ERREGALIZA

Erregaliza, Glycirriza glabra L. Fabaceae. Makilgoxoa, palodulce, regaliz de palo, regaliz, orozuz, alcanzuz eta beste herri-izenak ere baditu. Manuel Larramendik (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia. 1745) gotxerroa deitzen dio, hau da, gozo eta erroa. Izan ere, bere izen grekoak horixe esan nahi du: glyks (gozoa) eta rhiza (erroa).

Jatorriz Europa hegoaldekoa eta Asiako zenbait tokitakoa. Erregalizaren sustraiak antzinatik erabiltzen dira. Txinako herri-medikuntzan betidanik erabiltzen da eta oso sendagai garrantzitsua da.

Landareak adar gutxi dituen metro bat baino luzeagoko sustraia du (sustrai estoloniferoak) eta beste horrenbeste luzera duten errizoma horizontalak. Errizoma gozoak (makilgoxoa edo erregaliza). Udaberrian, errizoma horietatik zurtoinak ateratzen dira, zurtoin zutituak, adartsuak, 50-100 zentimetro goiera dute, neguan ihartu egiten dira. Zurtoinean, hostoetan eta loreen kalizan guruinak ditu. Hosto zatituak, bakoitzak 4-8 foliolo-pare, eliptikoak edo lantza-itxurakoak, ezpelaren antzekoak. Hostoak likatsuak eta mikatzak dira, eta horien galtzarbeetatik lore txikiak, urdin edo moreak, lukuak eratuz, sortzen dira. Maiatzetik uztailera bitartean loratzen da. Fruitua lekaduna, luzanga, konprimatua, arre-horixka, 1-5 hazi ditu.

Ezpondatan, ur-bazterretan eta erreka inguruetan sortzen da, oro har, kresal- eta buztin-lurretan. Oso landare gogorra da, eguraldi txarra ondo jasaten du. Nafarroako Erriberako zenbait parajetan barra-barra ateratzen da. Harrigarria horrrenbeste erregaliza eskueran izatea, pasieran, tupustean, harekin topo egitean. Herri horietan, gaur egun, baten batek erregaliza landatu egiten du. Sustraiak ateratzeko traktoreaz baliatuz, lurra goldatu egiten da 30-35 zentimetroko sakonera dituzten ildoak eginez. Sustraiak atera ondoren, guraizez moztu eta lehortu. Sustraien lodiera egokia izateko, bilketa bost urtean behin egiten da. Nahikoa da sustrai zati batzuk lurrean uztea, landarea berriro soro guztian zabaltzeko. Neguan, landarearen zurtoin zutitu batzuk, hostorik gabekoak, marroi ilunak, besterik ez da ikusten. Sasoi honetan, landarea ez da nabarmentzen. Oharkabe pasatuko gara horren ondotik. Orduan egiten da uzta, landarearen aireko atala aktiboa ez dagoenean. Udaberritik udazkenera arte loratzen da. Oso landare gogorra da. Penintsulan, Ebro ibarrean sortzen da gehien, Nafarroatik Tortosara (Tarragona). Halaber, Tajo eta Jarana ibaietako arroan, Madril, Toledo eta Guadalajaran sortzen da.

Landarearen sustraiek eta errizomek eragin terapeutikoa dute. Arre kolorekoak dira, ildokatuak, usain aromatiko samarra dute, zapore gozoa. Gaitzen aurka prestatzeko moduak, desberdinak dira: egosketa, beratzea, zukua, estraktu fluidua, estraktu lehorra eta hautsak. Gaur egun, erregaliza hartzeko modurik erabilienak aho bidezko sustraien hautsa zein estraktuak (konprimatuak edo kapsulak) dira. Anis zapore gazi-gozoa du; hala ere, forma eta zapore askotarikoak aurki daitezke merkatuan. Farmazietan, aspalditik, erronboide-formako pastilla batzuk saltzen ditugu. Oso ezagunak, eztarriko gaitzak tratatzeko, horien osagaiak, besteak beste, erregalizaren estraktua, mentola eta eukaliptola dira. Erregaliza, bestalde, gozogintzan (postreak, tartak etab.) askotan erabltzen da, baita edariak eta pipa-tabakoa prestatzeko ere. Badira ere erregalizaren gozokiak, zerrenda kiribilak (gorriak eta beltzak) eta abar. Abanguardiako sukaldaritzan ere erabiltzen da (infusioak eta erregalizaren hautsa).

Bere osagaien artean, glizirrizina izeneko azukre bat, saponina, flabonoideak, glukosa, sakarosa, azido glizirrizikoa, proteinak, taninoa, C bitamina, tiamina eta osagai mikatzak ditu. Erregalizaren sustraiak eta errizomak aspaldiko sendagai ezagunak dira. Eragin koleretikoa dute (behazun-arazoak arintzen ditu), gibela babesten du, halaber, dispepsiak, meteorismoa, urdaileko zein duodenoko ultzerak prebenitzeko eta tratatzeko hartzen dira. Halaber, eztularen aurkako eragina dute, era berean eragin espektoratzailea, mukosen fluidifikatzaileak baitira. Era berean, zenbait tisanatako osagaia izaten da, saponinek gorozkiak biguntzen baitituzte. Bide topikoan, aho-mukosaren hanturaren aurka eta larruazaleko gaitzen aurka (dermatitis seborreikoa, ekzemak, eritema, azkurak, intsektuen ziztadak). Hanturaren kontrako eragina ere badu, baita afoniaren eta eztarriko hanturaren aurka.

Glizirrizinak eragin mineralokortikoidea eta glukokortikoidea du; beraz, kortisolaren kontzentrazioa handitzen bada, odoleko tentsioa handitzen da, eta sodio- eta ur-erretentzioa izaten da. Eragin mineralokortikoidea dela eta, potasio-kopurua jaisten da (hipokalemia). Gibela ere kaltetu ahal da.

Elikagai-industrian edulkoratzaile gisa erabiltzen da. Edarien (sodak, garagardo beltzak, anisatuak) zapore-indartzailea ere bada. Halaber, gozogintzan eta tabakoaren elaborazioan erabiltzen da. Era berean, guztiok dakigu gozoki gisa hartzen dela (errizoma gozoak edo makilgoxoak gordinak, diren bezala, baita konprimatuak eta txikleak farmazietan eta gozo-dendetan ere). Gure aitona-amonen garaian, zenbait herritan, erregaliza izango zen haurren gozoki bakarra.

Baina kontuan hartu behar da erregalizaren erabilera luzeak hipertentsioa, edemak, zefalea eta bihotz erritmoko arazoak eragin ditzakeela. Diabetikoek ere erregaliza kontuz hartu behar dute gluzidoak baititu. Halaber, ahoko antikontzeptiboekin elkarrekintzak gerta daitezke, baita hipertentsioaren aurkakoekin, diuretikoekin, libragarriekin eta kortikoedeekin ere. Medikamentu horiekin batera ez hartzea gomendatzen da.