Lupulua, Humulus lupulus L. Cannabaceae. Lupulua, parra baten gisan, xirmendu luzeak dituen belar iraunkorra eta igokaria da. 2-5 metroko landarea. Xirmenduek laztasuna ematen dioten ile gogorrak dituzte azalean. Euskarrietan finkatzeko erabiltzen ditu. Lur azpian errizomak ditu eta bertatik, urtero, lupulu landare berriak jaiotzen dira. Aurkako hostoak, peziolo luzekoak, berdeak, tri edo pentalobulatuak, latzak, azpialdea pubeszentea, bihotz formakoak eta zerradunak. Guruinak dituzte. Baso heze eta freskoetan hazten da.
Udan loratzen da. Landare dioikoa, hau da, lore arrak eta emeak oin desberdinetan izaten dira. Lore arrak, lasto kolorekoak, panikuluak osatzen dituzte galtzarbeetan. Lore emeak buruxkak, pedunkulatuak, braktea foliazeak dituzte. Udaren bukaeran heldu egiten dira. Buruxka horiek usain aromatiko sendoa dute eta zapore mikatzekoak dira. Helduta daudela biltzen dira. Buruxkak urre koloreko lupulino izeneko hauts erretxinatsuaz estalita daude. Fruitua intxaur-formakoa. Gaur egun lupulu barietate asko hazten dira.
Lore emeak (ernaldu gabeak) garagardoa egiteko erabiltzen dira XIV. mendetik. Izan ere, euren barruan duten lupulino izeneko erretxina da garagardoari usaina eta zaporea ematen diona. Hau dela eta, lupulu landaketan soilik ale emeak hazten dira.
1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik Espainiara ez zen lupulurik iristen eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak lupuluaren landaketari buruzko dekretua atera zuen 1945eko maiatzaren 24an. Garagardo fabrikek Sociedad Anónima Española de Fomento del Lúpulo sortu zuten eta Espainiako lupulu landaketaren ardura hartu zuten. Garagardo fabriken artean Hego Euskal Herriko fabrikarik garrantzitsuenak zeuden: Juan y Teodoro Kutz (Donostia), La Cervecera del Norte (Bilbo), La Salve (Bilbo), La Vizcaína (Bilbo), Cervezas Knorr (Gasteiz). Horiei esker lupulua hasi zen landatzen Euskal Herrian. Garagardo ekoizleek bertan landaturiko lupulua erabiltzen zuten. Izan ere, urte horietan, lupulu landareari zerbeza-loria eta zerbeza-landaria deitzen zioten Gipuzkoan, otsaihena Nafarroan eta bierbelarra Iparraldean.
1949an, lupulu landaketak zabaltzen hasi ziren. Bizkaian, Arabako iparraldean eta Nafarroako Goizuetan, Baztanen, Arakil bailaran eta Iruñerrian landatzen zen, eta Gipuzkoako herri askotan: Hondarribia, Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Orio, Gabiria, Mutiloa, Azpeitia, Mutriku, Oñati eta beste udalerritan.
Kontuan izan, A Coruñan, 1957an, Gipuzkoan baino 12 aldiz lupulu hektarea gehiago zegoen, eta Leonen 17 aldiz gehiago. Gipuzkoan 1968rako desagertu ziren. Nafarroan, 1966an desagertu zen. Lupulu landaketak hogei bat urte izan ziren Hego Euskal Herrian (hauetako askok bi-hiru urte bakarrik). Garagardo ekoizleak, berriro ere, lupuluaren lorea kanpotik ekartzen hasi ziren. Egun, Euskal Herrian, badira, berriro ere, garagardo ekoizleak eta artisauak. Agian, lupulua, berriz ere, hasiko da landatzen. Jakizu!
Lupulua garagardoari garraztasuna emateko eta hau denbora luzeagoz gordetzeko erabiltzen den landarea da. Infloreszentzia emea erabili ohi da erretxina eta olio esentzialak eskuratzeko. Erretxinak garraztasuna ematen dio garagardoari; olio esentzialek, berriz, lupuluaren usain bereizgarria ematen diote garagardoari.
Garagardoa ekoizteko prozesuan, une desberdinetan gehitu daiteke lupulua, gehiketa horrekin zer lortu nahi den kontuan hartuz. Muztioaren egosketaren hasieran, bukaeran edo hartzidura tangatan gehitu ahal da.
Lupulino medikuntzan eta, batez ere, garagardoa aromatizatzeko erabiltzen da. Haren konposizioan esentziak, erretxinak, osagai mikatzak, taninoak eta beste osagai baditu. Osagai horiek eragin diuretikoa, hipnotikoa eta lasaitzailea dituzte. Halaber, digestio arazoen aurkako eragina dute: jangurarik eza, behazun- eta gibel-arazoak eta urdail-hesteetako espasmoak tratatzeko hartzen ahal da. Gaitz horiei aurre egiteko, hamabost bat gramo lupulino eta litro bat ur irakiten jartzen da. Bi katilukada eguneko, bazkalondoan eta afalondoan, har daitezke.
Lupulinoren ordez, lore emeak erabil daitezke, lupulino baino kantitate handiagotan, eta betiere gehiegizko dosiak saihesten, toxikoak baitira.
Euskal Herriko zenbait lekutan loezinari modu berezi batez egiten zaio aurre. Honela: lo egiteko orduan, lupuluaren lore emeak burkoaren barruan edo azpian jartzen dira, eta horien gainean lo egiten da. Izan ere, loezina eta amesgaiztoak saihesteko lupulua erabiltzeko modu hori aspalditik jasota dago sendabelarren liburuetan. Zenbait lekutan, burkoaren barruan edo azpian, lupuluaren lore emeez gain, beste landare batzuk jartzen dira, esaterako, arrosaren petaloak, mitxoletak eta astakamamilaren loreak, lehor-lehorrak guztiak.
Osagai mikatzek ere eragin bakterizida dute eta taninoak, berriz, orbaintzaileak dira; hori dela eta, azalean zuzenean ematen da dermatomikosiari eta akneari aurka egiteko.
Esan dugu infloreszentzia emeak garagardoa prestatzeko erabiltzen direla. Ohikoa da lupuluaren bilketan aritzen diren emakumeak hileko-arazoak izatea, landareak osagai estrogenikoak baititu.
Pello Iturria Sarasibar