2018KO KIMIKAKO NOBEL SARIA, PROTEINEN EBOLUZIOAREN AHALMENA HOBETU DUTENENTZAT

2018/10/03 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber – Elhuyar Zientzia ITURRIA: ELHUYAR ALDIZKARIA

 

 

Kimikako Nobel Saria Frances Arnold-ek, George Smith-ek eta Gregory Winter-ek jasoko dute aurtengoan; lehenengoak entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik, eta beste biek farmakoak sortzeko fago erakusleen teknika (phage display) garatzeagatik. Nobel Fundazioaren esanetan, saritutako ikertzaileek “eboluzioaren kontrola hartu dute, eta haren printzipio berak erabilita gizateriaren arazo asko ebazten dituzten proteinak garatu dituzte”.

Bi estatubatuarrek eta britaniar batek jasoko dute aurtengo Kimikako Nobel Saria. Horietatik bat, emakumezkoa: Frances Arnold. Kaliforniako Teknologia Institutuan irakaslea da eta bertan eboluzioa ikertzen du, medikuntzan, kimikan zein energian izan ditzakeen aplikazioak bilatzeko. 1993an, entzimen lehenengo eboluzio bideratua garatu zuen, eta horregatik jasoko du Nobel Saria.

Nolabait, Arnoldek eboluzioaren prozesua azkartu egiten du, proteinen sekuentzian mutazioak sartuta. Mutazio horien eragina probatzen du, eta mutazio batek proteinaren funtzioa hobetzen badu, bide horretatik jarraitu eta proteina optimizatzen joaten da. Arnoldek sortutako metodologia hura finduta, orain katalizatzaile berriak sortzeko erabiltzen diren teknikak sortu dira. Entzima horiei esker ingurumena gehiago zaintzen duten substantzia kimikoak sortzen dira; esaterako, garraioaren sektore ekologikoagoa lortzeko erregaiak.

Hain zuzen, duela bi urte jaso zuen Arnoldek lan beragatik Milurteko Teknologia Saria, Teknologiako Nobel sari gisa ere ezagutzen dena. “Natura bera da munduko asmatzailerik onena”- aitortu zuen orduan. Hartan, saria jasotzen zuen lehenengo emakumea izan zen, eta oraingoan, Kimikako Nobel saria jasotzen duen bosgarrena.

Fago erakusleen teknika, botikak garatzeko metodo berritzailea

Kimikako Nobel Sariaren bigarren zatia antigorputzak sortzeko metodologia batek jaso du. George Smith nobel saridun berriak fago erakusleen teknikaizenez ezagutzen den teknika garatu zuen 1985an. Bakteriofagoak erabili zituen –bakterioak infektatzen dituzten birusak– proteina berriak sortzeko. Metodo horren bidez, proteina jakin bat kodetzen duen DNA artifizialki sartzen da bakteriofago baten azaleko proteina baten genean. Hala, bakteriofagoak proteina erakusten du azalean, kanporantz, eta erraz jakin daiteke proteinak beste zein molekulekin interakzionatu dezakeen.

Gerora, Gregory Winterrek metodo hori gehiago garatu zuen, eta farmako berriak sortzeko erabili zuen. Izan ere, proteinak zein molekulekin lotzen diren jakiteak oso aproposa egiten du teknika, esaterako, inhibitzaile entzimatikoak edo antigorputzak lortzeko. Hala, egun, farmako ugari sortzeko erabiltzen da: toxinak neutralizatzen dituzten antigorputzak sortzeko, gaixotasun autoimmuneak indargabetzen dituzten antigorputzak aurkitzeko, eta baita tumoreen antigenoak identifikatu eta diagnosia egin zein haien aurkako terapiak garatzeko.

Saritutako hiru ikertzaileek,  hortaz, proteina berriak sortzeko metodoak sortu dituzte. Eboluzioa nabarmendu nahi izan du Nobel Fundazioak: “Bizitza leku guztietara zabaldu da: ur termaletara, ozeano sakonetara eta desertu lehorretara. Hori guztia, eboluzioak arazo kimiko batzuk ebazten asmatu duelako: proteinak eraldatzen eta hobetzen joan da, dibertsitate ikaragarria sortuta. Aurtengo Kimikako Nobel Sariak eboluzioaren gaitasunean inspiratu dira eta printzipio horiek berak erabili dituzte gizateriaren arazo kimikoak ebatzi ditzaketen proteinak garatzeko”. Ikusteko dago etorkizunean zein aukera berri irekiko dituzten saritutako metodoek.

 

Lotura: https://zientzia.eus/artikuluak/2018ko-kimikako-nobel-saria-eboluzioaren-ahalmena-/

Lizentzia: CC-BY-SA 3.0