AXULAR ETA NARRATIBA LABURRAREN EKARRIA

Koldo Mitxelenari ere zor diogu euskal literaturaren historiaz egindako lehenengo ekarpen modernoa, kritika historiografikoaren aldetik gure inguruko literatura handi eta nagusien antzeko lanekin parekagarria. 1960ko Historia de la Literatura Vasca delakoaz ari gara. Bada, benetako mugarria izan zen honetara itzultzen bagara, gure historia literarioan ipuinak izan zuen garrantziaz diharduen pasarte labur batekin topo egingo dugu. Hitz gutxitan Mitxelenak baieztatzen zuen ipuingintzak gure literaturan izandako ekarpen txikia eta kalitate eskasa, ordura arte behintzat. Gaur, ordea, ezin berretsi Errenteriakoaren hitzak ipuingintzak lortu duen garapena ikusita; ezta iraganeko lanen berrirakurketa eginda ere, esango genuke.

Izan ere, ez dira gutxi gure literatura klasikoko prosazko lanetan narratiba laburraren ekarria ikusi dutenak. Horietako bat Patxi Salaberri Muñoa arabarra dugu. Berea da Axularren historiak (Pamiela, 1998) deritzon liburuttoa. Bertan gaurko irakurleari Axular moduko klasiko handiarenganako bidea errazteaz gain, Axularren Gero (1643) lana gogoangarriaren atzean narratiba laburrak zer garrantzi zeukan jarri zuen agerian. Honela zioen aramaioarrak:

Euskal literaturan prosa narratiboaren egituraketa fenomeno berankorra bada ere, ez da falta klasiko bihurtu diren euskal obra ez(ez)agunetan narrazio formen historioak gogoan hartu beharko lukeen modukorik. Besteak beste, erlijio liburuetan erakutsi nahi zenaren konfirmazio historiko-morala lortzeko xedeaz tartekatuak ohi diren kontakizunak”.

Bai, Salaberri Axularrek autore klasiko ospetsuen obretatik jaso, moldatu eta lapurtera itzuli zituen ipuin moduko istorioez ari zaigu, Urdazubikoak Gero ontzeko baliatu baitzituen, etsenplu moral gisa.

Salaberriren hitzetatik, beraz, narratiba laburrak euskal prosa sortzeko bidean izan duen ekarria uste baino sakonago izan delako ondorioa ateratzen dugu. Horrek ere ezbaian jartzen du ipuingintza garaikide modernoa ia ezerezetik sortu zen ikuspegia, beti egon delako garaian garaiko ipuingintza bat, garaian garaiko prosan eragina ere izan duena.

Alvaro Rabelli