Inauteria errito zaharra dugu bai Euskal Herrian eta bai Europa osoan, hainbat ikerlariren irudikoz, Paleolito Arotik datorkigun jai berezia baita. Gure arbasoek leize-zuloetan hartza ezagutu zuten, eta harengan pertsonifikatu zuten ama-lurraren zikloa. Hartza neguan lotan egoten zen, neguloan edo hibernazioan, eta udaberriaren etortzearekin esnatu egiten zen, lurra bezalaxe, eta gizakiek orduan bestelako bizimodua egin zezaketen lur azalean. Inautea (gero inauteria deitu izan duguna) neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denboraldi ilun, hits eta tristea da. Hartza eta lurra iratzarri beharra zegoen, eta inautearen bidez, garai bateko gizaki zaharrek horretan lagundu nahi zuten.
Ipar Euskal Herria edo Hego Euskal Herria esaten dugunean, errealitate politiko bat azaltzen ari gara, hau da, Parisen edo Madrilen menpeko administrazio esparruak bereizten ari gara, sobera dakigun arren, herri beraz ari garela hitz egiten. Gauza bera gertatzen zaigu euskal inauteriarekin, kolonizatzaileek ezarritako sasi-muga guztien gainetik den errealitate bakarra baita. Hori ongi jakinki, nik Iparraldean gaur ditugun hiru inaute mota ezberdinak ekarri nahi ditut, labur, lerro hauetara, hau da, Lapurdiko Ihauteria, Nafarroa Behereko Libertimendua eta Zuberoako maskarada.
1.- Lapurdiko ihauteria.-
Lapurdi osoan zabalduriko inauteri mota dugu, Nafarroa Beheretik gertu diren hainbat herritan baxenafar tradiziozko hainbat elementu eta pertsonaiarekin nahasten bada ere.
Pertsonaia anitz ditu eta kolore handikoak. Dena den, gehien errepikatzen diren pertsonaiak kaskarotak dira, inaute inguruko dantzak egiten dituztenak. Atorra eta galtza zuriz janzten dira, eta buruan daramaten kapelua ere zuria da. Janzkera kolore askotako xingolekin osatzen dute, eta burukoan koloretako loreak edo lumak eramaten dituzte, herriaren arabera. Atorran eta galtzetan zintzilikaturik kriskitin ugari dituzte, eta mugitzean edo dantzatzean dingili-dangala entzuten dira. Hori dena mutil kaskarotei dagokienez. Neskak soineko zuri batez janzten dira, koloreetako xingola eta gerrikoaz apaindurik. Gona zabal-zabala da eta fandangoetan airoski mugitzen dute. Buruan lorez osaturiko koroa daramate.
Hartza ere, ezinbesteko pertsonaia dugu Lapurdiko ihauterian, eta eramaile batek sokaz loturik eramaten du alde batetik bestera. Horietaz gain, badira bestelako pertsonaiak: banderaria, hau da, izenak esaten digun bezala, bandera eramaten duena, kotilun gorria gona gorriaz jantzirik eta buruan ttuntturro bat eramaten duena, bestagorri, txanbra eta aurpegia estaltzen dion mozorro gorriaz janzten dena; galtza zuriak eta abarkek honen janzkera osatzen dute. Bestagorriren mozorro gorria pikor horiz betea egoten da. Zenbaiten ustez, legena irudikatzen dute. Ponpierrak, aurpegia pikorrez beteriko mozorro gorriaz eta burua koloretako ttuntturoaz estaltzen dituztenak, makilaria zuriz eta gorriz jantzirik, dantzatzean makila goiti jaurtitzen dutenak, herriko jaun eta anderea (alkatea eta bere emaztea), zirtzilak zakuz eta trapu zaharrez jantzirik, aurpegia estalita edo erdi estalita daramatenak. Zanpantzar (edo San Pantzar) izenaz ezagutzen dute inauteko asteartean herrietako plazan erretzen duten panpina handia. Eta izan, badira gehiago.
Hartzaren Eguna ohikoa izaten da, eta Hartza ardatz gisa harturik, kaskarotak eta zirtzilak herrietako karrika eta plazetan barna ibiltzen dira. Donibane Lohizunen, Urruñan, Hendaian, Getarian, Azkainen, Baionan…
Ziburun Sorgin Gau ospetsua egiten dute ostiral gau batez, eta ohiko pertsonaien artean Akerbeltz, sorginak eta horrelakoak ere ikus daitezke.
Donibane Lohizunen, azken hamar urte hauetan hiruburuak kalez kale ibiltzen dira dantzari. Zanpantzar erretzen dutelarik, plazan direnek inguruan dantza-jauziak dantzatzen dituzte. Zirtzil gauak edo egunak ere ospetsuak izaten dira, Baionakoa adibidez. Kaskarotak herri ia guztietan agertzen badira ere, ospe handikoak izaten dira Beskoitzekoak. Azken hamarkadan ospe berezia atzeman du Uztaritzen egiten duten inaute-ikusgarriak, Hartzaro izenaz ezagutzen denak.
Pertsonaiak bi taldetan bana ditzakegu, gizarte ordenatuaren ordezkari direnak eta gizartetik kanpo edo urrun direnak, azken horien artean, zirtzilak ditugu garrantzitsuenak. Hauei ere, maskak deitzen zaie.
Neguaren hastapenetan indar ezkorrak, hau da, zirtzilak dira nagusi, baina negua aitzina doan neurrian, indar baikorrak indartzen dira pittaka-pittaka, eta azkenean, Zanpantzar erretzen dutelarik, udaberriaren garaipena da irudikatzen dena.
Zanpantzar Urruñako plazan
2.- Nafarroa Behereko libertimendua.-
Indar handiko inautea dugu, luzaz erdi galdurik egon dena, baina azken hamarkadan indarrez berpiztu zaiguna. Lehen ia herri guztietan egiten zuten arren, azken urte hauetan Donibane Garazin eta Donapaleun ikusi ahal izan dugu bakar-bakarrik. Iaz, bai Irisarrin eta baita Bankan ere egin zituzten. Antton Luku dugu, zalantzarik gabe, Donibane Garazin gertatzen ari den berpizte honen giltzarri, baina ez bera bakarrik, baita Garaztarrak dantza taldea, Lizeoko gazteak, Gaztetxekoak, eta gainerakoak ere. Lan bikaina egin dute auzolanean, eta emaitzak begi bistakoak ditugu.
Hegoaldeko jende guttik ezagutzen du libertimendua, baina azken urte hauetan gero eta gehiago dira, libertimendura hurbiltzen diren hegoaldetarrak. Merezi du, zinez.
Nafarroa Behereko inauteak bi zati ditu: santibateak eta libertimendua. Santibateak lehenago egiten dira, neguaren hastapenetan, eta zirtzilak dira bazterrak inarrosten dituztenak. Libertimenduan, berriz, bolantak izaten dira pertsonaia nagusiak, udaberriaren hurbiltasuna iragartzen dutenak. Lapurdin bezala, hemen ere, bi giza talde ditugu, gizarte ordenatuaren adierazle diren bolantak eta gizartetik kanpo edo urrun dauden zirtzilak. Beraien arteko borroka izaten da libertimenduaren egunean, eta bolantak nagusitzen dira. Udaberriaren garaipena eta neguaren gibelatzea adierazten dute horren bitartez.
Bolantak eta zirtzilak ez dira pertsonaia bakarrak. Libertimenduaren goizean, kabalkada airosa eta ederra izaten da. Kabalkadaren buruan zaldizkoak joaten dira, gero zapurrak larruzko kapelu eta aizkora handiak eramanez, ziganteak ondoren, herriko jaun eta anderea, jaun eta andere laborariak, entseinariak, eta gainerakoak, karrikaz karrika ibiltzen dira. Musikariak eta bertsolariak ere ezinbestekoak dira.
Merkatu estalira iristean, bolanteek dantza-jauzi ederrak egiten dituzte eta tarteka bertsolariak aritzen dira giroa berotzen. Gero antzerkiaren ordua izaten da, bizi-bizia, era guztietako kritika barregarriak eginez. Aurten, Donibane Garaziko Libertimenduan, Luhusoko armagabetzeaz, herriko gaztetxearen egoeraz, Erlea higiezin agentziaz, Jean Lassalle diputatuaz, Baionako lizeo berriaz eta hamaika kontu gehiagoz aritu izan dira ikus-entzuleen barre algarak sortaraziz.
Antzerkiarekin bukatu ondoren, zirtzil eta gainerakoen arteko borrokaldiaren tenorea izaten da. Azkenean udaberria gailentzen da eta zirtzilek, neguarekin batera, ospa egiten dute. Ama-lurraren garaipena da. Bukatzeko denentzako dantza-jauziak izaten dira, eta merkatuko kantinan oso berandu arte irauten duen herri bazkaria. Hortxe izaten dira ohiko solasak, kantuak eta dantzak.
Zaldizkoak kabalkadaren buruan
Bolantak Donibane Garaziko karriketan barna
3.- Zuberoako maskaradak.-
Hauxe izaten da Iparraldean ospe handien duen inaute mota. Goizean barrikadak izaten dira eta arratsaldean maskarada jokoa. Urtero herri batek antolatzen du, eta gonbidatzen duten herrietara hurbiltzen da, igandez igande, maskarada jokatzera. Osora hamabost bat saio izaten dira. Goiz-goizean lehen barrikada izaten da, 9,30ak aldera, eta maskarada egiten dutenak saioa jokatu behar duten herriko lehen etxetara hurbiltzen dira. Hortxe izaten dira herritarrak haien zain. Herriko dantzariek ongi etorri beroa egiten diete hainbat dantzaren bidez, eta etorritakoek modu berean erantzuten diete. Lehen, egiazko barrikada handiak ezartzen zizkieten eta gainetik pasa behar izaten zuten. Gaur horrelako barrikadarik ez dago. Horien ordez, janariz eta edariz beteriko mahai luze-handiak ipintzen dituzte, eta mahai horren inguruan biltzen dira denak, harmonia ederrean. Bospasei barrikada izaten dira herri guztietan. Gero maskarada jokatzera etorritakoek herritarren etxeetan bazkaltzen dute eta arratsaldeko 3,30etan, herriko plazan prestatutako txokoan hasiera ematen diote maskarada jokoari.
Maskaradan badira pertsonaia eta erritual ugari. Pertsonak bi taldetan banatzen dira, gorriak eta beltzak. Gorriek gizarte ordenatua ordezkatzen dute eta beltzak dira gizartetik kanpo edo urrun daudenak. Horien arteko joko eta kalapitek maskarada bideratzen dute hasieratik bukatu arte. Dantzaririk onenak gorrien artean daude: Entseinaria, Zamalzain, Txerrero, Gathüzain eta Kantiniersa. Hauei Aintzindariak deitzen zaie. Baina aintzindariez gain, badira pertsonaia gehiago gorrien taldean: Herriko Jaun eta Anderea, Jaun Laboraria eta Andere Laborarisa, Marexalak, Kükülleroak… Beltzerian berriz, Kherestuak, Xorrotxak, Bühameak, Kauterak, Kabana edo kauter burua, Pitxu bihurria, bedezia…. eta beste.
Maskaradan zehar hainbat dantza ikus daitezke, ohikoenak: Gabota, Godalet Dantza, Brailea… Maskaradan ere erritual ugari daude: Zamalzainen ferratzea eta zikiratzea, txorrotxen jokoa, Herriko Jaunaren ezpata zorroztea, Brailearen karakoiltzea… eta bukaera aldean Pitxuren heriotza eta berpiztea. Hauxe da maskaradaren giltzetako bat. Negua hiltzen da udaberria jaiotzeko, baina zikloa ez da hor amaitzen, negu berria azalduko baitzagu berriz ere, eta horixe da Pitxuren heriotza eta berpiztearen erritualaren bidez irudikatzen dutena, amaierarik gabeko zikloa, alegia. Horretaz gain, badira Zuberoako herrietan izan diren gertakizunak modu umoretsuan, kritika eginez, aipatzen dituzten pasarteak. Hauek izaten dira zuberotarrek gehien maite dituzten momentuak, baita Pitxuren testamentua ere. Bukaeran, maskaradako kantuaren ondoren, Moñeiñak eta Aintzina pika dantzak izaten dira, eta bertan maskarada ikusten izan direnak sartu egiten dira.
Iaz Ainharben eta Urdiñarben ikusi nuen muskildiarrek egin zuten maskarada aparta. Aurten urdiñarbetarrak ari dira herriz herri maskarada arrakasta handiz jokatzen. Parodia horietako batean, muskildiarrek, iazko maskaradan, Marseillesa zuberotarrez kantatu zuten, paparra puztuta. Horratx:
Lürralde hunen haür maitagarrik,
aberri egüna heltü da.
jaüntxokeria kuntre dügü,
odol banderan altxatürik,
odol banderan altxatürik.
Entzüten da baserrietan,
orruaz ari soldadoak…
horra (di)tük gure etxetan,
aürhideen züntzürra moztekotan…
Harro herritarrak!!!
Erroka gitian!!!
Aitzin, aitzin, besten odola,
ixuri gure askan!!!
Eta artikulu honi amaiera emateko ikus dezagun segidan, iazko maskaradan, Pitxuk utzi zuen testamendua. Urtero bezain irringarri eta zirikagarria. Horra hor:
-
Pitxuk üzten dü: girgila bat, argi xüri, gorri eta berdekin, komiteko president berriari.
-
Pitxuk üzten dü: txekier bat Urdiñarbe bihotzin, Amikuzen lanin ari den emazte bati.
-
Pitxuk üzten dü: Bi metrako ecran plasma bat Mauleko koperatifako garaibiesa bati.
-
Pitxuk üzten dü: Bere boz xüxena eliza huntan khantan ari den koralari.
-
Pitxuk üzten dü: Bere kirolai dohaiña pala lehiako eta Xiberoko txapelgoako finaleri.
-
Pitxuk üzten dü: Bere musa plaza huntan üdan ebilten diren merkatü antolazaler.
-
Pitxuk üzten dü: Bere pixuntzia Lanbako gazte bati, Coucouan (Coucou des Bois diskotekan) trankil pixegiteko.
-
Pitxuk üzten dü: Zikinuntzi bat lanbaeser, beren biduak ez üzteko bide bazterrin.
-
Eta Pitxuk üzten dü: bere izpiritü fia dagün maskaradari, gü bezainbeste goza zitien.
Ainharbeko aintzindariak
Muskildiko herriko jaun eta anderea