Martxoaren 8a eta aitzakia horrekin Puntueus Fundazioak mahai-inguru batetara gonbidatu ninduen. Izenburua: Non dago emakumea ingurune digitalean?. Ez da galdera berria eta e-makumeak taldearen blogean aurkitu ahal izango dituzue Informatika Ingeniaritzako ikasketetan emakumezkoen parte hartzea erakusten duten hainbat artikulu.
Nazioarteko fenomenoa izan da orain dela 15 urte hasi zen informatikako ikasketetan emakumezkoen presentziaren beherakada eta askotan pentsatu da emakumezko ereduak erakutsi behar direla, neskek ikus dezaten informatika barruan emakumezkoek duten garrantzia. Horrelakoetan , Ada Lovelace (1815-1852), lehen programatzailea (eta ez lehen emakume programatzailea hainbatetan esaten den bezala, bere aurretik ez baitzen gizonezko programatzailerik izan), ENIAC (1946) eta UNIVAC (1951) konputagailuetako emakumeak, Edit Clarke (1883-1959), Grace Murray (1906-1992), Telma Estrin(1924), Evelyn Boyd Granville (1924), Ròzsa Peter (1905-1977), Jeane Summet (1928), eta abar aipatu ohi dira.
Beste batzuetan egun bizirik dauden eta karrera aipagarria egin dutenak aipatzen dira, Jeri Ellsworth(1974 -), autodidakta txipen diseinuan, eta C64 Direct-to-TV txiparen asmatzailea, Mary Lou Jepsen(1965 -), Eramangarri Bat Haur Bakoitzeko (One Laptop Per Child, OLPC) proiektuaren fundatzailea eta teknologia saileko zuzendaria, Pixel Qi-ren fundatzailea, Frances E. Allen (1932 -), ACM Turing saria jaso zuen lehen emakumea, Iratxe Esnaola Arribillaga (1981 -), PuntuEus elkartearensortzaileetako bat izan zen, Arantza Illarramendi, Espainiako Informatika Zientifikorako Elkarteak ematen duen “Urteko Informatikariari eskainitako Aritmel Saria” jaso zuen lehen emakumea (SCIE)datu-baseen arloan egindako lanagatik, Marissa Mayer (1975 -), Google enpresako lehendakariordea Bilaketen eta Erabiltzaileen Esperientziako sailean, Luz Castro (1972 -), Ada Byron saria jaso zuen, Galiziako Ingeniari Informatikoen Elkarte profesionalak emandakoa, Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Anton Abadia saria jaso zuen Ixa taldearen izenean.
Nik gaur, aipamen berezia egin nahi diet edozein kaletan edozein unetan, informatikariak direla jakin gabe ere, alboan izan ditzakegun horiei. Izenik ez daukaten horiei. Hemen ere ez ditut haien izenak aipatuko, izan ere ez dut denborarik izan haien baimena eskatzeko. Baina argi dago gure gizartearen sistema honetan haien lana oso garrantzitsua dela. Batzuk haien enpresa propioa sortzeko adorea izan dute, adibidez, elurnet @elurnet, Ttiklik @Ttiklik, Oretek; software librearen bultzatzaile dira batzuk; beste batzuk analista eta garatzaile moduan dabiltza hainbat enpresatan; aholkularitza lanak egiten dituzte beste askok; ikerketan dabiltzanak ere ez dira gutxi, adibidez hizkuntzalaritzan elekanedo IXA taldean, hainbat unibertsitatetan hemen eta atzerrian, Vicomtech (ikusmenaren inguruan) edo Ikerlan bezalako ikerketa zentroetan, bioinformatikaren munduan, musikaren sorkuntzan, eta abar; eta beste hainbat eremu espezializatuetan lanean dabiltzanak, adibidez Big Datan, irakaskuntzan, segurtasun informatikoan, sistema txertatuetan, aeronautikan, sare eta sistemen kudeaketan, eta abar, eta abar.
Gustatu egin zait e-makume horiek beren lana azaltzen dutenean gehienetan agertu dela zein garrantzitsua zaien jendearekiko harremana. Ildo horretatik, atzo gure ikasketak azaltzen egon nintzen institutu batean eta neska batek esan zidan berak ez zuela informatika ikasiko ez zaiolako gustatzen horrenbeste denbora pasatzea konputagailu baten pantailaren aurrean, horregatik osasun zientziak egingo zituela. Baztertu mesedez arrazoi hori, bi ikasketa horiek hain zabalak izanik, batean zein bestean profesional batek eman ditzake bere egunak pantaila baten aurrean jo eta ke edo egunaren parte oso handi bat pertsonekin tratatuz.
Informazio hau guztia nire ezagutza pertsonaletik eta Donostiako Informatika Fakultateak Linkedinsare profesionalean duen taldetik ateratakoa da. Fakultatetik ateratako emakume informatikarien parte txiki bat besterik ez da hau. Sare horretan 60 emakume inguru azaltzen dira eta lanean gabiltzan Euskal Herriko emakume informatikari tituludunak mila baino gehiago gara. Gure artean ere, eta egiten dugun lan informatikoa ezagunagoa izan dadin, talde horretan sartzera gonbidatu nahi zaituztet.
Iturria: https://www.sarean.eus/atzoko-eta-gaurko-emakume-informatikariak/