Ekainaren erdialdean, larunbat goiz batean, Manexek karabina hartu zuen belarretara joan baino lehen, pixka batez ehizan aprobetxatzeko. Eguraldia bikain zegoen, eguzkitsu eta gardena; benetako belar giro zegoen.
Bederatziak aldean, ondoko borda baten inguruan zihoan, karabina sorbaldatik zintzilik zeramala, zer suma eta zer ikusi. Halako batean, honako oihu hauek entzun zituen:
-Manex, Manex!, hator azkar, mesedez! -Agustin morroia zen, garrasi bizian.
Mutikoa ahalik eta lasterrena abiatu zen langilearengana. Malda eta muino batzuk jaitsi ondoren, hantxe topatu zuen berehalaxe aldameneko bordako morroia, lurrean eserita eta ondoan sega zeukala.
-Zer da, agustin, zer da? -Manexek, arnasa estututa.
-Hara, Manex, segan oinutsik ari nintzela, sugegorri malapartatu batek ziztada egin zidak oinbularrean -azaldu zion gizonak estu eta larri-. Mesedez, hoa lehenbailehen aitarengana eta kontatu gertatu zaidana! Esaiok etortzeko lasterka! -eskatu zion Agustinek mutikoari, oinaze batean.
Manex ahal den lasterrena saiatu zen joaten baserrira, aitaren bila, baina, zoritxarrez, une hartan aita ez zen etxean. Amak zein euntzetan ari ziren belarra ebakitzen adierazi eta haraxe bideratu zen mutikoa arineketan, lehen bezalaxe. Belar sorora iritsi zenean, aitak ikusiz batera, kopeta ilundu eta honela hitz egin zion haserre antzean seme gazteenari:
-Manex, non arraiotatik heldu haiz hain berandu? Zer egin duk orain arte? Begira!, beste guztiok dagoeneko hemen ari gaituk lanean jo eta su! Tira!, hartu berehala bihortzekoa eta lagundu anai-arrebei belarra zabaltzen! -agindu zion aitak irmotasunez.
-Aita, barkatu, baina oso gauza garrantzitsu bat kontatu behar dizut! -mutikoak, kikildu samarrik.
-Zer da, ba? Bota segituan kontatu beharreko hori! -berriketarako ez zegoen aitak.
Gaztetxoak aida batean kontatu zion aitari gertatutakoa, eta, berriz ere, korrika itzuli zen Agustinengana, aitarekin. Bizkitartean aitak, Manexen anaia zaharrena ondoko herrira bidali zuen, sendagilearenera, kontatzeko zer-nolako ezbeharra gertatu zen.
-Zuek bitartean jarraitu lanean, e? -agindu zien gainerako seme-alabei.
Seme gazteenak berehala gidatu zuen aita morroia zegoen lekuraino, baina ez zekiena zen nola aurkituko ote zuten, minutu haiek guztiak igaro eta gero. Iritsi eta aitak:
-Zer dugu, zer dugu, Agustin?
-Hemen, motel, amorratuta!, ezin mugiturik! Segan ari nintzela, sugegorri alu zerri batek oinbularra heldu eta hozka egin baitit! -erantzun zion oinazetan eta kezkaturik morroiak.
Izan ere, Agustin, beren herrikoa ez baldin bazen ere, bolada hartan beraien baserri ondoko borda batean ari zen lanean, morroi moduan, bera bakarrik, hazienda gobernatzen. Goiz hartan, bero zakarra zegoela eta, Agustinek erabaki zuen oinutsik aritzea segarekin, freskoago sentitzeko goizeko ihintza eta erosoago jarduteko lanean, baina sugegorrien arriskua ez zuen ongi baloratu, eta gero gertatu zena gertatu zen. Manex eta aita iritsi zirenerako, Agustin gizajoaren oina eta orkatila oso hazita zeuden, eta hark, oinez ezin ibiltzeaz gain, oinaze handiak sorrarazten zizkion zorigaiztoko gizonari. Zatak eta galtzerdiak beraregandik hurbil samar zeuden, baina inola ere ezin zituen jantzi eta erabili. Nabarmena zen narrastiaren pozoiak oso ongi egin zuela bere lana.
-Ea, Agustin, uztadak zangoan tornikete bat egiten, odolaren zirkulazioa eragozteko -proposatu zion aitak, eta besteak onartu, noski, zer egin behar zuen bestela?
Aitak, zarpa batekin eta makiltxo batez, segituan egin zion tornikete antzeko zerbait, berna erdialdean. Gizona pixka bat baretu eta goxatu egin zen.
-Lasai, Agustin, seme zaharrena sendagilearen bila joan duk eta sarri agertuko dituk biak; ikusiko duk! -Kontatu zion Manexen aitak, morroiak lasaiki itxoin zezan.
-Bai, egia esateko, eskerrak Manex ikusi dudala eta deitu bezain azkar entzun dituela nire garrasiak, bestela, ez zekiat zer eginen nuen -bota zuen Agustinek bere burua trankildu nahian.
Handik minutu gutxira, sendagilea ikusi zuten behetik gora haiengana zihoala, Manexen anaia zaharrenarekin. Denek lasaitu handia hartu zuten.
Zain zeuden hiruengana iritsi bezain azkar, sendagileak Agustinen oina aztertu zuen; oso hazia eta erabat more zegoen. Jarraian, ekarritako antidotoa injekzioaren bidez jarri eta pixka batean zain gelditu ziren.
Medikuak espero zuen bezala, handik hainbat minututara, hantura jaisten hasi zen eta baita oinazea murrizten ere. Oraindik beste horrenbeste denboran jarraitu zuten denek morroiarekin, lagun egiten eta haren hankaren bilakaeran arreta jartzen, osagileak batez ere, noski.
Une jakin batean, alegia, sendagileak ikusi zuenean Agustinen oina dezente normalizatua zegoela, orduan, Manexen aitak eta medikuak lagundu egin zioten bordaraino iristen, aldapan gora, poliki-poliki.
Borda barruan, sendagileak morroiari egin beharreko jarraibideak eta hartu beharreko sendagaiak eman zizkion. Gauzak horrela, sendagileak eta beste hiru gizonezkoek ikusi zutenean pazientea bere onera itzultzen hasita zegoela, eta, bestalde, askoz ere lasaiago agertzen zela, momentu hartantxe erabaki zuten norbera bere zereginetara itzultzeko tenorea zela, eta halaxe agurtu zuten denek morroia:
-Tira, Agustin, egin ezak esan diadana eta berehala osatuko haiz -sendagileak, sorbaldan zaplada batzuk emanez.
-Eskerrik asko, mediku jauna, etorri izanagatik! -Agustinek, bihotzez.
-Bueno, Agustin, ongi segi eta zerbait ere behar baduk, badakik non gauden laguntzeko prest! -esan zion mutikoaren aitak, azken agur moduan.
-Adio, adio denoi, eta bereziki hiri, Manex, lagundu izanagatik! -morroiak, esker onez.
-Ez horregatik, Agustin! -Manexek, pozik eta bere buruaz harro.
Horrela, bada, egunek aurrera egin zuten neurri berean, dirudienez, morroi hura ere beste eragozpenik gabe, normaltasun osoarekin osatu zen. Denek beren ohiko lanetan jarraitu zuten, oztoporik gabe.
Hala ere, handik egun batzuetara, Manexen baserrian denak bazkaltzen ari zirenean, bat-batean, sarrerako atean <kask-kask-kask!> entzun zuten.
-Nor ote da ordu honetan? -esan zuen aitak harriduraz.
Baina, <kask-kask-kask!> entzun zuten berriz ere denek.
-Banoa! -esan zuen aitak eta ate aldera abiatu zen.
-Kontxo, Agustin! Zer habil hemen? Sendatu al haiz, ba? -aitak.
-Bai, bai, oso ongi nagok, eskerrik asko! -morroiak-. Baina, aizak, gauza bat, Manex etxean al da?
-Bai, bai, hementxe zagok, noski, familia osoa bazkaltzen ari baikinen. -Aitak pixka bat harriturik, morroia ordu hartan hantxe ikusita-. Zer, ba?, arazoren bat?
-Ez, ez! Alderantziz, lasai! -Agustinek, irribarrez.
-Ai!, baina, barkatu! Tira, tira, sartu barrenera! -aitak, irribarre abegikorrez.
Behin sukaldean, bisitariak poltsatxo bat agertu eta handik esku-erakutsi batzuk atera zituen.
-Balin batzuk eta txanpon hauek Manexentzat ekarri ditut -esan zuen denen aurrean pozik-. Hauekin nire esker ona azaldu nahi diot, lehengo egunean eman zidan doaneko laguntzarengatik.
-Hator, Manex!, har itzak opari txiki hauek! -eta, balinak eta duro batzuk eman zizkion ondoko bordariak.
Horrela, bada, egun hartan Manexek egundoko ustekabe atsegina izan zuen, berak gutxien espero zuenean.