“ZIKIRO” HITZAZ, ERNE, BIZIRO:

Aragoi aldean “ciclón, ciglón, ciquilón” eta gisako aldaerak erabiltzen dira “eunuco, castrado, capón” adierazteko. Baita Nafarroan ere, hasi Erronkari aldetik eta Artaxoaraino. Ikusi besterik ez Fernando Maiorak 2006an atera zuen Artaxoako hitzak eta lurrizenak liburuko lexikoa. Edo nahiago baduzu, hona bere hitza zuzenean: Txikilon en Artajona es el cabrón al que le faltan los cojones, debido a que no le han bajado, se le quedan arriba. Recuerdo que a un chaval de Artajona con once o doce años, tuvieron que operarle y “bajarle” un “güevo”, y todo fue debido a que se dio un golpe en los cojones con el bordillo de la piscina del pueblo. Otros llaman txikilon al cabrón que sólo le ha bajado un “güevo”. Nola esan garbiago, nahiz egia osoak eta klaroak beti zakar iduri, batez ere, haren erdirik xurienera ohitua dagoenari.

Eta begien bistakoa da, erro berbera dutela, gaur oraindik euskaraz ere hitzetik hortzera erabiltzen ditugun “zikiro” edo “zikiratu” hitz edo aditz hain normalduek ere: arabierako sígláb hitza hain zuzen, sorreran esklabo (<eslabo) baino esan nahi ez zuena, esklaboak (< eslaboak) zikiratu egiten omen zirelakotz.

Filologo adituek diotenez, hitz hau ez omen da ageri XV mendea pasaxe arte hizkera latinoetan, eta euskaran “zikiro” are beranduago. Gurean erabat artzantzari lotutako hitza denez, horra beste sinale garbia, abeltzantzako gure merkatu nagusian artzantza berandu samarrekoa dela erakusten duena, menderen mendetatik zetorren behiaren nagusitasun erabatekoaren aldean.

Gauza jakina da Ertaroan alemanek, lurralde eslaboak konkistatu eta bertako mutilak menpean hartu ondoren, giza merkatu hagitz ongi egituratua sortu zutela Andaluziako Kordobaraino. Pragatik Fraintzira, handik Rodanoa behera Narbonaraino. Tortosan katalanek erosi eta andaluzei saldu. Gero Kordobako Lucena herrian zikiratzen omen zituzten, bestela, bidean erdiak galduko ziren beldurrez. Izanez ere, orduan oraindik Ipar Europan deus gutxi baitzekiten zikiratze, zirujia eta sendatze kontuetan, eta moroak berriz maisu izaki ofizio bilau honetan.

Ikus interneten esklabo (<eslabo) hitzari buruzko etimologia, gure zibilizazio xelebre bezain krudel honen mila aberrazioetako bat gehiago ikasi bidenabar. Nik ere hantxetik atera baitizut euskarazko gure zikiro hitzaren etimologia nondik datorren.

Baina erne: zikiro, ahariko irendua besterik ez da euskal usarioan. Erruz erabilia gainera gizon klase jakin baten “gaitzizen” gisan. Leitzalarrean hagitz ezaguna zen Urkizu aldeko artzain mutilzahar koplari harena datorkit: “Ahari zuri”, zentzu berberean baina hagitzez eleganteago esana. Eta nire igarletzan arrunt erraturik ez banabil, erdarazko lexikoan “carnero” baino ez dena harakintzan; zikiratu gabeko “cordero” ez beste guzia, alegia, eta ez inondik ere egun uste dugun hazitarako edo estalketarako ahari huts. Berriz ere Fernando Maiora ikerle finak bildutako testigutza eder hauxe lekuko: Ultzama, Eltso, 1778: un vecino con el apodo de Chiquiroburu que significa cabeza de carnero (Euskera, Lengua Inteligible, 181 or. ) . Horra aurreko izengoiti leitzar berbera, baina askoz ere zuzenago eta gordinago esana. Eta eremu semantiko beretik atera gabe, lehengoan aditzen nion anaia zahar jubilatu berriari, zikiro-kuluska egin omen zuela, bapo gosaldu ondoren; edo zikiro-siesta, ulertzeko errexago egiten bazaizu. Baina holako erlikiak gure hiztegian jasotzeko, zikiro konplejo haundiskoa izaki nonbait, gure euskaltzain gidari xuriok.

Bai zikiratu aditzaren hedadura semantikoa ardi generotik beste guzietara zabaldua dela dirudi, non zekor, zaldi, mandar, astar, zerri ordots, aketo, zakur ar, katar edo oilaskoa bera ere zikiratu egin diren euskaraz joan den laurehun urtez, gutxienez. Eta zikiratu aditzaren usario eta hedadura berri honek, badirudi lehengo irendu zaharra zokoratu egin zuela, alemaniar eslabo zikiratzaile haien merkatuak ugaldutako lexiko berria gailendu ahalean, batez ere artzaintzan, zikiro hitza bera lekuko. Baina nahiz gure naziogile fantastikoek hain garbi eta puru mitifikatu artzaintza gurean, moroen lexiko arabiarrak izan duen eragina ez da  zikiro hitzean bukatzen. Leitzan edo Goizuetan bertatik atera gabe, begira Arrabatenea  edo sakia hitzak, hurrenez hurren, honako liburuotan: Goizuetako dokumentu zaharrak 101 or, eta Leitzalarreko unaiak 252 or., atzeneko honetan, ahal baduzu, guzia esplikatzen duen 254. orriko irudia ere, maketagileak lekuz kanpotu zidana, berriz atzera 253 orriko kontestura ekarriz.

Bukatzeko esan, zinez eskertuko nizukela, guzi honi buruzko argi finagoa, neure hemengo okerrak zuzendu bidenabar. Oharra: hemen leitu duzun artikulua osoagoa da, lehengo hau baino: https://www.diariovasco.com/culturas/zikiro-hitzaz-erne-20180113124616-nt.html