten dute eta arrakasta handiz.
-
2014an, eta Haziarekin batera, Kabalkada-Zintzarrotsak antolatu zituzten.
-
2017an Urruña Gaua izeneko karrikaldi mitologikoa antolatu zuten. Asmoa dute bi urtetan behin egitea.
Aurten, abuztuaren 26an, igandearekin, elkartearen 30. urtehurrena alaiki ospatu dute. Goizeko 11etan, Herriko Etxearen aitzinean bildu ziren eta Berttoliko aitatxi-amatxiei omenalditxo bat egin zieten. Mintzaldi laburra, ohorezko aurreskua, elkartearen banderaren aurkezpena eta bukatzeko, elkartekide den Joxemari Ostolaza Xalbardin musikariak egindako himno airoxa eta alaia abestu zuten. Biba Berttoli! izena du. Ikus dezagun: Biba Berttoli,/ hartu ta tori / hiru hamarkadaz saiatu baita / poza ematen Urruñari. // Hastapenetako dudak, / noraezeko itxurak / bilakatu ditugunak / herrigintzaren ardurak. // Marmitako txapelketak, / atunaren erosketak, / lanaz lepo, sosaz urri, / gure urteroko kezkak. // Halako batean keak, / su hartu zun elkarteak, / haren garretatik sortu / kabalkadak, desfileak. // Jostunek egin jantziak,/ ederrak dantzariak,/ eta ikusgarrienak / erraldoiak, buruhandiak.
11,30etan poteoa egin zuten plazako ostatuetan, Kuxkuxtu txarangaren laguntzaz, eta bihotzak eta muturrak berotu ondoren, elkartean bazkaldu zuten goxo, alai eta aldarte onean. Geroxeago izan ziren kantuak, dantzak eta solasak, euskaldunon artean horren ohikoa den bezala.
Informazio hau guztia elkarteko bigarren lehendakaria eta luzaz lehendakariorde izan den Xerar Urrutiak eman dit. Nire esker ona hiretzat, Xerar. Eta Berttoli elkartekoei nire zorion beroenak, hogeita hamar urte egin dituzue jadanik, ez da gutti! Jarrai ezazue horrela, euskaltzaletasuna eta euskal kultura umore onez Urruñan zabaltzen, belaunaldi berriek gogotik eskertuko baitizuete. Milesker egin eta egiten duzuen lan handiagatik eta euskarari eta euskal nortasunari ematen diezuen bultzadagatik. Milesker bihotzez. Biba Berttoli eta biba Urruña!
Berttoli elkartearen banderak
Elkarteko hainbat kide martxa abesten