2018/10/24 Galarraga Aiestaran, Ana – Elhuyar Zientzia ITURRIA: ELHUYAR ALDIZKARIA
Azken urteotan, hainbat ikerketak frogatu dute badagoela erlazioa herpes birusaren eta alzheimerraren artean. Alabaina, hain birus ohikoa denez (ezpainetako herpesa eragiten duen birus bera da, HSV1), zientzialariek zuhurtziaz hartu dute, eta sakon ikertu nahi izan dute erlazio hori, atzean egon daitekeen mekanismoa argitzeko. Eta, dirudienez, gero eta hobeto ezagutzeaz gain, tratamendurako balizko bideak ere ari dira proposatzen.
Hain zuzen ere, horixe egin du Oxford unibertsitateko Ruth Itzhaki ikertzaileak. Frontiers in Aging Neurosciencealdizkarian, ikerketa-lerro horretan lortu diren emaitzak errepasatu eta ondorioak atera ditu. Artikuluaren izenburuan bertan berresten du HSV1 birusa alzheimerraren arrisku-faktore nagusietako bat dela (Corroboration of a Major Role for Herpes Simplex Virus Type 1 in Alzheimer’s Disease), eta gene batekin lotuta dagoela azaltzen du: apolipoproteina E-aren genea (APOE-Ɛ4).
Herpes birusa ia guztiok dugu (lozorroan bada ere), baina gene hori dutenek askoz ere kalte larriagoak izaten dituzte infekzioa aktibatzen denean, baita garunean ere. Are gehiago: ikerketek iradoki dute HSV1-a dela β-amiloideen metaketaren eta plaken eragileetako bat. Hala, APOE-Ɛ4 genea eta garunean birusa duten pertsonetan, alzheimerra garatzeko arriskua ez bat ez bestea ez dutenetan baino 12 aldiz handiagoa da.
Hori guztia ikusita, antibiralak alzheimerra tratatzeko eraginkorrak izan daitezkeela proposatu du ikertzaileak. Hain zuzen, 2011n argitaratutako artikulu batean azaldu zuten herpesa tratatzeko erabiltzen den sendagai batek, aziklobirrak, HSV1 birusaren DNA bikoiztea eragozten duela eta beta-amiloideen metaketak txikitzen dituela, zelula-kulturetan. Orain, berriz, 2018ko apirilean, Taiwanen, eskala handiko lehen azterketa egin dute (33.500 pertsonarekin), eta emaitzak itxaropentsuak dira, herpesaren aurkako tratamendua hartzeak alzheimerra garatzeko arriskua gutxitzen duela ondorioztatu baitute.
Horrenbestez, kasua-efektu erlazioa oraindik garbi ez badago ere, argi dute badagoela harremana, eta, neurri batean, tratamendurako bidea eman dezakeela.
Lotura: https://zientzia.eus/artikuluak/gero-eta-ikerketa-gehiagok-erakusten-du-herpes-bir/
Lizentzia: CC-BY-SA 3.0