Orburua, Cynara scolymus L. Asteraceae. Alcachofa deitzen zaio gaztelaniaz. Manuel Larramendik dio orburua edo orriburua orrien burua esan nahi duela, hau da, landarearen inbolukroa, jaten diren orriek osatzen dutena, alegia (Manuel Larramendi. Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia. 1745).
Afrikako iparraldean du sorburua. Landare belarkara, iraunkorra. Zurtoin tentea, ildokatua, latza, bi metro goierakoa izan daiteke. Hosto-erroseta sortzen du lehen urtean, hostoak pinatu-lobulatuak, 1-1,3 metro luze eta 0,5-0,6 metro zabal, zurixkak, azpialdea tomentua, ile motz eta sarriak, nerbiazio oso nabarmena. Bigarren urtean, errosetaren erditik zurtoin sendo ildokatua sortzen da, 1,5-2 metrokoa, hosto txikiagoak, lobulatuak eta eseriak dituena, gainaldea berde iluna, azpialdea berde zurixka. Zurtoinek kapitulu handi ikusgarriak osatzen dituzte muturrean. Kapitulu horiek brakteaz inguraturiko errezeptakulu mamitsuak dira. Brakteen oinarria eta errezeptakulua dira, hain zuzen, jaten ditugun landarearen atal gozoak. Tutu-formako loreak, urdinxkak edo biolazeoak. Baratzetan hazten da. Larrekoa ere bada. Negua bukatzean, zurtoinak berriz ere ateratzen dira. Tenperatura handiegieak ez ditu gogoko. Udaberrian jasotzen da.
Klima epeletako elikagaia da eta antzinatik landatzen da. Orburu freskoen denboraldia udazkenetik udaberrira izaten da. Kalitate gehien duten orburuak pisu gehien dutenak dira, eta hostoak hestu dituztenak. Orburua belarrira gerturatu eta eskuekin estutzean karraska soinu bat entzuten badugu, orburua fresko dagoela esan nahi du. Merkatuan freskoa, izoztua eta kontserban aurkitu dezakegu, osorik edo zatituta.
Urez gain, orburuak gehienbat karbohidratoz osatuta dago (100 gramotik 2,9 gramo), bereziki inulina eta zuntza. Elikagaietako karbohidrato ohikoena da inulina. Substantzia hori organismoan metabolizatu eta fruktosa sortzen du, gorputzak intsulinaren beharrik gabe asimilatu dezakeen azukrea. Hala, orburua diabetes gaixotasuna dutenen dietaren parte izan daiteke.
Zuntzean aberatsa denez, asetasun sentsazioa ematen du; halaber, hestetik igarotzea laguntzen du, beraz, idorreriaren aurka eragina du.
Gehien bat, ondorengo mineral hauek ditu: sodioa, potasioa, fosforoa eta kaltzioa. Bitaminei dagokienez, B1 eta B3 bitaminak, eta kantitate gutxiagotan C bitamina ere. Nolanahi ere, orburuaren osagaien artean zinarina da gehien nabarmentzen dena. Izan ere, orburuak zinarina asko eduki ez arren, substantzia horren onura fisiologikoak handiak dira. Zinarina efektu koleretikoa eta diuretikoa duen substantzia azidoa da. Gainera, kolesterolaren eta bestelako lipidoen sintesi endogenoa ekiditen du, eta kolesterolaren iraizketa gehitzen du. Orburuaren esterolek, bestalde, hesteetatik kolesterol gutxiago xurgatzea eragiten dute. Bestetik, orburuaren zuntz kantitate handia dela eta, flatulentziak sorrarazi ditzake, gehienbat digestio pisutsuak dituztenei.
Nork ez du entzun inoiz edo behin orburuaren dieta ospetsuaz hitz egiten? Barazki honetan oinarrituriko dietak eta nutrizio osagaiak ugariak dira; ondorioz, arazgarriaren izena ematen zaio. Besteak beste, hurrengo onurak eskaintzen ditu: ekintza diuretikoak (likidoak kanporatzen laguntzen du), asetze-efektua (zuntz asko duelako), LDL kolesterolaren (kolesterol txarra) oxidazioa prebenitzen du bere osagai antioxidatzaileen ekintzari esker.
Dieta bat elikagai bakarraren inguruan antolatzen denean, mantenugaien defizitak sortzen dira, horregatik, monodietak (elikagai batean oinarritutakoak, hala nola orburuaren dieta) eta mirari dietak baztertu behar dira. Elikadurarik hoberena, neurrizko kantitatean elikagai-barietate handia eskaintzen duena da, eta hori, egunero, jarduera fisikoa eginez lagundu behar da.
Nafarroako Erriberako orburua da oso estimatua. Berariazko forma dela eta, baratzearen lorea kontsideratzen da. Tuterako orburua Kalitateko Jatorrizko Deiturak babesten du, eta Erriberako zenbait udalerritan lantzen da. Blanca de Navarra izeneko orburua landatzen da. Barietate hori besteetatik bereizten duen ezaugarria da bere forma biribildua eta goiko aldean duen zulo zirkularra, hostoak ez baitira elkartzen lore-burua ixteko. Zurtoina, bestalde, 15-20 zentimetrokoa da.
Orburu-uzta ona lortzea ez da lan erraza. Ez du hotza maite. Lur aberatsak behar ditu, ongarri organikotan, batez ere.
Orburu landarearen ugalketa altsumen bidez egiten da, sustraien goiko aldean hazten diren pujen bidez, alegia. Udaberrian, metro koadroa gutxi gorabehera tartea utziz, bi altsuma zuloko landatu. Jorraldi ugari behar ditu. Neguan, lasto, belar edo abarrez babestu. Uzta ondoren, landare osoa ebaki 30 zentimetrora. Barraskilo eta satorren erasoetatik babestu. Urtero ongarritu. Uzta udazkenean egiten da. Landare bakoitzeko 10-25 lore. Hiru urtetik behin landareak berritu ohi dira, baina 6 urtera arte ere etekin egokia lor daiteke. Sukaldaritzan orburua frijitua, egosia, menestren osagaia, txirlekin edota urdaiazpikoarekin jan daiteke. Prestatzeko milaka modu daude.
Landaketa abuztuaren hasieran egiten da. Bilketa eskuz eta tarteka egiten da: eskuarki, udaberrian zazpi edo zortzi egunez behin, eta sei egunez behin udazkenean.
Antzinatik orburu egosiak eta infusioak erabili izan dira sendatzeko: tonikoak, digestio-laguntzaileak, diuretikoak, erreumaren aurkakoak, gibelaren babesleak dira.
C bitaminaren oxidazioa saihesteko eta, ondorioz, aireko oxigenoak orburua belztu ez dezan, orburuak limoi tanta batzuez zipriztintzen dira.
Proteinatan, potasioan eta fosforoan aberatsak diren brakteak eta errezeptakulua jaten ditugu. Nafarroako zenbait lekutan, berriz, orburuak egosten erabilitzen den ura gordetzen da, eta apurka-apurka edaten da, diuretiko gisa, gibela babesteko edota digestioa egiten laguntzeko.
Gaur egun, hostoen zukua eta hautsa gibelaren eta behazun-besikularen gaitzei aurre egiteko hartzen dira. Izan ere, behazun fluxua erregulatzen laguntzen du. Horrez gain, odoleko lipidoen maila jaisten du, eta gibela babesten du. Beraz, landarearen hostoak digestio arazoak direnean erabiltzen dira, eupeptikoak, koleretikoak, koalgogoak eta antiemetikoak baitira. Eragin terapeutiko horiek zinarina, azido klorogeniko eta laktona seskiterpenikoak izeneko konposatuek ematen dizkiete.
Hostoez gain, erreuma eta hezueria tratatzeko sustraien egosketaren ura hartzen da, pixeragilea baita. Halaber, erreumari eta diabetesi aurre egiteko hostoen zukua hartzen da.
Oharpen gisa, orburuak esnearen jariaketa gutxitzen du. Gainera, landareak dituen osagai mikatzak amaren esnera pasa daitezke, eta esneari zapore desatsegina eman. Horregatik, titia ematen duten emakumeei orburua ez hartzea aholkatzen zaie.