MANEX ETA BABAK

-Nik ez dut nahi gehiago, e, ama! -Manexek.

-Nik ere ez; bete egin naiz eta. -Anaiak.

-Bai, bai! Gehiago jan behar duzue!; dena, bestela, badakizue, afaltzeko! -amak, serio eta haserre.

-Ba, nik ezin dut hartu gehiago, ama; leporaino beteta nago! -berriz ere seme gazteenak, aseta eta gogogabeturik.

-Ni berdin nago, ama; ez dut gehiago jateko gogorik -berriro, anaiak.

-Oso ongi! Tira, ba, ekarri platerak berehala hona eta kito! Hau afaltzeko! Ez duzue besterik izanen! Bukatu duk festa! Orain hartu postrea! -horrela hitz egin zien egun batean amak bi seme gazteenei, bazkaltzeko garaian, aldarte txarrean eta ahoan legarrik gabe, baba beltz batzuk plateretan utzi zituztenean.

Izan ere, bi mutikoek ez zituzten batere gustuko baba beltzak garai hartan, eta, antzeko liskar eta gatazkak behin baino gehiagotan errepikatzen ziren sukalde hartan, baba beltzen sasoian. Ama dagoeneko kopetaraino zegoen haurren kasketaz, eta, egun hartan erabaki zuen eskarmentu on bat eman behar ziela biei, ea horrela ikasten zuten txorakeriak alde batera utzita, behar zen bezala bazkaltzen, hau da, mahaira ateratzen zien guztia jaten, berriketarik gabe; normaltasunez.

Gauzak horrela, Manex eta anaia postreko sagarrak jaten ari ziren bitartean, ama sukaldean, beraien atzean, trikimailu txiki bat prestatzen hasi zen, beraiek batere ohartu gabe. Gaztetxoak konturatu orduko, amak, ezkutuan eta isil-isilik, bi baratxuri atal zuritu eta txiki-txiki eginda prestatu zituen.

Manex eta anaia, babak gutxika jaten eta platerean uzten, asko atzeratu zirenez gero, ordurako sukaldean ez zen inor gelditzen ama eta mutikoez gain; bakoitza bere eginkizunetara joana zen. Une huraxe, hain zuzen ere, aprobetxatu zuen amak bere azioa egiteko. Haurrek fruta jaten bukatu bezain laster, ama beraien atzetik oldartu zitzaien, batere errukirik gabe. Soinetatik heldu, lurrera bota eta azpiratu ondoren, banaka-banaka, bakoitzari bere baratxuri atal txikitua sartu zion ahoan eta jarraian hura itxiarazi, amorru handi samarrez, gainera, barazkiak irentsarazteko, eskarmentua har zezaten. Mutikoek orduan amari:

-Baina, ama!, zer gertatzen da? Zertan ari zara? -Manexek, lurrean, zur eta lur; desatseginez.

-Zer nahi duzu, ordea, ama? Erotu al zara? -anaiak, hau ere lurrean, ulertu ezinik eta nazka aurpegia jarrita.

-Irentsi, irentsi ezazue baratxuria, demonio mizkinak! Ea zer nahiago dituzuen, baba beltzak ala baratxurik?, txatxu halakoak! -esan zien amak haserre bizian-. Tira!, ea oraingo honetan ongi ikasten duzuen lezioa, kaiku alaenak! -jarraitu zuen amak-. Eta orain eskolara, tximista baino azkarrago! Mugitu!, alde nire begien bistatik! Azkar! -bukatu zuen emakumeak.

Eta, bai, bazkari hartan, amaren aldarte haserrekorra noraino iritsi ahal zen, hobekiago ikasi zuten. Ikasgai hura ez zuten erraz ahaztuko.