MANEX ETA GOSARIA

Goiz batean, gosari garaian, beste egun askotan bezalaxe, Manex mahaian eserita zegoen, bere katilukada esne, bete-betea, eta ogi zopekin, azukrez ongi hornitu eta gero. Urriaren bukaera aldean zen eta ohiko moduan, gosaria hartzen ari zen, geroago eskolara joateko.

Egunero gosari berdina zuen, alegia, katilukada bat esne -ukuiluko behiena-, ogi zopak -normalean, bezperako ogiarenak- eta koilarakada bat azukre zuri. Baina, hala eta guztiz ere, kontu horretan guztian bazegoen osagai bat, mutikoari batere graziarik egiten ez ziona: esne gaina.

Esne gaina berria baldin bazen, hau da, egun berekoa, orduan, ogi xerra baten gainean ongi zabaldurik eta azukre pixka batekin, nahiko gustura hartzen zuen Manexek. Esan liteke, era hartan, ongi samar jasaten zuela mutilak esne gaina irensteko, hau da, nazka handirik ez zuen hartzen, baina esne gain pusketak bezperako esnearenak baldin baziren, ordea, orduan, ez, baserritar txikiak ezin zituen jasan; goragale handia berehalaxe jarri eta ezinezko gertatzen zitzaion bere burua menderatzea.

Halako kasuetan, Manex segituan hasten zen katiluko esnean igerian zebiltzan esne gain zatitxoak, koilararekin arrantzatzen eta ontziaren ertzetan baztertzen, halako higuinezko momentu txarrik ez pasatzeko, baina goiz hartan, une hartantxe, amak hantxe agertu behar eta zera esan zion:

-Baina, baina, Manex!, zer arraiotan ari haiz hor mizkinkeria horiekin? Hik ez al dakik dena jan egin behar dela? Gainera, hori hoberena duk! Hortxe zegok esnearen substantzia guztia! Tira!, har ezak dena berehala, ez baduk nahi ni haserretzea!, e? -esan zion amak agindu kategoriko baten moduan.

-Jope, ama!, baina ezin ditut irentsi! Badakizu nazka ikaragarria ematen didatela eta botaka eginen dudala tragatzen baditut! Puag!, zer higuina! -kexatu zen mutikoa.

-Manex, tira!, utzi berriketak eta hartu dena oraintxe bertan! Pertsonak denetik jan eta edan behar dik! Aditu? Txorakeriarik ez, mesedez! Azkeneko aldiz esanen diat: bukatu segituan eta ez ni haserrarazi! Bestela, gogora ezak zer gertatu zitzaizuen orain dela aste batzuk baratxuriarekin! Ez nazak behartu ekintza berdina errepikatzera! -oihu egin zion amak, txantxa eta errukirik gabe.

Ama era mehatxatzaile hartan ikusita, Manex ez zen ausartu gehiago protestatzera, ez zuen txintik ere atera eta, aldez edo moldez, gosaria irenstera beharturik sentitu zen; jatera baino gehiago, tragatzera. Hantxe aritu zen zalaparta batean, narda eta higuin zaratak egiten, hurrupaka, oka egiteko zorian, kexaka eta abar. Kalbario handi baten ondoren eta gogotik sufritutakoan, noizbait lortu zuen, nola edo hala, gosari nazkagarri hura bukatzea, baina ez zitzaion batere gorputzaldi onik gelditu.

Presaka zamarra jantzi, eskolarako gauzak hartu, ama ozta-ozta agurtu eta kalera jo zuen lasterka, estu eta larri. Behin kanpoan zegoela, mutikoak ezin gehiago jasan, eta, bat-batez gelditu behar izan zuen; zerraldo bezala. Ahoa supituan zabaldu eta gosari osoa, jaurtigai bat balitz bezala atera zen, tximistaren pare. Hantxe joan zen otordu dontsu guztia, goitik behera, ziztu bizian lurreraino, txorrotako ura bezain arin: ogi zopak, esnea, azukrea eta esne gain pusketa nardagarriak.

Estualdi lazgarri eta astun hura igarotakoan, gorputzaldi goibel harekin eta urdaila berriz ere zeharo hutsik zeukala, herri aldera jo zuen, burumakur, eskolara joateko, bere ezbehar eta nahigabeak nori kontatu ez zituelarik.