ORDU ONEAN

Irudia: Orduaren arazoa poloetan

Urrian eta martxoan, ordua atzeratu edo aurreratzearekin batera, betiko eztabaidak hasten dira han eta hemen: ea ordua aldatzea komeni den, zer irabazten/galtzen den, berriro ere aldatuko al den hurrengo urtean, etab. Argindarra aurrezteko aldatzen omen dugu ordua udaberri/udazken partean. Benjamin Franklinek horrela egitea proposatu zuen jada 1794. urtean, Le Journal de Paris egunkarian… eta 1916. urteko apirilaren 30ean alemaniarrek kasu egin zioten. Bai, denbora apur bat behar izan zuen ordua aldatzeak. Beste nazio gehienek beranduago jarraitu zuten alemaniarren eredua [1,2].

Meridianoak erabili beharko lirateke, gutxi gorabehera, leku ezberdinetako orduak zeintzuk diren finkatzeko. Halere, herrialdeen arteko mugak garrantzitsuagoak ohi dira askotan orduen banaketan. Mundutik osteratxo bat egiten duenak, pauso bakarrarekin zenbait ordu irabaz edo gal ditzazke… eta pauso askorekin, egun oso bat, Phileas Fogg eta Jean Passepartouten zorionerako [3]. Baina badira munduan lekuak non orduek ez duten zentzurik: poloetan. Han, meridianoen banaketa zentzugabea da, meridiano guztiak pasatzen baitira bertatik. Shangri-La ez dago poloetan; ez zara ez, ia betiko gazte izango ezta zahartuko bat-batean handik alde egitean. Baina ordulari bat baldin baduzu, ahaztu.

Gure poloak berezi badira, Lurra bere ardatzaren inguruan biraka ari delako da [4]. Esfera batean edozein puntu har liteke jatorritzat, ezer ez baitago bata besteatik bereizteko. Aldiz, biratzean, ardatzetik pasatzen diren bi puntuak “berezi” bihurtzen dira (xehetasuna: poloak gertu daude biraketa ardatzetik, ez zehazki gainean) eta orduak antolatzeko erreferentzi-sistemaren jatorri egokia dira.

Erreferentzi-sistemen jatorria puntu berezia izaten da maiz. Adibidez, objetu batean jatorri bat aukeratzen badugu eta objetua jatorritik pasatzen den edozein ardatzaren inguruan biratu, puntu guztiak mugitu egiten dira jatorria izan ezik. Hau oso era literario eta politan deskribatu zuen Umberto Ecok Foucaulten pendulua deskribatzean: unibertsoko puntu guztiak, pendulua eusten duen soka eskegita dagoen puntuaren inguruan biraka ari dira etengabe. Eta puntu hori absoluto bat da, unibertsoko puntu finko bakarra. Baina zer gertatzen den Foucaulten bi pendulu badaude? Bai, tamalez, horrelako galderekin, hor gaude beti zientzialariak estetika, harmonia, erromantizismoa eta poetikotasuna akabatzen.

[1]https://afines.com/cambio_horario_verano_invierno/

[2] https://theconversation.com/ete-hiver-petite-histoire-des-changements-dheure-56820

[3] https://eu.wikipedia.org/wiki/Munduari_bira_80_egunetan

[4] Beno,egiaren izenean esan behar dut Lurra biraka dabilela esatea suposaketa bat besterik ez dela, eta ziurrenik biratzen ari den Lurrean bizi diren izaki guztiek ez dutela biratzen ari dela sinesten, agian zorabiaturik daudelako. Ikushttp://www.unibertsitatea.net/blogak/fisika/2013/02/08/jirabiran/