XXI. mendeko HIRI EREDUA BERRONERATZE ESKU-HARTZETAN OINARRITUTA

Hiriak, energia eta materia fluxuak eta zikloak ematen diren sistema moduan ulertuak badira, non pertsonak ingurune fisikoarekin elkarrekintzan dauden, haiek proiektatzen ditugunean, ezinbestekoa da sistema osoaren ezagutza eta ikuspegi orokor bat izatea, zati batean jarduteko bada ere.

Erdi-aroko hiribilduak ingurunearekin orekan bazeuden ere, industrializaziotik gaur arte hainbat faktorek desegonkortu dute sistema.Ordutik energia kontsumoa modu etengabean hazten joan da, horretarako jatorri desberdinak erabiliz, erregai fosilak, hasieran ikatza eta ondoren petrolioa, eta energia elektrikoa lortzeko alternatiba gisa zentral nuklearrak.

Energia eta materia ekoiztu, kontsumitu, deskonposatu eta berriro erabilgarri izan zitezen eraldatzearen ziklo orekatua industrializaziotik hona hautsi da, hainbat ondorio kaltegarri horren adierazle ditugula; batetik, airea, ura eta lurzoru kutsatuak, eta bestetik transformatutako lurrazalaren handitzea. Corine Land Cover gisako proiektuek Europar Batasuneko lurraldearen erabilera aztertzen dabiltza ingurumen arazoetan arreta berezia jarriz. Oreka, ingurumenean aztarna ekologikoarekin neurtzen da, hau da, biztanle-multzo jakin batek kontsumitzen dituen baliabide guztiak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak asimilatzeko behar den lur-zati emankorren azalera.

Errekurtsoen erabilera neurrigabeak, hondakinen kudeaketa arduragabeak, eta berotegi-efektuarekin lotutako gasen isurketak klima aldakortasunari eragiten diotenak, behartu gaituzte, hiri iraunkorragoak izate aldera, etorkizunari begira gutxiengo helburu batzuk finkatzera. Ildo beretik, Europar Batasunaren xedeen artean energia aurrezteko eta klima aldaketaren aurka eman diren urratsak aipatzekoak dira. Hirien eta ingurune fisikoaren arteko interakzio orekatua berreskuratze aldera, hiriaren eta naturaren bilakaera koordinatuaren gidari izan daitezkeen printzipioak honako helburu hauetara zuzenduko dira: lurraldearen errekurtsoen ustiapena arrazionalizatzera, modelo edo eredu energetikoa zehaztera, garraio zein mugikortasunerako azpiegituren ezarpenera, eta populazioaren zerbitzura egongo diren hornidura orokorrak diseinatzera, biodibertsitatea babestuz.

Horren harira, gure lurraldean gidalerro batzuk finkatu dira; euskarri diren lurzoruaren, uraren eta elikagaien zikloak ixtea, lehengaiak produktu bilakatu eta haien osagaien berrerabilera erraztea edo birziklatzea; energia berriztagarrien erabilera nagusitzea; landa, nekazaritza espazioen, natura esparruen, eta hiri-sarearen artean azpiegitura berdea sustatzea, gizarte-fluxuak ahalbideratuko dituena; eta garraiatzeko modu berriak konektibitatea indartzeko, trenbideen sarea indartuz, garraiobide kolektibo gisa.

Hirigintzari gagozkionez, hiri berriak egingo ez diren honetan, hedapen politikak deuseztatu direnean, eraikuntzako sektoreak duen izaera dinamizatzailea bideratuko da transformatua izan den lurzorua berrerabiltzera, “birziklatzera”, eta eraikinak birgaitzera.

Duela hamar urtera arte politika ekonomiko pribatuek hirien hazkundea gidatu zuten, eta nabarmen, 60. hamarkadatik aurrera, lurzoruaren transformazioak, hiritartzeak zekartzan gainbalioak suspertu baitzuen negozia, higiezinen sektoreari lotutako jarduera ekonomikoa. Konstituzioak berak lotzen zuen lurzoruaren erabileraren antolamendua etxebizitza eskubidea gauzatzearekin, eta herritarrei jabetzan etxebizitza eskuragarri izatea bermatu zen. Hasieran, lurzorua eraldatzeko hirigintza-jarduketen araubidean finkatua bazegoen ere, operazio horietatik sorturiko etekinak elkartearen interesen babesera ez ziren bideratu, hau da, ez zen bermatu etxebizitzak auzotan integratzea eta hauek hiria egituratuz txertatzea. Halere, helburu sozial duinak sustatzeko politikek 80. hamarkadatik aurrera eragina izan zuten; batetik biztanleei zerbitzu eta zuzkidura publikoak eskainiz, eta bestetik kalitatezko espazio kolektibo urbanizatuak, parkeak, kaleak eta plazak.

Egun, hirien hazkundearen ilusioa alde batera utzi den honetan, 50-70 hamarkaden bitartean eraikitako kalitate eskaseko etxebizitzak hobetzea erronka bat da, efizientzia hobetzearren, eta etorkizuneko belaunaldiek beren energia eta ingurumen premiei aurre egiteko daukaten gaitasuna arriskuan ez jartzearren.

Testuinguru honetan, dauden eraikinetan gauzatuko diren zaharberritze jarduketei lehentasuna emango zaie. Eraikigintzan ere, estrategia pasibo zein aktiboen bitartez, eraginkortasun energetikorako eta ingurumenaren kalitaterako parametroak kontuan hartu beharko dira. Esaterako, eraikinen inguratzailean itxiturak zaharberritzen direnean energia-eskariari aurre egiteko beharrezko neurriak hartuko dira; uraren kontsumoa murrizte aldera mekanismoak jarriko dira, eta baita ura berreskuratzeko sistemak ere. Halaber, hondakin frakzio desberdinak biltegiratzeko edukiontziak aurreikusiko dira etxebizitzetan, eta eraikinetan edo eta auzoetan hondakinen biltze sistema eraginkorragoa izate aldera.

Ingurumen-arloko kudeaketa bultzatu ez ezik, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetuko dituzten neurrien artean irisgarritasun baldintzei eragiten dietenak ere aintzat hartuko dira birgaitze esku-hartze hauetan, izan ere, oraindik igogailurik gabeko hainbat etxebizitza egon badaude.

Hori guztia ahaztu gabe eraikinen jabeek higiezinak kontserbazio egoera onean izateko betebeharra dutela. Egun badago tresna bat, eraikinaren egoera egiaztatzeko eta bere kontserbazio-gradua zehazteko, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa. Eraikinaren estalkia, zimenduak, egitura, fatxadak eta uren hornikuntza eta hustuketari buruzko informazio jaso, egon daitezkeen kalteen edo akatsen eragile izan daitezkeenak adierazi eta esku-hartzeko beharraz erabakiko du, gomendioak deskribatuz, eta horretarako epeak zehaztuz larritasunaren arabera. Gagozkion txostenean eraikinaren irisgarritasun baldintzak ere aztertuko dira, eta arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeen balioetsi. Azkenik, eraikinaren inguratzailearen eta horren berotze eta girotze instalazioen elementuen ezaugarriak adierazi eta dagokion efizientzia energetikoa ebaluatu eta ziurtatuko du.

Beraz, eraikinen narriatze egoera ekiditearren hiritarrak behartuta dauden euren jabetzakoak diren ondasunetan, ez soilik kontserbazio lanak egitera, segurtasuna, estankotasuna, eta egonkortasuna bermatzearren, baizik eta baita hobekuntza lanak egitera ere, eraikinetako irisgarritasuna eta bizi-egokitasuna bermatzeko eta energia eraginkorraren alde. Birgaitzearen ekimen hauek sustatzeko kudeaketa erraztuko duten hainbat baliabide eta programa abiarazi dira, erregioaz gaineko finantziaziotik datozenak.

Bizitegi erabilerako eraikinak birgaitzeko ekimenetatik hasi eta hiria berroneratzera bitarteko prozesuaren arrakasta lankidetza publikoaren eta pribatuaren arteko konpromisoan egongo delakoan nago. Helburua da etxebizitza iraunkorrak, funtzionalak eta erosoak, hau da, etxebizitza duinak izatea, auzoetan integratuak, hiriak egituratuz, eta lurraldea saretuko dutenak, espazio naturalekin lotuak. Eraikinak birgaitu eta hiriak berroneratzeko eta berritzeko jarduketa hauek ekonomia suspertuko dutelakoan, gizakion ongizatea ez ezik, tokian tokiko identitatea sendotzea bultzatu beharko dute, ondare naturala eta hiriguneen ingurumen kalitatea hobetuz, hiri-paisaia erakargarriagoak eginez.