Irailaren hasieran, eskolara joaten hasi baino lehen, arratsalde batean, aitak Manexi zerrama zaharra pixka bat zaintzeko eskatu zion. Garai hartan, baserrian, zerri eme handi eta zahar bat zuten, oso-oso zaharra, hain zaharra zen, non itsu ere gelditu baitzen. Huraxe izanen zen, segur aski, bere azken udazkena, zoritxarrez.
Egoera zail hartan, ikusmenik gabe, nekez orientatzen zen ibiltzeko garaian, horrexegatik, hain zuzen ere, aitak laguntza eskatu zion Manexi, zerrama hura pixka batean begiratzeko.
Unea iritsita, aitak txerritegiko atea zabaldu eta zerrama atera zedin gonbidatu zuen: <kux-kux!> deitu zion behin baino gehiagotan. Animalia kankailu hura azkenean hasi zen mugitzen, baina, jakina, larrainera atera zenerako, ukuiluko zutabe bat, aska eta atea bera ere jo zituen muturrarekin, gaixoak, ezin ikusi izanagatik. Behin kanpoan, aitak, Manexek eta honen arreba batek, azkenik, poliki-poliki lortu zuten animalia itsua, etxe aurreko lizardiraino joanaraztea, baina ez lehenago larrain ondoko intxaurrondoari eta lizar lodi bati muturreko bana eman gabe.
Hara ailegatutakoan, aitak zera agindu zion seme gazteenari:
-Bueno, Manex, erne ibili eta kontu izan ezak zerramaz, minik har ez dezan! Konforme?
-Bai, bai, lasai, aita! Nire kontu! -Erantzun zion mutikoak, erabakitasunez.
Azkenean, lizardiko belardi zelai txukun hartan, gustura aritu zen zerrama itsua, entzumenak eta usaimenak gidatuta, lurra usnatzen, belarra jaten, soropila muturkatzen, nahiz eta muturrean bertan alanbre lodi bat eduki sartuta, sudurrean, lurra ez muturkatzeko. Zizareak, harrak, zainak eta bestelako xomorro goxoak ahoratzen ari zen, eta animalia gustura asko haiekin.
Geroxeago, erreka txikiko uraren murmurioak erakarrita, lau hankaduna uretaraino joan zen pixkanaka-pixkanaka, egarria asetzera. Manexek urde ahardi zaharra egoera lasai hartan ikusita, bera ere trankildu eta erlaxatu egin zen. Segituan errekako ezkailu eta gainerako ur animaliatxoekin entretenitu egin zen, halako eran entretenitu ere, non zerrama zaintzeko mandatua ere zeharo ahaztu egin baitzitzaion: hemen ezkailu batzuk igerian, hor karramarro bat edo beste oinez, han zapaburu multzo handi bat isatsak mugitzen; harri baten ondoan tximeleta bat pausatu nahian ziru-zira, ur azalaren gainean sorgin-orratz bat hegan eta orbelaren artean eulien zunburruna. Hantxe ari zen mutikoa gogara, bere baitan bildua eta jardun hartan erabat murgildua, harik eta bat-batera eta gutxien uste zuela:
-Plausta! Plasta-plasta! Punpa! -honelako zaratotsak entzuten hasi zen arte. Eta jarraian kurrinka eta zurrunga; haiek ziren haiek garrasiak eta kurrixkak!
Manexek, harrituta, burua altxatu eta begiratu egin zuen: hondamendia! Zerrama itsumustuan eta oharkabean putzu handixko batera erori eta ezin zen atera. Tarrapataka mutikoa ahalegindu zen laguntzen, baina ezinezkoa; bakarrik ez zegoen modurik, zerrama handia baitzen. Azkenean, etxera joan, gertatutakoa jakinarazi eta laguntza eskatu behar izan zien. Lasterka eta batere denborarik galdu gabe, aita eta beste hiru anaia zaharrenak joan ziren Manexekin, ezbeharra pasatu zen lekura. Bi semek belarrietatik tiratuta, besteak isatsetik bultzatuta eta aitak sabeletik pixka bat altxatuta, lauren artean aida batean atera eta salbatu zuten zerri eme itsua. Lasaitu ederra hartu zuten denek!; batez ere Manexek!
Errekatik, denen artean, ukuiluraino eraman eta bere txerritegian sartu zuten; muturreko bat edo beste ere ez zitzaion falta izan zerrama gaixoari, ateratzerakoan bezalaxe, atea eta zutabea jota.
Arazo eta eragozpen haiek ikusita, harrezkero zerri ama zahar eta itsu gaixo hura ez zuten gehiagotan kanpora aterako, harik eta San Martin inguruan, larrainean hiltzeko aterarazi zuten arte, errukarria.
Manex oso pozik zegoen, erabat sinistuta aita une haietan zeharo ahaztuta zegoela berarekin, baina, halako batean, hara non entzun duen:
-Eta hi, Manex!, non hengoen zerrama erori den momentuan? Zertan hintzen? Kontatu! -kargu hartu zion aitak, zorrozki-. Esadak egia, e!, aditu?, bestela gogotik damutuko zaik eta! -agindu zion aitak, kopeta belztuta-. Zergatik ez duk ongi zaindu?
-Bueno, ba, zera, zerriari begira nengoen, baina, bat-batean errekako putzuetan ezkailuak, karramarroak, txalburuak eta abar hasi naiz ikusten, eta haiekin despistatu egin naiz pixka batean…
-Pixka batean diok? Lotsagabea, ez bestea! Niri ez etorri aitzakia merkeekin, e!, ulertu? -bota zion gizonak, mingainean herdoilik gabe, eta arratsalde hartan, bere aitzakiarik hoberenek ere ez zuen Manex libratu, ipurdiko eta belarrondoko on batzuk hartzetik.