Hurrengo abuztuko egun batean, ondoko baserriko gizonak zeharo harrituta utzi zuen Manex, izan ere, halako batean bere aurrean plantatu eta zera proposatu zion, bakarka.
-Aizak, Manex, begira, eskopeta hau ekarri diat eta proposamen bat egiteko asmoa zeukaat. Uzten badiat eskopeta, animatuko al haiz zaintzera pixka bat gure artasoro hau? -beraien alorra seinalatuz behatz erakuslearekin-. Botatzen dituan hegazti guztiak hiretzat izanen dira. Zer iruditzen zaik, Manex? -bukatu zuen gizonak.
Horren ustekabean harrapatu zuen mutikoa baserritarraren proposamenak, non momentuz ez baitzekien zer esan. Hala ere, pixkatxo batean pentsatu, kalkulatu eta, bai, baiezkoa ematea erabaki zuen. Ideia ona iruditu zitzaion: probatu eta ikusi ea zer ondorio zekarzkion esperientzia hark.
-Bueno, ba, bai, Pello. Onartzen dizut; saiatuko naiz -ametitu zion mutikoak.
-Ederki, ba, begira, oraintxe bertan azalduko diat nola ireki behar duan eskopeta, nola kargatzen den, nola jartzen zaion asegurua, non bermatu behar duan eskopeta tiro egiteko, nola sakatu behar duan katua eta abar. Zer iruditzen zaik, Manex? -galdetu zion ondoko baserritarrak.
Mutikoak ez zuen denbora handirik behar izan erabakia hartzeko, etxekoei ere ez baitzien deus ere galdetu gai hari buruz. Hantxe bertan itxi zuten tratua biek, hitzez, noski, eta momentu hartan bertan mailegatu zion eskopeta Pellok, nahiz eta Manexek sekula santan ez zuen halako tresnarik erabili.
Gaur egun pentsaezina izanen litzateke antzeko zerbait gertatzea, baina orain dela berrogeita hamar bat urte bai, orduan antzeko gauzak eta handiagoak ere jazotzen ziren.
Pelloren baserriak alor polit bat zeukan Manexen familiaren baserriaren ondoan, eta urte hartan artoa zuten ereina. Abuztuaren bukaerarako artaleak jadanik eginak eta ontzen hasiak egoten ziren, eguraldiaren arabera.
Urte hartan ere artaleak oso ongi hazita zeuden eta baita heltzen hasiak ere, horrexegatik, hain zuzen ere, Pello baserritarra seguru zegoen, handik gutxira belenabarrak eta beste hegazti batzuk ere hasiko zirela hara joaten, beren artaleak lapurtu eta jateko, eta huraxe ez zuen inola ere nahi, horregatik egin zion proposamen hura Manexi, hark, nola edo hala, beren artasoroa zaindu eta babes zezan eskopetaren laguntzarekin.
Gauzak horrela zeudela, baserritar txikia bere kalkuluak egiten hasi zen eta hartarako, kanpadenda hara eramatea ideia ona izan litekeela begitandu zitzaion, alegia, artadi ondoko bide batera. Biharamunean, pixkanaka-pixkanaka, hautatutako txokora kanpadenda eraman eta hantxe bertan hedatu zuen.
Bidea, artasoroaren eta zumardi baten artean zegoen; lizar batzuk ere bazeuden bien artean. Hantxe kokatu zuen kanpadenda, belenabarrak eta gainerako hegazti lapurrak handik etorriko zirelakoan. Denda bide bazter batean ezarri zuen, inork igaro behar baldin bazuen ere, lekua izan zezan.
Lehenengo arratsalde hartan, ohi bezala, inori deus ere esan gabe, sukaldetik ogi eta txokolate pixka bat hartu askaltzeko, eta ondoren eskopeta eskuratzera joan zen. Gauza haiek guztiak jasota, poliki-poliki eta jakin-min handiarekin, kanpadenda aldera abian jarri zen.
Kanpadenda barruan, bere burua non kokatu, zein leihotatik tiro egin eta tiro nola egin deliberatu zuen. Horren ondoren hegaztien zain gelditu zen, irrikaz, ea zoriak zer zekarkion.
Ordu laurden bat-edo igarota, belenabarren lehen garrasi eta karrankak hasi ziren sumatzen zumarren artean. Manex erne eta adi jarri zen. Dendako leiho batetik begiratu eta segituan ikusi zituen hegazti zuri-beltz batzuk zumardian. Geroxeago, hurbilago, hau da, lizardian. Mutikoak, urduri, eskopeta hartu, kokoriko jarri, arma leihotxoan bermatu eta, nola edo hala, apuntatzen hasi zen. Orduantxe etorri zitzaion gogora Manexi Pellok eskopeta uzterakoan esandakoa <kontuz, e?, honek karabinak baino askoz ere kolpe handiagoa ematen baitu tiro egiterakoan!; gogotik eutsi behar diok! Aditu?>. Horiek horrela, mikari ongi apuntatzen eta eskopetari egoki eusten saiatu zen, baina tiroa bota zionean, <danba!> akabo, ukaldiaren indarrarekin mutikoa lurrera joan zen, atzerantz, hankaz gora, eskopeta eta guzti! Aurrealdeko mendian, bai oihartzun latza tiroak egin zuena!
-Atx! Alua! Bai kolpe zakarra! Egia esateko, ez nian uste hain handia izanen zenik! -pentsatu zuen bere baitan, pixka bat ikaratura.
Agondu zenean, ohartu zen belenabarra ez zuela jo eta, noski, tiroak egindako burrunbarekin, hegazti guztiek tximistaren pare ihes egin zuten handik; ez zen bakar bat ere gelditu. Denek ziztu batean hanka egin zuten. Gainera, handik denbora gutxira, Manex oinaze txiki bat hasi zen sumatzen sorbaldan, tiroaren takatekoaren ondorioz. Baina, tira, mina jasangarria zen eta aurrera jarraitu zuen bere ahaleginean.
Itxoiten segitu zuen ea bitartean beste hegaztiren bat hurbiltzen ote zen artoa jateko asmoz. Minutuak eta minutuak igaro ziren, baina alerik ere ez zen agertu han. Orduan, denbora errazago emateagatik-edo, ogia eta txokolatea hartu eta poliki-poliki jan egin zituen, mokadu bakoitza ongi dastatuz. Baina, hala eta guztiz ere, arratsalde hartan ematen zuen hegazti haiek ez zutela itzultzeko asmorik, lehenengo tiroaren eztanda-hotsa entzun eta gero. Gauzak halaxe, Manex etxera itzuli zen, ilunabarra baino lehen, pixka bat etsita eta desanimaturik, baina biharamunean berriz ere saiatzeko asmoarekin.
Hurrengo goizean, eta oporretan zegoela aprobetxatuta, berriz ere jo zuen kanpadenda aldera, isilik, zortea probatzera. Iritsi bezain laster, barruan instalatu zen, hegaztiei itxaroteko asmoz. Handik minutu batzuetara, urruti samar, miken lehenengo oihu eta karrankak entzun zituen. Mutikoa, isilik; arnasari eutsiz. Geroxeago, hurbilago, zumardian entzun eta ikusi zuen belenabar taldetxo bat. Manexek zain jarraitu zuen, irrika handiz. Azkenean bizpahiru mika ikusi zituen bertatik bertara, bere aurreko lizarrean pausatuta; oso gertu zeuden. Mutikoak bikain ikusten zituen leihatila txikiaren barna, baina mikek bera ez, gaztetxoa iluntasunean baitzegoen babestuta, kanpadenda barnean.
Manexek arreta eta kontu handiz, eskopeta berriz ere leihatilan bermatu zuen, belauniko jarri, ipurdia orpoetan pausatuta, -tiroaren kolpearekin lurrera ez erortzeko- apuntatu eta azkenik, nola edo hala, tiroa jaurti zion aukeratutako mikari. Baina, bai zera!, oraingoan ere huts egin eta hegazti guztiek alde egin zioten tximistak bezala, izuturik eta zalapartaka. Penaturik eta desanimatuta, azkenean etxera joan behar izan zuen bazkaltzera. Inori ez zion deus ere aipatu bere azken zorigaiztoa, baina kontu positibo bat behintzat atera zuen goiz hartan, izan ere, tiroa egindakoan bera ez zen lurrera joan, eskopeta eta guzti, eta, eskuin sorbaldan hartutako kolpea ere, txikixeagoa izan zen; hobekuntza pixka bat behinik behin lortu zuen azkenean. Dena ez zen galera gertatu.
Baina, Manexen ezaugarri nabarmenetako bat bere jarraitutasuna zen, eta arratsalde hartan ere ederki asko frogatu zuen hura. Amorerik batere eman gabe, bazkalondoan berriz ere bere kanpadendan plantatu zen, aida batean. Itxoin eta ea zer gertatzen zen.
Ordubete-edo igarotakoan, berriro ere hasi ziren hegazti batzuk itzultzen, askaria hartzeko asmotan nonbait. Mutikoak itxaron, prozedura guztia errepikatu eta bukaeran, tiro egiteko unea iritsi zenean, tiro egin eta hantxe joan zen goitik behera lurreraino lehenengo mika. Manex, pozak txoratzen, dendatik lasterka atera, maldan behera joan, eta errekatxoaren ondoan atzeman zuen belenabar gaixoa, jadanik azken arnasa emanda.
Etxean denak poztu egin ziren ehizakia ikusita. Amak, gauerako, lumatu, garbitu eta frijituta atondu ondoren, batzuek behintzat oso gustura jan zuten, gatz pixka bat botata. Etxeko guztiek zoriondu zuten familiako gazteena; Manex, pozaren pozez. Ekintza hark frogatu zuen esaera zaharra, “darraionarentzat da ehiza”.
Eta mutikoarentzat, zorionez, halaxe jarraitu zuen udak, Pelloren baserrikoek arto uzta bildu zuten arte: egun batean mikaren bat botatzen zuen, beste batean zozo bat edo beste, hurrengoan birigarroren bat, noizean behin eskinosoren bat eta horrelaxe hurrenez hurren. Manex zeruan bezala sentitzen zen: bera pozak txoratzen eta, gainera, etxeko guztiek goraipatuta. Huraxe zen arrakasta eta lorpena! Berriro ere, antzeko esaera zahar bat etorri zitzaion burura, “jarraikiz, azeri zaharrak atzematen du oiloa”.
Handik egun batzuetara, igandearekin, Pello Manexen baserrian agertu zen bazkalondoan. Atean jo eta:
-Arratsalde on, denoi! Zer moduz! -agurtu zituen etxekoak, sukaldera sartu bezain laster.
-Kontxo, Pello! Zer zabiltza hemen orduotan? Zer berri dugu? -hitz egin zion amak denen izenean.
-Berri onak, emakumea! Begira, arto uzta bildutakoan, Manexen lana momentuz behintzat bukatu egin da eta eskopeta jasotzera heldu naiz -azaldu zien guztiei-. Baina deus baino lehen, Manex zoriondu nahi nuke, egindako lan bikainagatik -jarraitu zuen auzokoak, baikor-. Hator, hator hona, Manex, trebe hori!
Mutikoa zutitu, hurbildu eta:
-Hara ba, mutikoa, zorionak eta mila esker egin duan lan ederragatik! -eta zakutotik aterata, poltsa bete bat arto irin eman zion-. Esaiok amari, irin honekin talo goxoak egiteko! -Jarraian, patrikatik txanpon batzuk atera eta zera esan zion-: Eta sos hauek, herorrek nahi duana eros dezaan! -besarkadatxo bat emanez bukatu zuen Pellok bere jarduna, Manexen altueran jarrita.
Familiako guztiek txalo sutsuak egin zizkieten biei, bakoitzari bere merituengatik. Geroxeago, giro onean eta elkar agurtu ondoren, Pello baserrira itzuli zen, behin eskopeta berreskuratuta.
Uda bukaera hartan, Manexen baserrian, hegazti haragirik eta talorik behinik behin ez zen falta izan, etxeko gazteenari esker. Zorte oneko ibili ziren.
Handik egun batzuetara, ordea, -jakina da deabrua beti erne egoten dela- ba, baserriko ezkaratzean bi guardia zibil agertu ziren goizean goiz, baba beltzak baino serioago, kopletarako itxurarik gabe.
-Jainkoak egun on! Zu al zara etxe honetako nagusia? -galdetu zion bietako batek tinko eta irmotasunez aitari, erdara batuan.
-Nagusia-edo… -aita hasi zen azaltzen.
-Bazara ala ez zara? Argi gurekin, e!, aditu? Orduotan ez baikaude txorakeriatarako! -beste guardia zibilak, oilarra baino harroago.
-Bai, bai, ni nauzue etxe honetako jauna! Zer gertatzen da, ba? -aitak, apalki.
-Zer gertatzen den? Ba, begira!, salaketa bat jaso dugu eta kontatu diguten arabera, zuen semerik gazteena udan zehar ehizan aritu omen da eskopeta handi batekin, baimenik gabe. Egia al da hori? -guardia zibilak, harroputz eta tente-potente.
-Bai, egia da, baina auzokoak eskatuta aritu zen haren… -aitak ekin zion adierazpenak emateari.
-Ixo! Zaude isilik, mesedez! Guri bakar-bakarrik gertatutakoa zaigu axola eta ez zergatia! -moztu zion bat-batean guardiak, modu zakarrean.
-Bai, baina… -saiatu zen berriz ere aita ulertarazten.
-Zer baina eta zer baina ondo? Hemen ez dago bainarik! Guk agintzen duguna egiten da eta kito! Argi gelditu al zaizu? -esan zion beste guardia zibilak, handikeriaz-. Lege hauste horrek isuna dakar, eta jakizu gauza bat, isuna zenbat eta beranduago ordaindu, orduan eta garestiago aterako zaizu! Aditu al duzu ongi belarritik? -galdetu zion arrotzak ohiko nagusikeriaz.
Aitak, apal-apalki, isildu egin behar, etxebizitzara nahigabetuta igo, dirua hartu eta zorroztasunez eman behar izan zion guardia zibil pare desatsegin hari, ikaragarrizko amorrazioarekin.
-Mendi zorri potro ustelak! Eltzetsu zikin madarikatu alaenak! Larre zorri makartsu halakoak! Txapeloker alfer gorotz astazakilak…! -honelako arrosario santua errezatzen gelditu zen Manexen aita etxeko ezkaratzean, bere kolkorako-. Gure poza putzura! -pentsatu zuen azkenean.