Orri zuriaren gainean hitzak koloreztatzean poetak bere nortasunaren zati bat uzten du tintaren azpian. Ez du sortzen bere istorioaren zati bat ez den hitzik, bere sekretuak hizki artean plazaratzen ditu, nahita edo nahigabe. Baina bere buruari guztiz leial izatekotan, poetak badu idazketaren aurretik egin beharreko lan bat: bere istorioa zein hizkuntzetan kontatu nahi duen erabakitzea. Olerkien errima idaztean, hitzez hitz istorio bat jostean, idazleok gure burua ikertu, ulertu eta azaleratzen dugu. Gure buruko eskemak hizkuntza batean marraztuta egoten dira normalean, eta istorio hura ez badugu hizkuntza berdinean idazten, gure nortasunari uko egiten ari gara?
Euskalduna izateak eta zenbait lan edo zirkunstantziatan gaztelaniaz hitz egiteak ez du arazo partikularrik suposatzen, txikitatik ohitzen bagara elebidunak izatera, zenbait egoeretan hizkuntza bat edo beste hautatu behar izatera. Baina zure inguru guztia euskalduna denean, zure burua euskaraz sortu, ulertu eta bizitzen duzunean, zaila da zure bizitzako arlo garrantzitsuenetako bat gaztelaniaren esku uztea.
Euskara izan zen nire ama hizkuntza. Ez nuen gaztelania ikasi sei urterekin eskolan irakatsi zidaten arte. Gaur egun ere, nahiz eta Euskal Herritik kanpo bizi eta egunerokoan gaztelaniaz bizi, euskaraz pentsatzen dut eta ez daukat oso argi espainiar gramatika (edo hori diote ingurukoek behintzat). Amonak urte gutxitan izan zuen eskolara joateko aukera, baina beste edozein profesionalek baino euskal lexiko zabalagoa du. Lau euskalki ezberdin batu ziren etxean eta haien emaitza naiz ni.
Mundua euskaraz ikasi dut eta orain, nire poesia erabiliz mundu berri bat sortu nahi dudan honetan, bi hizkuntzen arteko talkak oharkabean harrapatu nau.
Joseba Sarrionandiak hala idatzi zuen behin: “Euskara da gure territorio libre bakarra”. Gaztelaniaz idazten dudan bakoitzean dogma bat inposatzen diot nire buruari, oharkabean. Merkatuak gidatzen nau agian, arrakasta gaztelaniaz lortuko dudan ideia zabal horrek. Agian nire ingurukoek espero dutenaren kriterioek jolasten dute nirekin. Agian ezezagunaren eta exotikoaren erakarpenak sorturiko handinahiak irentsi nau. Baina kontua da, gaztelaniaz idazten hasi naizenean, mila proiektu buruan eta mila eskema orrian, nire buruari desleial naizela ohartu naizela.
Literaturak erronka linguistiko bat planteatzen digu idazleoi eta irakurleoi. Hizkuntza batean edo bestean, modu desberdin batean interpretatu dezakegu testua, eta testua erabiliz, era batean edo bestean ulertuko dugu mundua. Literaturaren funtzioa errealitatea errepresentatzea bada, nola idatziko dut gaztelaniaz euskaraz sortu, ulertu eta bizi izan dudana? Nire sentimenduek eraikiko duten poesia sortu nahi badut, nola asmatuko ditut gaztelaniaz sentimenduak, euskaraz bakarrik sentitu badut? Nola berreraikiko dut nire nortasuna gaztelaniaz, euskaraz sortua bada? Ez dakit, agian idazle elebidunak, muga honetan bizi garenak, zalantza amaiezin honetara kondenaturik gaude, edo agian aberastasun bat gehiago da, zalantzek erantzunak baitakartzate.
Literatura Konparatuaren sortzaile nagusietara jotzen badugu ere, hizkuntza eta nazio desberdinek sortzen duten debatea aurkitzen da zientzia honek eman zituen lehen pausuetan. Literatura konparatua, literaturako adar berri bat izanik, nazio eta hizkuntza berrien sorrerarekin jarri zen martxan: azken finean, desberdintasun bat egon behar du konparaketa bat egon dadin. Hasieratik konflikto bat sortzen du arlo honek, literatura nazionala eta literatura unibertsalaren arteko konflikto amaiezin bat. Konflikto akademiko hau kojuntura pertsonala bilakatzen da idazlea orri zuriaren aurrean esertzen den unean, mundua zein koloretan idatzi nahi duen erabakitzean.
Baina, azken finean, arazo guztiek, zalantza guztiek, erronka bat suposatzen dute eta erronka bat gainditzeak arrakasta suposatzen du, Beraz, nire poesia zein koloretan margotu erabakitzen dudan bitartean, nire burua ulertu nahian jarraituko dut, nire eskemen lexikoa menperatu nahian eta literaturaren erronka problematikoa modu positiboan baliatu nahian.