Uztaritzek badu historia luze eta aberatsa eta gainera luzaz Lapurdiko hiriburua izan da. Uztaritzen biltzen zen Lapurdi gobernatzen zuen biltzarra. Gaur egungo haizeek Baiona hiri handiaren alde ufatu dute eta Lapurdiko eta Iparraldeko hiri nagusi bilakatu, baina uztariztarrak ez dira historia ahazteko prest, eta Uztaritzen kapitalitatea aldarrikatzen dute, behin eta berriz. Batzuetan serios, bestetan erdi txantxetan eta horixe da Uztaritzek aurten jokatu duen kabalkada-tobera ederrean egin duena.
1.- Euskal tradizioak Uztaritzen.-
Uztaritze beti izan da euskal besta, dantza eta tradizioen gordailu eta hedatzaile aparta. Erraiten dudanaren lekuko urtez urte eta arrakasta handiz egiten duten inauteria dugu, edo aurten arte egin izan duten Lapurtarren Biltzarra izeneko besta aldarrikatzailea. Dantza-jauziek leku handia hartu dute uztariztarren nortasunean; XIX. mendean edota XX. mendearen hastapenetan, Pierre Hiriart Arruntzako arrabita-joleak, Jean Olhagarai xirulariak, Pierre Sokodiabehere klarinete joleak, Pierre-Paul Dospital pistoi-joleak eta beste hainbatek biziki lan ederra egin zuten aipatu arloan.
1933tik aitzina, Uztaritzera joandako Aita Hilario Olazaran kaputxino baztandarraren bultzadaz, zazpi euskal lurraldeetako dantzak erakutsi zitzaizkien herriko gazteei. Les labourdins elkartearen gerizpeko Mixel Labeguerie, Donetx apeza, Simon Telleria, Jeannot Nesprias, Pako Pagoaga, Jeannine Laffitte… izan ziren garai hartako irakasleetako batzuk. Eta horrela, ildo horri jarraituz, 1964. urtean Izartxo taldea sortu zen. 1968an, hau da, duela berrogeita hamar urte, eta Koldo Zabalaren laguntzaz, izen bereko dantza taldea sortu zuten Les laburdins elkartearen barruan.
1976an elkarteari izena aldatu zioten, eta horrela Errobiko Kaskarotak elkartea jaio zen. 1985ean ohiko Zanpantzarri berritasun zenbait egin zioten, sorkuntza berriak sortuz. 1996an inauteriaren kari, Hartzaro festibala plazaratu zuten lehen aldiz. Aurten, berrogeita hamar urte betetzen ditu Izartxo dantza taldeak, eta urteurrena ospatzeko kabalkada-tobera antolatu dute.
2.- Kabalkadaren nondik norakoak.-
Urriaren 13an eta 21ean izan ziren kabalkadaren bi saioak eta bietan, eguraldi ederra lagun, harmailak jendez gainezka egon ziren. Ni bigarrenera hurbildu nintzen. Arratsaldeko 3,30etan karrikaz karrikako ibilaldia izan zen, eta kantatuz eta dantzatuz, arratsaldeko 4etan jendez mukuru zen plazara sartu ziren. Arratseko 7etan bukatu zen.
Berrehun bat lagunek parte hartu dute kabalkada honetan, era guztietako lanak eginez. Aipa ditzagun Jose Cazaubon eta Arantxa Lannes koreografoak, Aritz Bidegain tobera-idazlea, Rémy Gachis musikaria, Hervé Estebetegi taula zuzendaria, Mikel Etxeleku, Pantxo Camboulives eta Laurent Askarain soinu teknikariak, Roger Hirigoien zenografoa, Michel Palmiero argazkilaria…. eta abar luze-luzea.
Aritz Bidegainek tobera hiru agerralditan banatu du, eta hiruetan dantza, koreografia eta kantu ugari izan dira. Tobera zaharrek gupidagabeko kritikak egiten zituzten, moral zaharretik urrun ziren jokaerak gogorki salatuz. Bi gerla handiekin toberak ia desagertu ziren Lapurdin eta Baxenafarroan, eta hirurogeiko hamarkadan berriz piztu zirenean, bi molde edo bide ezberdin nabarmendu ziren. Batzuek agerraldietan herrian izandako gertakizun bereziak ekartzen zituzten gogora nolabaiteko kritika eginez, eta besteek istorio bat edo zenbait istorio, batzuetan asmatutakoak, kontatzen zituzten. Bai molde batean eta bai bestean, bukaeran epaileak bere deliberoa ematen du.
Uztaritzeko kabalkada honetan bigarren bidea hartu dute, hau da, balizko egoera bat eta horren inguruko hainbat kontu asmatu dituzte. Gaia hauxe izan da: 2118. urtean Euskal Herriak independentzia atzeman du eta lehen Euskal Errepublika sortu. Errepublikak epaile nagusi bati zazpi lurraldeetako hiriburuak zein diren erabakitzeko eskatu dio, eta Lapurdin erabaki beharra dago Baiona eta Uztaritzen artean. Uztariztarrek horrela eskaturik, Euskal Herriko epaile nagusia, andere abokata, jaun fiskala eta andere uxera Uztaritzera hurbildu dira, lekukoak entzutera eta deliberoa hartzera.
Gidoi horri jarraituz, egituratu ditu Aritz Bidegainek hiru agerraldiak, umorezko istorio biziki bitxiak asmatuz. Uztariztarrek lekukotasun faltsuak asmatu dituzte euren xedea atzeman ahal izateko. Horietako batean Paleolito Aroko uztariztarrek sua eta oinarrizko elikagaiak aurkitu zituztela azaldu digute umorezko kolpe handiz.
Beste batean Hegoaldean guardia zibilen aurka izandako borroketan uztariztarrek ere parte hartu zutela adierazi dute koreografia eder baten bitartez. Aipatu beharra dago bigarren agerraldian dantzatu zuten fandango luze, eder eta paregabea.
Hiru agerraldien bukaeretan eta ohikoa den bezala, bertso saio laburrak izan ziren. Ramuntxo Cristy eta Maialen Arzalluz aritu ziren horretan trebezia handiaz.
Azken agerraldian lekukotasunak faltsuak zirela garbi gelditu zen eta Uztaritzen Paleolito Aroan gertatu omen ziren kontu horiek guztiak ez zirela Uztaritzen gertatu, Izturitzen baizik. Epaile nagusiak bukatzeko eta afaltzera joateko gogoa omen zuen eta delibero bitxi samarra hartu zuen publikoaren harridura piztuz: hortik aitzina Lapurdiko hiriburua Izturitze izanen zen. Alferrik erran zion fiskal jaunak Izturitze Baxenafarroa dela, eta ez Lapurdi. Epaile Nagusia gasteiztarra zen eta ez zuen Iparraldea ongi ezagutzen. Hala eta guztiz ere, presatua zenez, bere deliberoari atxiki zion.
Horrela bukatu zen tobera, irri eta algara handien artean.
3.- Nire iritzia Uztaritzeko kabalkada-toberaz.-
Niri biziki kabalkada-tobera ederra iruditu zait. Istorioa ongi antolatua eta garatua izan da. Agerraldietan azaldutako istorio ttikiak, edota kantu eta dantzak, alaiak, ederrak eta ikusgarriak iruditu zaizkit. Umorea izan da tobera honen ezaugarri handia: hitzak, keinuak, mugimenduak, kantuen letra moldatuak… hasieratik bukatu arte errepikatu dira, biziki giro polita eta alegera sortuz. Jendea loriatua zen.
Pena eman dit fikziozko istorioa 2118an finkatu izana. Ehun urte beharko ditugu independentzia lortzeko? Eneee! Horrela bada, urte horretarako, gaurko martxa ikusita, ez dugu ez euskararik eta ez Euskal Herririk izanen. Euskal Errepublika mende honen erdi aldean atzeman beharra daukagu, hil ala biziko egoera larri honetatik atera ahal izateko. Eta atzeman, atzemanen dugu. Agian, Aritz Bidegainek idatziriko toberan bezalaxe, Euskal Herriko epaile nagusiak Lapurdiko hiriburua zein den aukeratu beharko du: Uztaritze ala Baiona, eta ene aburuz, ez da hautu erraza izanen. Izturitzek, berriz, Baxenafarroan jarraituko du.
Kabalkada-tobera ederra izan da, bazterrak alaitu dituena, jendea poztu duena. Hazia ongi erein dute Uztaritzen, zinez, eta heldu den urteetan bestelako uzta ederrak ikusiko ditugulakoan nago. Denborak erranen. Zorionak, modu batean edo bestean, parte hartu duten guztiei. Kabalkada-tobera indar handia hartzen ari da azken hamarkadan Lapurdin eta Nafarroa Beherean, kalitate handiko toberak, gainera. Heldu den urterako hiru kabalkada ari omen dira prestatzen, lehena Aiherran, bigarrena Itsasun eta hirugarrena Ainhiza-Monjolose, Gamarthe eta Lakarreko herritarren artean. Beraz, 2019an izanen dugu zer ikusi eta zer goza.
Joseba Aurkenerena Barandiaran
Urruñan, 2018ko urriaren 28an.