Internet eta Teknologiaren agerkari digitalean ari gara. Internetek eta teknologiek ematen dizkiguten aukerez edo haiekin zer egin dezakegun mintzatzen gara askotan. Baina teknologia horiek barrenetik ezagutzearen beharra aipatzen dut nik askotan eta horregatik gaur oinarri oinarrizko kontu bat ekartzea erabaki dut.
Zientzia.eus-en zifren historiari buruz hitz egin zigun Patxi Angulo Martinek aspaldi (1990), baina oraindik ere 5 artikulu horiek (i, ii, iii, iv, v) oso interesgarriak dira zenbakiei buruz zerbait gehiago ikasi nahi baldin badugu. Horiek irakurrita jabetuko gara zifrak eta zenbatzeko moduak denboran zehar aldatzen joan direla, beharretara egokituz joan dira. Gaur egun erabiliena zenbakikuntza-sistema hamartarra da.
EGIA AL DA HORI?
Gehien erabiltzen den zenbakikuntza-sistema hamartarra al da? Gure gizarteko gizakion artean bai. Beste gizarte batzuei buruz nahikoa ez dakit nik horrelakorik ziurtatzeko, baina uste dut, zifrak beste modu batean irudikatzen badituzte ere, sistema hamartarra erabiltzen dutela leku gehienetan. Eskuetan 10 behatz izateak horretan asko laguntzen du.
Aurreko paragrafoan gure gizarteko gizakion artean erabiliena dela azpimarratu dut. Animaliarik ba al dago ba zenbakikuntza-sistemarik erabiltzen duena? Ez ba! Baina makinek bai! Eta seguruenik makinek zenbakiak guk baino askoz gehiagotan erabiliko dituzte eta hauek ez dute zenbakikuntza-sistema hamartarra erabiltzen, BITARRA baizik.
Bi horiek posizio-sistemak dira, hau da, zenbaki bakoitzak duen posizioaren arabera balio bat du. Horrek asko laguntzen du bi sistema horien arteko aldeak eta parekotasunak topatzen.
Sistema hamartarrak 10 zifra erabiltzen ditu 0-9, sistema bitarrak ordea bi baino ez 0-1. Bietan posizio bakoitzeko zifra sistemaren oinarriaren berredura batekin biderkatzen da eta berredura hori posizioaren araberakoa da. Zenbakiak ikusiz argiago geratuko delakoan nago.
1435 zenbakia hamartarrez honakoa da:
1*1000 + 4*100 + 3*10 + 5*1,
hau da:
1*103 + 4*102 + 3*101 + 5*100
Zenbakikuntza-sistema hamartarrera horren ohituta gaudenez, ez dugu horrelako kalkulurik egin behar. Begiratu bakarrean badakigu hamartarrez idatzita dagoen zenbaki horrek ze balio adierazten duen. Bitarrez ordea, bi zifrekin bakarrik honelako zenbakiak izango ditugu: 1100101. Hau hamartarrez zenbaki nahiko handia litzateke, miloi bat ehun mila ehun eta bat. Baina bitarrez ari garela esan dugu eta horrek zer adierazten duen ziur egoteko goiko kalkuluen antzekoak egin behar ditugu. Ikusi:
1*26 +1*25 +0*24 +0*23 +1*22 +0*21 +1*20
hau da:
1*64 + 1*32 + 0*16 + 0*8 + 1*4 + 0*2 + 1*1 = 64 + 32 + 4 + 1 = 101
Beraz 1100101 = 101??? Bai, 1100101b = 101d (b-k bitarra adierazten du eta d-k hamartarra[1]).
Eta orain informatikarion artean ezaguna den txiste bat ulertzeko moduan zaudete: “Munduan 10 motatako pertsonak daude, bitarra ulertzen dutenak eta bitarra ulertzen ez dutenak”.
[1] Sistema erabilienen artean hamaseitarra ere badago eta euskaraz hamartarra eta hamaseitarra desberdintzeko zailtasunak ditugunez, internazionalean erabiltzen dena erabiltzen dugu, d Inglesez, Frantsesez zein Gazteleraz decimal deritzolako hamartarrari.
Iturria: https://www.sarean.eus/zenbakikuntza-sistema-bitarra/