Bederatzi ate eta gero zu
Bederatzi ehun kilometrotara dauden bederatzi ateak eta gero zu
Aitarenera noa baina ez aitaren etxera
Aitaren etxean neu naiz bizi,aitaren etxean, gurean.
Bederatzi ate burnizkoen atzean zaude zu.
Metalezko bizitza zikoitz zikin zurruna bizi duzu
bederatzi ate altzairuzkoen atzean.
Hemeretzi urte daramazu
Bederatzi ateen gibelean
Eta nik beste inon ez zaitut ikusi.
Aitarenera noa hilabetero bederatzi ehun kilometrotara dauden bederatzi ateen atzera.
Hemeretzi urte daramat bizi honetan nik.
Zure zigorraren adin ber-bera dut, zorigaitzeko oroigarri.
Horregatik ote dut gaztigua merezi?
Besterik ezagutu ez izanagatik,
bestelakoaren nostalgia badut halere nik.
Aitaren etxean, gurean, aita biziko litzatekeenarena hots,
“gurean dago” esango nukeenaren nostalgia minbera,
hain natural aipatzen den modura, “etxera noa”,”gurera”…
Eta hitzok bederatzi aldiz ahoan gozatuko nituzke,
mihi latza ezti liezadakete.
Atea beti zabalik legoke gurean,
zerrailarik gabe, burdinik gabe, ate hotsik gabe.
Ikasi dut bederatzi ateak gainditzeko
ilargiari begira zurekin batera egoten,
ikasi dut irribarretsu agertzeko,zure ipuinak gogoratzen.
Handitu naiz. Ilusio faltsurik ez dut alhatu nahi.
Itxaropena bai.
Bederatzi ateak betirako zabalduko dituen esperantza eroa bai.