GIZA HISTOLOGIA OROKORRA eta GIZA HISTOLOGIA MEDIKOA

Iker Badiola Etxaburu eta Edurne Alonso Arana

edurne.alonso@ehu.eus

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari (OEE) eta bereziki Agote sariari esker, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle bik Giza Histologia jorratzen duen liburu bi idatzi dute. Iker Badiola Etxaburu eta Edurne Alonso Arana Zelulen Biologia eta Histologia Saileko irakasleak dira eta histologiaren arloa lantzen duen liburu euskaldun gabeziaz oharturik, Giza histologia orokorra (UEU eta EHU, 2015) plazaratu zuten orain urte gutxi batzuk, non giza gorputza osatzen duten ehunen ezaugarriak eta berezitasunak azaltzen diren biomedikuntza arloko ikasleei zein irakasleei zuzenduta. 2018ko bukaeran Giza histologia medikoa den bigarren atalean giza gorputzean dauden aparatu eta sistemak osatzen duten organo bakoitzaren histologia berezia azaltzeko sortu zen. Organo bakoitzak anatomia mikroskopiko berezia dauka eta bere sisteman edo aparatuan duen eginkizuna deskribatzeko ezinbestekoa da ulertzea morfologia zehatz hori. Honela, ehunetako zitologia edo zelula motak, beren funtzioa, fisiologia eta beste esparru batzuk ere lantzen dira, bereziki patologiarekin zerikusia dutenak.

Histologia izaki bizidunen ehunen antolakuntzaren ikerkuntzan datza. Izaki bizidun guztiok zelulaz osatuta gaude eta zelulak multzoka antolatzen dira ehun desberdinak eratzeko. Hauetako ehun bakoitzak bere funtzio zehatza dauka organo zehatz bakoitzean, azken batean, organoak berak bere funtzioa behar bezala burutzeko.

Histologiak horixe ikertu eta azaltzen du: zelulak eta zelulen arteko guneen antolakuntza eta osaketa egitura desberdinetan. Zelulen antolakuntza ikasteko eta behaketarako, ezinbestekoa da mikroskopioa. Mikroskopioa histologiaren tresna printzipala da. Mikroskopiaz baliatzen gara gure gorputzaren atal bakoitzaren zelulen antolakuntza ulertzeko, azken batean, atal horren funtzioa eta morfologia ulertzeko.

Giza Histologia orokorra liburuan giza gorputza osatzen duten lau ehunak azaltzen dira: epitelioak, konektiboak, nerbioa eta muskulua. Bai lau ehunen ezaugarri orokorrak, zein ehun bakoitzaren azpimota guztien ezaugarri propioak eta berezitasunak; hots ehun konektiboak diren odola, kartilagoa edo hezurra, adibidez. Giza histologia medikoan sistema eta aparatu guztien organo bakoitzaren antolakuntza histologikoa lantzen da, eta modu honetan organoaren atal bakoitzaren forma funtzioarekin lotzen zaio irakurleari.

Lehen aipatu den legez, histologiak beti ere oinarri bisual bat eduki behar du eta azalpen teorikoak mikrografia edo mikroskopioz behatutako lagin batean oinarrituta daude. Irakurketa irudi batzuekin laguntzen da, alde batetik ulergarriago izan dadin irakurketa bera, eta bestetik ikasitakoa lokalizatu eta benetako ehunetan helburu zehatzak identifikatzeko aukera emanez irakurleari. Mikrografiez gain, hainbat kapitulutan eskemak eta irudi grafikoak sortu dira ere, irakurketa ulergarriago egiteko asmoarekin. Giza histologia medikoa liburuan beste berri batekin gatoz: atlas histologiko on-line batekin, hain zuzen. Atlasari esker histologoaren edota histologia ikaslearen beharrizanetara egokitzen gara liburuaren azalpenak bereizmen altuko mikrografietan jarraitzeko aukera emanez. Atlas digitala tresna paregabea izan daiteke ehunen eta organo osasuntsuen antolakuntza histologikoa ulertzeko zein ikasteko.

Kalitate zientifikoa guztiz bermatzen dugu, liburu biak sortzeko erreferentziazko histologiako liburuak erabili baitira: Kierszenbaum eta Tres. Elsevier Saunders ed., 2016; Ross eta Pawlina Lippincott ed, 2015; Welsch U. Sobota. Panamericana ed, 2014; Brüel A et al Geneser Histología. Panamericana ed, 2015; … Orain irakurlearen txanda da. Gogo eta maitasun handiz histologiaren munduan murgiltzeko aukera euskalduna eskaintzen dugu, plazera bilakatzen bada, gure erronkak zerua ukitu du.

Informazio gehiagorako ikusi: http://www.ueu.eus/denda/ikusi/giza_histologia_orokorra eta http://www.ueu.eus/denda/ikusi/giza_histologia_medikoa

Egileak: Edurne Alonso Arana, Iker Badiola Etxaburu

Gaiak: Giza histologia, Osasuna

Jakintza-arloak: Medikuntza eta Osasuna

ISBN: 978-84-8438-565-3

Argitalpen urtea: 2015

Orrialdeak: 152

Egileak: Edurne Alonso Arana, Iker Badiola Etxaburu

Gaiak: Giza histologia, Medikuntza, Osasuna

Jakintza-arloak: Medikuntza eta Osasuna

ISBN: 978-84-8438-672-8

Argitalpen urtea: 2018

Orrialdeak: 268