Euskaldunen gorazarrezko obra den eta kontu eta istorio anitzez beterik dagoen“The Basque History of the World”-en, Kurlanskyk ez du aipatzen euskaldun batek zientziari egin dion ekarpenik handiena, ziurrenik haren berri izan ez zuelako, ez baita erraza informazio hori topatzea. Badakit zaila dela ekarpen eta aurkikuntza ezberdinen garrantzia zein den neurtzea, eta are gehiago zerrenda batean sailkatzea, baina diodan euskaldun horrek Big Bang-a inork baino lehenago aurresan zuenez, ez dut uste oker nagoenik,harena, euskaldunok (oraingoz!) zientziari egin diogun ekarpen handiena dela esaten badut.
Kosmologia, grabitazioa eta erlatibitatearen historiografian, Einsteinez gain, Georges Lemaître astronomo, fisika irakasle eta apaiz belgiarra, Alexander Friedmann matematikari eta fisikari errusiarra eta Edwin Hubble astronomoa agertzen dira Big Bang-aren teoriaren sortzaile edo eragile moduan. Lemaître, unibertsoa hedatzen ari zela proposatu zuelako 1927an. Friedmann, 1922an Einsteinen Erlatibitate Orokorreko ekuazioen soluzio batzuk aurkitu zituelako eta soluzio horietako batek unibertsoaren erradioa edo tamaina denborarekin handitzen zela aurresaten zuelako. Eta Hubble, unibertsoa hedatzen ari zela esperimentalki aurkitu zuelako 1929an. Fred Hoyle astronomo britaniarra ere aipatzen da, hark erabili baitzuen lehenengo aldiz “Big Bang” terminoa BBC-ko irrati saio batean, 1949an. Ez, euskaldunik ez.
Tamalez, Camilo Lizardi ez dugu ohizko testu, artikulu eta historia liburuetan aurkituko. Lizardi, seminarioko bere kideek Lizar bezala ezagutzen zutena —ez Lizardiren laburduragatik, baizik eta “L’ Izar” hitz jokotik, garai hartan hain modakoa zen era afrantsesatuan deitzen ziotelako, beti baitzegoen izar eta espazioari buruz pentsatzen— ez zuen aldizkari zientifikoetan ezer argitaratu edo behintzat, ez dut ezer topatu nik. Seminariotik irten eta zenbait urte beranduago, erretore bihurtu zen. Alabaina,izar eta zeruen ikerketarako grina ez zuen galdu. Teleskopioez eta beste tresnez inguraturik bizi zen, baina teleskopio txikiak izanda, sekulako aurkikuntza esperimentala egiteko aukerak oso txikiak ziren. Zorionez, astronomia esperimentala baino, fisika teorikoa zuen nahiago. Jada erretoretzan urteak zeramatzan eta zegoen herrixka txikiko bizitza lasaiak ez zion kalkulu eta hipotesietan ibiltzeko denborarik lapurtzen. Bazegoen bereziki interesatzen zitzaion problema bat: Michelson-Morleyren saiakeraren emaitza negatiboa esplikatzeko, George Fitz Gerald (1889) eta Henrik Lorentzek (1892) distantziak laburtu, uzkurtu egiten direla proposatu zuten. Hipotesi hau, ad hoc sortutako argudio bat zen, eta Einsteinek Erlatibitate Berezia sortu arte (1905ean), inork ez zuen uste luzeraren uzkurdura hori erreala izan zitekeenik. Erlatibitate Berezia Orokor bihurtzeko, beste hamaika urte behar izan zituen Einsteinek (1916). Eta unibertsoaren hedatzea aurresaten zuten Friedmannen kalkuluak arte, beste sei urte pasatu ziren. Inor baino azkarragoa izan zen Camilo Lizardi. Lorentzen emaitzen berri 1892. urtean bertan izan zuen historiako lehen Liege-Bastogne-Liege txirrindula lasterketa ikustera joan zenean, Franҫois Le Farceur izeneko lagun belgiar batek gonbidatuta. Le Farceur, Louvain-la-Vieille Unibertsitateko irakaslea zen eta Lorentz holandarrarekin harreman estua zuen elkarrekin ikasi baitzuten Leidenen. Lorentzek uzkurdurari buruzko artikuluaren zenbait kopia bidaliak zizkion, eta Le Farceur-ek Lizardiri oparitu zion bat. Antza, artikulua irakurri eta gau guztia hari buruz pentsatzen pasatu zuen Lizardik: hurrengo goizean lo seko zegoen txirrindula lasterketa izan zenean eta Léon Houaren garaipena ezin izan zuen ikusi.
Hurrengo hilabeteetan lan eta lan aritu zen uzkurduraren jatorria fisikaren oinarrizko ekuazioetatik eratortzeko eta Maxwellen legeetan zein eragin izan zezakeen aztertzen. Berriz ere historiaren patua, garai hartako bere lan guztiak martitzen arratsalde batean tximista batek piztutako suteak erre zituen. Halere, Lizardik ekuazio denak berregin, berridatzi, liburu gisa antolatu eta Sebastien Turlupin Paris Sorbonneko fisika matematikoko katedradunari bidali zizkion, postaz, harek azter zitzan eta ea zuzenak ziren ala ez erabaki. Hendaia eta Paris artean galdu zen nonbait liburua, Turlupinek ez baitzuen liburua inoiz jaso, eta haren berri izan badugu guk, Lizardik, Turlupineri beranduago bidali zion gutun batean liburu horri buruz galdetzen diolako da. Kontestuan ikusita, harrigarria da, baina guztiz argigarria, geroago ikusiko dugun bezala, Turlupinen erantzuna: “Mon cher ami, je crains que votre merveilleuse théorie ait été englouti par un trou noir!”. Badirudi beraz Lizardiren lana ez zela ekuazio batzuk eratortzera mugatzen, baizik eta Lizardi urrunago joan zela teoria bat sortzeraino. Baina zein teoria?
Lizardiren ekuazioen faltan, eta Turlupineri bidalitako liburua galduta, hipotesiak besterik ezin ditzazket ekarri hona. Baina teoria hori zein zen, edo behintzat, teoria horrek zer ondorioztatzen zuen, beste gutun batean idatzitakoagatik jakin dezakegu. 1903. urtekoa da gutuna. Lizardik, Big Bang-a eta baita Hubbleren legeak aurresaten ditu, inork baino 19 urte lehenago! (gogoratu Friedmannek topatutako soluzio batek aurresaten zuela Big Bang-a, nahiz eta Lemaitreraino inork ez zuen aukera hori era garbian aipatu). Gutunean, horrela dio: “Gure unibertsoa espazio infinitoan bakar bakarrik zebilen bola erraldoi baten leherketarekin jaio zen. Harrezkero, hala izarrak nola planetak edo asteroideak, lehen materia bera zirenak, urruntzen ari dira elkarrengandik, urruntzen ere, hastapen puntu hartatik. Eta gainera, handiagoa da pusketa bakoitzak bere ihesean daraman abiadura”.
1903. urtean, inork gutxik pentsa zezakeen unibertsoa hedatzen ari zela. Ideiarik zabalduena, unibertsoa estatikoa zela zen, aldaezina. Baina Lizardik ondo zekien ez zela horrela, eta dudan esplikazio bakarra, jakintza hori bere teoriaren emaitzetatik lortu zuela da. Ez dut modurik frogatzeko, baina Lizardik garatutako teoria, Einsteinen Erlatibitate Orokorraren baliokidea edo oso gertuko kidea izan behar zuen. Turlupineri bidalitako liburua inoiz agertzen bada, eta zientziak historiari kasu egiten badio, Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorra Lizardi-Einstein bataiatuko dute.
Epilogoa: Beharbada honaino helduta, batek baino gehiago susmatuko zuen Camilo Lizardi erretore hori Obabakoak liburuko lehen kapituloko bera dela. Eta hala da. “Obabakoak”eko Camilo Lizardi hura bezala, nirea ere fikziozkoa da, “Obabakoak”en agertzen den eztandatzarraren anakroniak [1] sortutako beste Camilo Lizardi bat, Quijotearen egilea izan zen Pierre Menard-en lagun mina. Turlupinen liburua ez da oraindik agertu, baina nik badut esperantzik.
[1] Ikus “Obabakoak” liburuaren lehen kapituloko lehen paragrafoak, “Camilo Lizardi erretorearen etxean aurkitutako gutuna”. Nik grafia besterik ez dut aldatu.