Irailaren erdialdean, ikasturtea hasi berria zutela, eskolatik atera eta baserrira iritsi bezain azkar, amak askariak prestatu -ogia eta txokolatea- eta berehala bidali zituen bi txerrikume zaintzera, Manex eta adinean bere aurreko anaia zena. Gehienetan baserri aurreko lizardian eta herrirako bidean ibili ohi ziren bi mutikoak, bi txerrikumeak babesten, hauek belarrak, zainak eta txerrien gainerako menuak jaten zituzten bitartean, jakina, aurkitzen zituzten neurrian.
Gauzak horrela, amak honela hitz egin zien bi seme gazteenei:
-Tira, mutikoak!, hartu meriendak eta zoazte lehenbailehen zerrikumeak zaintzera, potzolo-potzolo egin daitezen!
-Bai, oraintxe bertan, ama! -bietako batek, alai.
Bi txerrikumeak sabelaldi berekoak ziren, eta, hain zuzen ere, txerrama zahar eta itsuaren azken kumeetako bi, gainerakoak saldu egin baitzituzten, etxean txerri gehiegi ez edukitzeagatik.
Arratsalde hartan, beste askotan bezalaxe, laurak, hau da, bi txerritxoek eta bi mutikoek, herri alderako bidean jo zuten aurrerantz. Normalean, txerritxoak nora, mutikoak hara joaten baitziren.
Txerrikume haiek ere muturrean, sudurren zehazkiago esanda, alanbre lodi bana zuten jarria, bideetako belardiak eta soropilak gehiegi ez harrotzeko, bestela, noski, txerri guztiek bezalaxe, haiek ere oso gustukoa zuten eta, lurra altxatzea, jakiak bilatzeko. Horretantxe zetzan, hain zuzen ere, bi mutikoen lana, txerrikumeei begiratu eta ez uztea bideak gehiegi urratzen.
Hala, bada, bide hartako toki jakin batean bi lizar lodi eta motz lepatuta zeuden, bat hesitik oso hurbil. Hesiak, pare hartan, elorri beltz handi batzuk zeuzkan, eta denen artean, alegia, elorri handi, lahar luze eta lizar motzaren artean, txabolatxo antzeko zulo bat egiten zuten, eta hantxe egoten ziren Manex eta anaia hura behin baino gehiagotan, hiruzpalau hilabeteko txerrikume haiek zaintzen zituzten bitartean. Barruan bi harri handixko gutxienez bazeuden, eta haietan esertzen ziren biak sarritan askaltzeko, txerritxoak kanpoan ari ziren bitartean.
Arratsalde hartan, ordea, txabolatxoan sartu zirenean, nonbait irudituko zitzaien oraindik goizegi zela askaltzeko, eta bi ogitartekoak hantxe utzi zituzten, geroxeago jateko asmotan. Bitartean kanpoaldera atera ziren, hurrak eta basaranak bilatzera, atetxoa itxi eta gero, jakina.
Bideko hesi batean hurritz batzuk ikusi eta berehalaxe ekin zioten hurrak biltzeari: hemen hur koxkor batzuk jaso, hor beste batzuk koxkorragoak oraindik, han zenbait basaran eder eskuratu, beste aldeko hesian, beste horrenbeste eta abar. Bi anaiak gustura asko ari ziren fruituak biltzen, beste une batean patxada osoz jateko, txerrikumeak paseoan eta olgetan ari ziren bitartean.
Baina txerritxoak aipatuta, halako batean Manex ohartu zen urde txikiak ez zirela han.
-Aizak, hi!, non ote dira gure zerrikumeak? -Manexek anaiari, harrituta.
-Ez zekiat! Auskalo nora joan ote diren deabrutxo horiek. Bilatu egin beharko ditiagu lehenbailehen, bestela gero kontu itsusiak izanen ditiagu aita-amekin.
-Bai, tira! Goazemak segituan! -Manexek, arduratuta.
Lehenik, aurrera jarraitu zuten arineketan, herri alderantz, alegia, baina deus onik ez!
-Ba, hemen ez zegok arrastorik ere! -anaiak, urduritzen hasia.
-Ez, ba! Itzul gaitezen etxe aldera, ea han topatzen ditugun -anaiarik gazteenak, estu eta larri samar.
Lasterka jo zuten biek baserri alderantz, bazter eta zoko guztiak miatuz, baina han ere aztarnarik ere ez.
-Ze arraio egin ote dute zerriok? Hau misterioa! Non ostia sartu ote dira? -Manexek, urduri eta haserre aldi berean-. Berriz ere beste zigorren bat erori behar zaiguk, alajaina!
-Tira, isil gaitezen! -eskatu zuen Manexen anaiak-. Ea honela zerbait entzuten dugun!
Gelditu, isildu eta erne jarri ziren bi mutikoak, ahalik eta gehiena entzuteko: belarriak zorroztu eta tente paratu zituzten; begiak, zoli. Halako batean:
-Egon, egon! Ez al duk deus ere aditu alde hartan? -galdetu zion Manexek anaiari.
-Zer edo zer, uste diat baietz! Goazemak azkar!
Biek, berriz ere, atzera egin zuten, txabola alderantz eta pare hartan zirenean, zaratatxo batzuk entzun zituzten txabola barruan. Harantz begiratu eta atetxoa puskatuta eta lurrean botata ikusi zuten. Sarreraraino joan eta ez al zituzten, ba, bi txerrikumeak barruan topatu, lasai-lasai, mutilen ogitartekoak mauka-mauka jaten, eta zoriontasun aurpegiarekin gainera?
Akabo ogia eta txokolatea! Agur arratsalde hartako askariari! Deus gabe gelditu behar! Baina, harriduraren harriduraz, Manexek txerrikumeei zerbait esan nahi, handik uxatzeko, eta halako zorte txarra izan zuen, non ahoa zabaldu zuenean, euli arrunt bat sartu baitzitzaion zintzurreraino. Zer egin? Ezin kanporatu eta irentsi egin behar izan zuen barruraino, listuaren laguntzarekin; a zer-nolako askaria arratsalde hartakoa! Nazkagarria!, okaztagarria!, higuingarria!
-Alde hemendik, alde hemendik, zerri lotsagabeok! -bota zien Manexek ahots arraro batekin, eulia irentsi eta gero-. Tira!, atera kanpora, urde zikinok! Utikan! Uxta!
Dena den, pixka bat hausnartu eta gero, Manexek ez zion garrantzi handirik eman askariak galtzeari. Hauxe esan zion anaiari aldarte onean, txerritxoak aurkitutakoan, pozaren pozez:
-Bueno, zerrikumeak aurkitu ditiagu eta zigorretik behintzat libratuko gaituk. Bestalde ere, gure meriendak janda, lehenago gizenduko dituk zerritxo guri eta mardul hauek, gero guk jateko, kar-kar-kar! Batez bestekoa eginez ez zegok batere gaizki, e!. -Manexek, alai.
Manexi, txerriek hiltzerakoan egiten zituzten garrasi eta kurrixkek izu-ikara handia ematen zioten, baina, hala eta guztiz ere, gerora txerrikia jatea arrunt gustukoa zeukan.
Gauzak horrela, txerrikumeei paseoan ibiltzeko denbora agortu zitzaienean, bi anaiek baserrira eraman eta txerritegiraino sartu zituzten, egin beharreko guztiak egin eta gero. Geroago amak zera galdetu zien:
-Bueno, eta zer moduz ibili zarete, ba, gaur, zerrikumeekin? Konta, konta! Ez al dizuete lan handirik eman?
-Ez, dena ongi joan da, ama; normaltasunez -erantzun zion Manexek, trebetasun handiz, gezurra disimulatzeko.
-Oso ongi! Pozten nauk, semeak. Eta meriendak, goxoak al zeuden? -berriz ere amak, jakin-minez.
-Bai, goxo-goxoak, batez ere Manexena! -beste anaiak, adarra jo nahian, Manexek lehenago irentsitako euliagatik.