MANEX ETA HESIA

Urte hartako irailaren bukaera aldean, Manexen baserrian, gurasoek karabina bat erostea erabaki zuten, seme-alabek hainbestetan adierazitako nahia asetzeko. Gauzak horrela, Manex ere noizbait txitean-pitean hasi zen karabina hura hartzen eta erabiltzen.

Horrela, bada, zorioneko egun batean, arratsalde erdi inguruan, beste baserri baten ondoan zihoan mutikoa, karabina aldean zeramala, eta, bat-batean, zozo beltz bat ikusi zuen hesi batean pausatzen.

Hesi hura, ordea, ez zen nolanahikoa, hasteko, oso leku aldapatsuan zegoen, jarraitzeko, arrunt zabal eta garaia zen, alegia, hagitz sasi, sastraka eta elorri beltz handiak zeuzkan, eta, bukatzeko, sakonune edo mendi zoko handi samar batean zegoen kokatuta.

Horiek horrela, baserritar txikiak berehalaxe egin zituen bere ohiko kalkuluak, eta, horren ondorioz, lau hankan jarrita, hasi zen hurbiltzen zozo beltza pausatuta zegoen elorri aldera, aldapan gora, kontu handiz eta ahalik eta isilena. Karabina, aldez edo moldez, arrastaka zeraman lurrean, eta hura ez zen lan makala, alajaina!

Leku egokira iritsi zela begitandu zitzaionean, han gelditu, eroso jarri, karabinarekin zozoari apuntatu eta tiro egin zuen.

-Hara! Jo egin diat eta! Hau gozamena, arraioa! –bere baitan, pozak erotu beharrean.

Zozo beltza adarretatik behera erortzen ikusi zuenean, Manexi pozaren pozez jarri zitzaion bihotza. Karabina hantxe bertan, lurrean utzi, zutitu eta abiada bizian hasi zen joaten hegaztia erori zen aldera. Goitik begiratu eta sakonunean ikusi zuen lumaduna, zauritua, antza denez, oraindik pixka bat mugitu egiten baitzen. Baina, beheraino iristeko, lehenik eta behin aldats piko bat jaitsi behar zuen, belar luze eta sasi ugariren artean. Nola edo hala, saiatu egin behar eta mutikoa hantxe hasi zen jaisten arin samar, harik eta bare bat zapaldu zuen arte. Sobran dago esatea zer gertatu zen: laprast egin eta laharren artean bi bat metroan arrastaka joan zen beheraino.

-Arraio mila demonio! Ai, ai, ai eta milatan ai! –esan zuen mutikoak oihuka, haserre baino haserreago-. Jainko maitea! Eta orain nola atera behar dut nik hemendik?

Izan ere, zulo haren erdian, erdi lotuta gelditu zen lurrean gizagaixoa, sastraka, elorri eta asun haien artean. Gainera, azken haietako batzuek besoak eta zangoak erresumindu zizkioten, eta, sasiek eta elorriek, berriz, harramazkak egin aurpegian eta lepoan. Arropan ere urratu bat edo beste ez zen falta, eta, hori guztia gutxi balitz bezala, ipurdian ere ziztada mingarri batzuk sumatzen zituen. Baina, hala ere, jasan egin behar!

-Akabo! Nireak egin dik! Malda zikin madarikatua…!

Ahal izan zuen bezala, bere burua pixka bat askatu eta hasi zen mugitzen infernu latz hartan. Zozo beltza ez zegoen berarengatik oso aparte, baina, hainbeste zarata eta zalapartarekin, hegaztia izutu eta oraindik barrurago sartu zen sasitza hartan. Pixka bat agondu ahal izan zenean, saiatu zen hurbiltzen bere biktimaren aldera, baina hark, mutikoaren asmo txarra sumatuta-edo, berehalaxe egin zion ihes jauzika, lurrean, belar luze eta sastraken artean, izan ere, hego bat puskatuta bazuen ere, hankak, ordea, arin eta indartsuak zeuzkan oraindik.

Manexek beste ahalegin handi bat egin zuen, zozoa harrapatzeko sasiarte zakar hartan, baina segituan konturatu zen, bera zenbat eta gehiago hurbildu, zozoa hainbat eta urrunago zihoakiola. Gainera, handik gutxira, zer ikusiko eta bere aurrean suge higuingarri bat ez zuen ikusi, ba, lurrean sigi-saga, belarren artean?

-Jainko potoloa! Baina, zer arraio da hau? Puag!, zer nazka eta hozkia! Hau, besterik ez nian behar, ba, nik oraintxe bertan! –pentsatu zuen bere kautan.

Ez bat eta ez bi, handik berehala alde egitea erabaki zuen, baina ez zen hain erraza ere. Zozo beltzari, tamalez, eta sugeari, hozkiz, agur egin ondoaren, handik ateratzen saiatu zen, baina, alde batetik, sastrakak, laharrak eta elorriak arropetan kateatzen zitzaizkion, eta, bestetik, asun amorragarriak nonahi zeuden, han eta hemen.

Eragozpen haiek guztiak, nola edo hala, gainditutakoan, arrastaka abiatu zen malda pikora, igotzeko, baina oso zaila zen. Lur azalean, belar zahar luzeak zituen eta haien azpian, lur bustia, buztinaren antzekoa, irristakorra. Behetik gora hasten zenean, belarrei heldu, eta, aldapa erdian-edo zihoanean, batzuetan belarrak hautsi egiten zitzaizkion eta beste batzuetan zainetatik atera, eta, horren ondorioz, beti goitik behera erori eta zuloan bukatzen zuen ahalegina.

Behin saiatu, bitan saiatu, hamaika aldiz entseatu, eta hala ere, beti emaitza berbera: porrota! Erorikoa! Zuloraino jaustea! Ezin ateratzea! Dagoeneko urduri, beldurtuta eta haserre zegoen bere buruarekin. Gorriak eta beltzak pasatzen ari zen. Gero eta argiago ikusten zuen handik onik ateratzeko, laguntza beharko zuela nahi eta nahi ez, baina eskatzeak lotsa ematen zion. Jendeak zer pentsatuko ote zuen berari buruz? Non geldituko ote zen bere ausart izena? Non bere gizontasuna? Ez, ez! Momentuz ez zen ausartzen, ez zen animatzen horretara!

Oraingoz, itxoitea erabaki zuen, baina, auskalo, sugea ere inguru hartan ibil zitekeen eta! Zer egin? Nola asmatu? Berriz ere zenbait aldiz saiatu zen igotzen, baina, zero borobila! Ezinezkoa! Beste porrot batzuk!

-Zulo madarikatu halakoa! Sastraka eta asun nazkagarri alaenak! Suge ziztrin sasikumea! –hasi zen Manex, oihu eta garrasi ozen bezain amorratu haiek botatzen, arrosario baten moduan, isildu gabe, behin eta berriz. Horrela, dagoeneko zenbait minutu kurrixka eta txilioka zeramatzanean, bat-batean.

-Zer gertatzen da? Nor dago hor? –entzun zuen mutikoak ustekabean.

-Manex. Zulo honetara erori naiz eta ez dut ateratzerik! –erantzun zion baserritar gaztetxoak ezusteko ahots hari.

Berehala konturatu zen nor zen, hau da, ondoko baserriko seme zaharrena, gizon prestu eta galanta, handik barna igarotzen ari zena. Bere luzera eta indarrarekin, aida batean atera zuen Manex zulogune malapartatu hartatik.

Behin goian zenean, mutikoa berehalaxe ohartu zen karabina falta zuela, berak utzitako lekutik. Segidan, auzokoari arnasestuka galdetu zion:

-Aizu, German, iritsi zarenean ez al duzu ikusi hemen –behatz erakuslearekin adieraziz- gure etxeko karabina? Marroia!

-Marroia? Bai! Arestian, honantz igotzen ari nintzenean, gizon kanpotar bat gurutzatu diat, aldean kolore horretako karabina zeramala. Baietz lapurtu izana! –erantzun zion Germanek, pena itxurarekin.

-Kaka zaharra!, hau ere niri gertatu behar! –mutikoak, sekula baino haserreago-. Dios, gaur, dirudienez, ez da nire eguna! –oihukatu zuen Germanen aurrean-. Aizu, barkatu, baina lasterka joan behar dut goitik behera, ea nonbait harrapatzen dudan lapur lotsagabe hori! –Abiatu zen-. A!, eta mila esker lagundu izanagatik!

-Nekez atzemanen duk! Nik gurutzatu dudanean, behintzat, ziztu bizian baitzihoan beheko herrirantz! –bota zion Germanek, azken agur moduan.

Manex gogotik saiatu zen lasterka bidean behera, ustezko lapur malapartatu hura harrapatu nahian, baina, hala eta guztiz ere, ez zuen arrastorik ere topatu, ia-ia beheko herriraino iritsi bazen ere. Deus ez! Zipitzik ere ez!

Egoera hartan, zer egin, ordea? Arratsaldea ere aurrera zihoan eta ilunabarrean sartzeko oso-oso denbora gutxi falta zen. Mutikoak, ezinbestean, zeregin handirik ez zuela ohartuta, etxe aldera jotzea erabaki zuen. Baina, hala ere, nola adierazi, zer esan gorputzean eta arropetan agerian zituen harramazka eta lokatzari buruz? Eta karabinaren faltaren gainean? Dena den, etxera joatea ezinbestekoa zeukan, bestela zer eginen zuen, bada, kanpoan?

Etxean azaldu zenean, amak harriturik eta ikaratuta, zera galdetu zion:

-Baina, baina, mutikoa!, non ibili haiz? Zer gertatu zaik honela agertzeko? Inork jo al hau?

-Ez, ez, ama, leku txar batera erori eta sasiek egin dizkidate urratu hauek. Zu, lasai, ez larritu!

Egia erdi hura entzunda, ama pixka bat baretu eta honela esan zion:

-Hator, hator hona, gixajo hori, berehala garbitu eta sendatuko dizkiat-eta zauri horiek!

Gau hura halaxe joan zen gaztetxoarentzat, lasai samar, ezbehar gehiagorik gabe, egiaren zati garrantzitsu bat ezkutaturik. Baina, biharamunean, ordea, etxeko guztiak ohartu zirenean karabina falta zela, alegia, baserri osoan ez zegoela, aitak mutikoa hartu eta hauxe galdegin zion zorrozki:

-Aizak, hi, Manex! Non dago karabina? Etxe osoa goitik behera arakatu diagu eta ez duk inon ere agertzen. Zer dakik hik? Galdu al duk?

Baserritar gaztetxoak ez zuen beste erremediorik izan, eta, bere borondatearen aurka izan baldin bazen ere, azkenean, egia osoa aitortu behar izan zuen negar eta intzirien artean.

-Uste dut atzo… lapurtu egin zidatela! –malkotan, gizagaixoa.

-Nola, uste duala? Ez dakik seguru zer gertatu zen, ala? Tira!, konta ezak dena segituan! –aitak, serio baino serioago.

Azkenik, Manexek, apal-apal, istorio osoa kontatu behar izan zuen aitaren aurrean, xehetasun guztiekin, baina, horrek ere, ez zuen libratu aitaren astindu on batetik. Azken abentura hura, garesti samar atera zitzaion Manex koitaduari.