MANEX ETA ILTZEA

Azaro hasierako asteburu batean, dagoeneko arratsaldea aurrera ongi joana zegoenean, Manexi etxeko ganbarara joatea otu zitzaion, zer suma eta zer ikus. Garai hartan, beren baserrira telebista oraindik iritsi gabe zegoen, eta, jakina, Internet, ordenagailuak, sakelako telefonoak, Whatsapp eta abarrak ezezagunak ziren han; are gehiago, horietako gehienak artean asmatu gabe zeuden. Ez edukitzeagatik, baserri hartan telefono finkorik ere ez zuten oraindik. Beraz, nola edo hala entretenitu egin behar eta huraxe izan zen mutikoari bururatu zitzaiona, denbora nolabait modu atseginean emateko, alegia, ganbarara igo eta ea han zer topatzen zuen.

Gauzak horrela, lehenik eta behin, katu heldu eta katakumeekin aritu zen pixka batean jostaketan, gero, belar onduaren gainean jauzika eta brinkoka, jarraian, kakoarekin belar idor pitin bat ukuilura botatzen, koltxilako zulotik behera, pertsona helduak imitatzearen plazer hutsagatik, geroago, horma ondoko apalategi zahar baten aldean kokatuta, lanabes eta tresnatxo batzuk ukitzen eta nahaspilatzen, ondoren, gaztandegia ikuskatzen, hau da, gaztak usaintzen, gazura tantaka nola ateratzen ari zen begiratzen, gazten pisua neurtzen, handik, lehortzeko zabalduta zegoen arropa eskukatu eta haren garbi usain goxoa aditzera joan zen, eta, azkenik, ganbarako kanpo aldeko ate zaharreko leihatilatik begiratzen jardun zuen, kalean haizearen ulua, aziendaren zintzarri hotsak eta abar entzuten, eta bat eta beste.

Gauza haiek guztiak egin ondoren, tximinia aldera jo zuen, katutxo bat hantxe ari zelako jostetan zerbaitekin. Bertaratu eta orduantxe konturatu zen iltze handi samar batekin ari zela jostaketan, baina iltzea aurreko hankekin ukitu bezain laster, utzi eta atzera egiten zuen lasterka katu txikiak, behin eta berriz.

Egitate hark atentzioa eman eta jakin-min handia sorrarazi zion Manexi. Segundo batzuen ondoren, halako batean, mutikoa makurtu eta iltzea hartzea bururatu zitzaion, baina:

-Ai! Alua! Zer arraio ote du horrek? -eta Manexek segituan askatu zuen metalezko piezatxoa. Bero-bero zegoen eta harrituta gelditu zen.

Berriz ere makurtu eta ukitu egin zuen iltzea -kontu askoz handiagoarekin oraingo honetan-, eta, bai, metala oso bero zegoen oraindik, ia gori-gori. Berriro ere, arrunt azkar utzi behar izan zuen alde batera zorioneko iltze hura, behatzak erreko ez bazizkion.

Harridura hartan, ez zekien oso ongi zer egin eta nola jokatu. Pixka batez pentsatu eta sukaldera jaistea erabaki zuen, ea nor topatzen zuen, kontatzeko gertaera xelebre hura.

Sukaldera iritsi eta han ama topatu zuen; bakar-bakarrik zegoen une hartan. Antza denez, familiako gainerako guztiak beste zerbaitetan ariko ziren, beste nonbait.

-Ama!, etorri, etorri nirekin! Begira zer aurkitu dudan ganbaran! Harritzekoa da; iltze bero bat lurrean! -esan zion semeak, presaka.

-Iltze bero bat? Benetan ari al haiz? Kontuz, gero, gezurra baldin bada, e!, Manex! Ez niri adarrik jo! -ohartarazi zion amak.

Hala eta guztiz ere, mutikoarekin igo zen ama ganbararaino, badaezpada ere, ikustera zer ote zen gertakari arraro hura.

-Ea non dagoen ditxosozko iltze bero hori -amak, pazientzia erakutsiz.

-Hementxe, begira! -harrotasunez erakutsi zion Manexek.

Amak ukitu eta, bai, iltzea oraindik nahiko bero zegoen. Orduan ama konturatu zen tximinia oso hurbil zutela; hantxe bertan. Gorantz begiratu eta teilatuko gapirio bat, kebidea ukitzen ari zena, hain zuen ere, pixkaka-pixkaka erretzen ari zela ikusi zuen. Belar idorra ere, handik oso hurbil zegoen, hortaz, sutea gertatzeko arriskua ere oso handia zen; ezin zen berriketan ibili.

-Manex, faborez, hoa aitaren bila ziztu bizian eta esaiok etortzeko ahalik eta azkarrena!; arriskuan gaude eta! Baina, laster!, e? -bota zion amak ziplo semeari. Hau segituan hasi zen eskaileretan behera, aitaren bila.

Sukaldera aida batean joan, eta ez! Handik logelara azkar-azkar sartu, eta deus ez! Ukuilura arin baino arinago jaitsi, eta bat ere ez! Manex, ordurako, aita topatzeko itxaropena galtzen hasita zegoen. Hala eta guztiz ere, erdi izerditan baldin bazegoen ere, mutikoak abiadura handian, alde batetik bestera jarraitu zuen aita xerkatzen. Larrainera lasterrean atera, eta ja ere ez! Azkenean, baratzean ikusi zuen aita, zerbait egiten edota zer edo zer hartzen; mutila, zerabilen presarekin, aita zertan ari zen ere ez zen ongi ohartu.

-Aita, aita! Etorri bizkor! Amak esan du berehala ganbarara joateko! Sute arriskua edo ez dakit zer dagoela! -bota zion semeak hitzetik hortzera, arnasestuka.

-Baina, baina, zer diok, Manex? -galdetu zion aitak estu eta larri semeari, eta, herstura hartan, aitzurra pikutara bota zuen ohartu gabe.

-Baietz, baietz, ba, aita! -semeak berriro aitari-, segituan joateko!

Azkenean, biak trostan abiatu eta amen batean iritsi ziren ganbarara, amaren ondora.

-Zer da, ba? -aitak amari, kezkatuta.

-Begira! Ikusi hori! -eta amak, erretzen ari zen gapirioa erakutsi zion aitari, behatz erakusleaz, arduraturik.

-Ostia! Ze itxura txarra daukan horrek! Zuek egon hemen eta ez utzi indarrik hartzen txingarrei!; ez kendu begirik! Ni, bitartean, ur bila joanen naiz! -agindu zien aitak Manexi eta emazteari.

Sukaldera salto batean jaitsi eta minutu gutxiren buruan hantxe zen bueltan gizona, ontzi bete ur eta pitxer batekin. Segidan, pitxerra urez bete eta isurkaria, txingarrak zeuden lekura hasi zen botatzen aita, indarka botatzen hasi ere, halako indarrez, non minutu bat igaro baino lehenago itzali baitzuen gapirio arriskutsu osoa. Jarraian, ganbarako solairua zerbaitekin lehortu eta ukuilura jaitsi zen, masa pixka bat egitera, emaztea eta seme gazteena hantxe utzita, badaezpada ere, gapirioa begiratzeko.

Ukuiluan, bi seme zaharrenekin, berehala egin zuen masa, harea, porlan eta ur pixka batekin. Erreka ondoko legar pixar bat bildu eta berriro ere ganbarara, berandutu baino lehen. Hiru gizonezkoen artean, ongi-ongi isolatu zuten gapirioa tximiniatik, arrisku guztiak behin betiko saihesteko, eta, orduan, bai, lan hura bukatutakoan, lasai asko beheratu ziren denak etxebizitzara.

Afaltzeko ordua iritsi zenean, ordea, Manexek ustekabe bikain eta atsegin bat izan zuen, amak honela esan zionean:

-Manex, gaur gure baserria arrisku handi batetik libratzen lagundu izanagatik, hementxe daukak afari berezia, begira, arrautza frijitu bat osorik hiretzat, eta, gero, bukatzeko, banillazko gailetak! Zer iruditzen zaik, e? -galdetu zion amak.

-Ooooo! Primeran, ama! Zeinen goxoa! Eskerrik asko!

Gau hartan oso zorte ona izan zuen gure mutikoak.