Lelo horrekin helduko diogu, bigarrenez, maiatzaren 25ean egingo dugun mendi irteera bateratuari.
Zer bultzatu nahi dugu MEEtik?
Sarritan, usteak erdi ustel direlako, ez ditugu urratsak ematen proiektuetan pentsatuz lau katu besterik ez garela izango bat egiten ditugunak dena delako egitasmoarekin. Bidea inoiz ez da erreza izan ezta izango ere euskalgintzan, badakigu. Esango nuke gure kode genetikoan txertatuta dugula aurrera egiteko sasien gainetik eta hodeien azpitik ibili behar hori, halabeharrez eta zorionez, bestela ez geundeke hemen, XXI.mendean.
MEEn bultzatzaileok pentsatzen eta praktikatzen dugu mendianere euskaraz bizi nahi dugula eta merezi duela ahalegin horrek, azken batean mendia beti izan da euskaldunontzat bizitzeko, disfrutatzeko gune naturala; baina jakin behar dugu, beste esparru askotan bezala, eutsi behar diogula erronka horri batasunean, elkarren artean, euskaratik, bestela gainbeheran joango baita euskararen presentzia Euskal Herriko mendietan.
Zenbat gara?
Talde anitzak gara bai jatorriz, adinez eta ibilbidez: Batzuk beteranoz osatuta daude, besteak gazteak dira, beste batzuk familia izaera dute eta beste bat nazioartean ere badabil.
Iaz zortzi mendi-talde eta kultur talde bat ginen, aurten bultzatzaileok bederatzi gara eta atxikimenduak goraka doaz.
Zaila da erakartzea ohiko mendi talde elebidunak ekimen zehatz honetara izan ere bakoitzak bere egutegia dauka eta ez du aukera handirik izaten gure proposamenera egokitzeko; halako kasuetan, beraz, atxikimendua eskatzen diegu.
Beste kontu bat bada ere mendi-talde askotan, nahiz eta euskaldun kopurua altua izan, ez dutela lehenesten euskararen erabilera eta horrek azkenean erderara eramaten du taldearen harremana. Guk halako taldeei ere eskatzen diegu parte hartzea, hain zuzen egun horretan sikiera ahalegina, konpromisoa har dezaten euskaraz disfrutatzeko gurekin batera. Ziur gaude KLIKA berri bat piztuko zaiela barrenean.
Nora goaz?
Aurten, maiatzaren 25ean, Gorbeiara goaz, Pagomakurretik hasita. Bi maialako ibilbidea proposatzen dugu adinekoak eta gaztetxoenak kontuan hartuta: bata Arrabako zelaietaraino eta bestea Gorbeiako puntaraino. Etortzen den talde bakoitza arduratuko da bere jendearen antolakuntzaz.
Proposamen osagarria:
Iazko mendi irteera bukatzean ikusi genuen beste urrats bat gehiago eman genezakeela informazio arloan eta horrela webgune bat sortu dugu mendari buruz euskaraz ekoizten den oro bertan jaso eta mendizale euskalzale munduari bueltan emateko. Hau duzue helbidea: https://mendianereeuskaraz.weebly.com/
Edu Zabala Garagartza, Mendian Ere Euskaraz ekimenaren partaidea