Zertarako balio du klitorisak? Zeren antza du? Zergatik dago hor? Oraindik badago bere buruari galdera hauek egiten dizkion jende asko, klitorisak ezezaguna izaten jarraitzen duelako gaur egun ere. Hau egiaztatzeko froga bat egin nahi duzu? Eskatu iezaiozu jendeari klitorisari buruz dakiena kontatu dezala edo marraztu dezala eta zer gertatzen den ikusiko duzu. Badute klitorisari buruz hitz egiteko zakilari buruz hitz egiteko duten erraztasun berdina, adibidez?
Kristautasunaren morala erotika ugalketara mugatzen saiatu da beti eta klitorisa, baginaren kanpoan dagoenez eta horretarako beharrezkoa ez denez, ahaztua eta gutxietsia izan da beti. Gizon gutxik izaten dute kontuan baina klitorisa emakumeen plazerrerako sexu organo garrantzitsuena da. Honen zeregin bakarra plazerra eskaintzea da, zakilarena ez bezala, ugalketarako funtzioa betetzen baitu ere. Emakumeek zonalde erogeno gehiago ditugu, baina denek bestelako funtzioak badituzte ere, klitorisak, ez.
Emakumeen plazerraren ikur honek historia luzea du eboluzio eskalan. Duela miloika urte, narrastiak agertzearekin batera, nerbio bukaera kopuru handia zuen egitura sentsible bat sortu zen; klitorisa. Honen funtzio nagusia emeari plazerra eskaintzea zen, penetratua izan zedin utzi eta sexu harremanak errepikatzeko gogoa izan zezan. Ikusi dezakegunez, naturak eta eboluzioak egitura hau sortu eta miloika urtez bizirik mantendu du.
Narrastiek ez zuten baginarik eta horregatik arrek haien zakilak emearen kloaketan (kaka egin eta arraultzak askatzeko tokia) sartzen zituzten. Aurrerago, ugaztunak agertzearekin batera, emeek umetokia garatu zuten, kumeak haien barrenean hobeto babestu eta elikatu ahal izateko. Ikus dezakegunez, baginaren sorrera, klitorisarena baino beranduago eman da espezieen garapenean eta honen funtzioa erreproduktiboa da gehien bat.
Animali guztietan, narrasti eta ugaztunetan bezala, klitorisa hezur bati itsatsia dago, zakila sartzean, klitorisa igurtzea bermatuz. Gizakien kasuan, bi hanken gainean oinez hastearen ondorioz, emeetan klitorisa baginatik urrundu zen, aurreraka mugituz. Zein da ondorioa? Arraren sarketan ez zela klitorisa zuzenean estimulatuko. Eta hau da gaur egun jasaten jarraitzen dugun arazoetako bat; emakume askok kontsultetara jotzen dute, anorgasmia edo frigidotasuna dutelakoan, baina zailtasun hauek haien gorputzen eta erotikaren ezagutza falta baino ez dira.
Harreman erotikoen inguruan dagoen penetrazioaren esklusibitatearekin, klitorisa guztiz alboratuta geratzen da, zakila eta bagina izanda harremanetan protagonista nagusiak. Berriro ere, moralak sortzen duen eta ugalketara mugatzen den eredu erotikoetara kateatuta jarraitzen dugula ikusten dugu.
Baina baginak ez du ia sentsibilitaterik eta ugaztun gehienen artean (katu, txakur eta elefante emeak kasu) ugalketaren plazerra zakilarekin klitorisa igurtzearen ondorioz dator. Hala ere, klitorisaren egitura ez da bakarrik kanpotik ikusten duguna; pertsona gehienek kanpoko burua ezagutu ohi du, glande izena duena, baina hori “iceberg”aren tontorra besterik ez da. Klitorisa emakumearen barrutik doan eta uretra eta baginaren gainean kokatzen den zerbait konplexuagoa da; atal hau oinarrizkoa da emakumeen plazer erotikorako. Horregatik, baginaren sarreran sentsibilitatea nabaritzen badugu, klitorisaren nerbio bukaerak nabaritzen ariko gara.
Emakumeen plazerra baginari lotuta doala pentsatzen jarraitzen duenari, Interneten bilatu eta irakurtzeko gonbitea luzatzen diot. Errez aurkitzen ahalko du klitorisaren benetako jatorriari buruzko informazioa. Emakumeen plazer iturri nagusia penetrazioan dagoela uste duten gizonei, lagundu eta gidatu; erakutsi zein den gure benetako plazer iturria.
Irune Iturbide Oloriz, Haur Hezkuntzako Irakaslea eta Sexologoa, OEE-rekin elkarlanean.