JAKIZU IRITSI DELA NEGUA

Jakizu elurretan daudela jada mendiak,

piztia guztiak gure bihotzetara erretiratu direla,

lo hartu duela ihintzaren arnas zuriak.

Jakizu den orok inbentarioa egiten duela isilik,

joan zirenen haragiak hartzen dituela

hatz-muturretan ospez eta negarrez,

haizea ez dela etengo urki urdinen abaroan.

Jakizu liliak jaioko direla trenbidean,

liburuetan gatzategiak aurkituko dituztela,

ozeanoak irla bihurtuko direla eguzki berritan.

Jakizu atzo ahanzturarik ederrena dela,

geroak hil egingo gaituela maite minez,

argia izuz erdiratzen dela arrats-behera onduan.

Jakizu euria gordetzen dudala tiraderan,

mezetan zure bularrak ikusten ditudala hegan,

haurtzaroan saguzar bat irentsi nuela gordinik.

Jakizu inon ez dudala aurkitzen eman zenidan ahotsa,

bihar ere eskolara eramango dudala kattagorria,

ni beti izango naizela zure ezpainetako gurutze ttikia.

Jakizu, oi, maite, iritsi dela negua.