Ustezko fikzioak izenburu dauka Zeanuriko Alvaro Rabelli idazlearen azken errelato bildumak. Bertan berrogeita hemeretzi errelato labur jaso ditu. Testuok bestelako argitalpenetan agertu izan dira azken urteotan (Pergola, Idatz & Mintz, Begitu, Rumble, Berria) orain antologia moduan aurkeztu du. Rabelliren lana autoekoizpena bada ere, Arratiako Zertu kultur elkartearen laguntza izan du argitaratzeko. Liburu honetan ere Getxoko Jose Carlos Torre komiki-egile eta ilustratzaileak parte hartu du. Bereak dira hainbat ipuin apaintzen dituzten collage irudiak.
Irakurleak iturri askotako testuak topatuko ditu Rabelliren bilduman: tradiziozko ipuinen oihartzuna dakarten errelatoak, lagunei lotsa barik ostutako biografiak, albiste fikzionatuak, komiki gidoiak, elkarrizketak, beste egile batzuen ipuinen moldapen eta laburpenak. Hego Amerika eta Ekialde urruneko literaturaren lorratza nabarmena da testuotan. Irakurleak arreta handia ipini beharko die liburuak eskaintzen dituen eszena laburren detaile txikiei, istorioaren tolesdurari, amaierei, berba eta esaldi errepikatuei, paradoxei; horiexek direlako Rabellik bere liburuan landu dituen errelato labur hauen ezaugarri nagusiak. Batzuetan, idazkera axolagabea dario liburuari, hiztegikoak ez diren epitetoak erabili ditu, prosaiko samarra, baina beti adierazkorra. Besteetan, berriz, olerkigintzari ere lapurtutako lerrokadak topatuko ditu irakurleak. Ez dago gai bakarra. Esan dezakegu testuok ironia, kritika eta batzuetan egunerokotasunak dakartzan gorabehera eta paradoxetan oinarritzen direla.
Liburua dagoeneko Zeanuriko kultur etxean eta Gasteizko Zuloa liburu-dendan aurkeztu da. Martxoaren 6an Bilboko Anti liburu-dendan aurrikusita dago beste aurkezpen bat.