Abuztuaren bukaera-bukaeran, txapelokerrekin izandako atsekabea, nola edo hala, gainditu ondoren, berriz ere karabina erabiltzen hasi zen, ehizan eginen bazuen. Arratsalde batean, baserritik atera eta goiko alderantz abiatu zen oinez, karabina aldean zeramala. Hainbat minututan belar soroetan ibili eta gero, alanbre arantzadun hesiaz beste aldean hegazti handi samar bat ikusi zuen lurrean, uso baten tamainakoa, lumak hauskarak, azpikoa zurixka eta zerrenda ilunak zituena, eta buztana beltza; ez zekien zer arraio ote zen, baina ederra behintzat, bai, bazen. Hantxe ari zen hegazti handixko hura, euntzeko belar motxaren gainean, mokoarekin zerbait bilatzen, janaria, segur aski.
Mutikoa berehala lurrera makurtu, lau hankan jarri eta alanbre-hesiko zutoin baten aldera joan zen astiro-astiro, karabina lurrean arrastaka zeraman bitartean. Hantxe babes pixka bat aurkitu zuen, bere burua gordetzeko hegazti ezezagun haren ikusmenetik. Une egokia iruditu zitzaionean, hau da, ezagutzen ez zuen hegaztia lurrera begira ari zenean, Manexek bi ukondoak lurrean ongi bermatu zituen eta karabinaren ipurdia eskuin sorbaldan. Ahal bezala apuntatu eta tiro egin zion, baina ez zuen jo.
Antza denez, hegazti hark, balina bere gainean igarotzen sumatuko zuen, eta horregatik-edo, burua segituan altxatu eta halaxe mantendu zuen hainbat segundotan, tente-potente. Mutikoak segundo haiek, konpresio armari beste balin bat sartu eta berriz ere apuntatzeko baliatu zuen. Hegaztiak buru tente zirauen, halako zorte txarrarekin, non tiroak buru erdian jo baitzion takatekoa; zerraldo erori zen gaixoa!
Manex, pozaren pozez, karabina lurrean utzi, zutitu, alanbre arantzadun hesia zeharkatu eta lasterka joan zen harrapakinaren bila. Iritsi eta huraxe frogatu ahal izan zuen, alegia, ukaldi bortitza buru erdi-erdian zeukala Hegaztiak. Honi ez zitzaion gertatu buztanikarari bezalaxe, hots, jaurtigaia buru-buruan jaso eta jirabiraka hasi eta iraun zuena zenbait segundoz; hau, ordea, ez! Zergatik? Auskalo! Mutikoarentzat erabateko misterioa izan zen, baina halaxe gertu zen, halaxe gertatu zenez.
Gauzak hala zeudela, hegazti arraroa hartu eta karabina jaso ondoren, etxe alderantz jo zuen pozik eta harroxko gure mutikoak. Bidean, hala ere, auzoko gizonezko batekin egin zuen topo.
-Zer, mutikoa?, nola joan zaik ehizaldia? Ongi? -galdetu zion bordariak.
-Ongi esan beharko! Bat behintzat bota dut eta! -mutikoak, alai-. Hala eta guztiz ere, ez dakit zer hegazti mota den; honelakorik ez dut inoiz ikusi. -Jakinarazi zion Manexek-. Zuk ba al dakizu zer den hau? -Bukatu zuen mutikoak, beste baserritarrari lumaduna erakusten zion bitartean.
-Ea, erakutsidak hurbilagotik, hobeki ikusteko! -eskatu zion gizon helduak-. A!, bai, bai! Oraintxe konturatu nauk zer txori den! Hau kukua duk; hegazti ederra bezain alferra! -Azaldu zion auzokideak-. Baina, Manex, argi ibili e!, uste baitut hegazti mota hau debekatuta dagoela botatzea! Txapelokerrek ikusten bahaute honekin, auskalo zer gerta litekeen! -Ohartarazi zion gizonak.
Baserritar txikia segituan jarri zen erne eta kezkatuta, aida batean etorri baitzitzaion burura, aurreko egunetan norbaitek guardia zibilei egindako salaketa.
-Ea gizon hauxe bera izan ote zen lehengo salatari ustel malapartatua! -pentsatu zuen berekiko mutikoak, ezinbestean.
Manexek ez zekien gizonak esandakoa egia ala gezurra ote zen, baina, badaezpada ere, zuhurtziagatik eta izuagatik, kukua berehalaxe bota zuen hesiko zulo batera, berriz ere ez edukitzeko isunen bat jasotzeko arriskurik. Gizona eta mutikoa hantxe banandu ziren eta bakoitzak bere etxerako bidea hartu zuen. “Kukua, sanjoanetan kuku, sanpedroetan mutu”, etorri zitzaion burura istantean gaztetxoari.
Manexek zenbait egunetan kirioak dantzan eduki zituen, txapelokerrak berriz ere beren baserrian agertuko ote ziren beldur, berri txarren batekin. Baina, zorionez, mutikoarentzat, ez ziren begi bistan azaldu eta hau erlaxatzen hasi zen.
Handik aste batzuetara, Manexen amak seme hauxe berbera, gizon baserritar haren etxera bidali zuen, mandatu baten aitzakian.
-Kontxo!, egun on, Manex! Zertan habil gure etxean? -agurtu zuen etxekoandre abegikorrak.
-Bueno, ba, hemen. Amak fardel hau hona ekartzeko eskatu dit eta. -Mutilaren erantzun apala.
-Tira, eskerrik asko, Manex! Baina, sartu, sartu hadi barrenera!, ez gelditu hor kanpoan, mesedez! -etxekoandrearen eskaera atsegina.
Barrura sartu, eta sukalderako bidean, apal txiki baten gainean, hara non ikusi zuen berak hildako kuku berbera, disekatua, buruan balinaren aztarna agerian zuela! Sor eta lor gelditu zen, baina etxekoandre jatorrari ez zion zipitzik ere esan. Sukaldean pastaren bat-edo eman zion emakumeak mutikoari, esker onez, eta elkar agurtu zuten.
-Nahi duan arte, Manex, eta egon bizkor!
-Mila esker, andrea!
Baina etxerako bidean, ordea, horratx, non topatu zuten elkar berriz ere baserri hartako gizonak eta Manexek berak, bide berberean!
-Egun on, mutiko! Zer?, ehizan, ala? -iseka airearekin, gizonak.
-Ez, ez! Zure museoa ikustetik heldu naiz! Ederki disekatuta jarri duzu nire kukua, etxean, e! -bota zion Manexek, lehor eta erasokor-. Ez al zenidan esan, ba, debekatuta zegoela kukuak hiltzea?, gezurtia, ez bestea! Eta orain neronek salatzen bazaitut, zer, e? -jaurti zion gaztetxoak, haserre.
-Aaa!, baina nik ez nian hil, e?, kuku hura! Nik hilda aurkitu egin nian, besterik ez! -gizonak, handi-mandi moduan.
-Bai, bai! Eta suposatzen dut, gainera, non aurkitu zenuen!, hesi honetan, ez da hala?, lapur zikina! -Manexek, aldarte txarrean-. Oraintxe bertan noa parte ematera, babo arraioa! Oraingo honetan kukuak txit oker jo dizu, adiskidea! -eta barrena ongi husturik, gustura asko alde egin zuen handik etxera.