Instituzioetatik sustantzien kontsumo prebentzioan zenbait egitasmo egiten ari gara: gurasoekin, nerabeekin, gazteekin aisialdian,… batzuk esku-hartze zuzenak dira, bertze batzuk taldekakoak eta badira jendarteari bideratutako sentsibilizazio kanpainak ere.
Hurrengo asteburu eta hilabeteetan opor eta parranda garaia izango dugu eta batez ere gure etxeko eta inguruko ikasleek denbora libre gehiago izango dute, ikasturtearen azken txanpan baitaude: aisialdiko eskaintza zabalagoa (herrietako bestak, bidaiak, igerilekua,…), ezer egin behar gabeko ordu hilak… hortaz, bai familiak bai ingurukoek (saltzaileek, instituzioek, komunikabideek,…) dugun eginbeharraz oroitarazi nahi dugu.
Familiei eta bereziki gurasoei, etxetik egin eta jasotzen den heziketaren garrantzia nabarmendu nahi diegu; egunerokotasun irensgarri huntan maiz gure ama edo aita eginbeharretara nekatuak, akituak iristen baikara! Eta gure seme-alabei geronek erakusten ez dioguna inork ez dienez erakutsiko, gure gain dago egin beharrekoaren ardura hartu eta ekitea! Oraingoan, alkohol, tabako edo bertzelako legez kanpoko sustantzien kontsumoa (cannabis…) etxetik ekidin, atzeratu eta landu beharraz ari gara:
-
Ttiki ttikitatik (nerabezaro garaian hastea beranduxko da) konfidantza eta komunikazio ohiturak sortzearen garrantzia.
-
Gurasoak izatea seme-alaben gidari (erabakiak hartzen dituztenak, mugak jarri, sariak ematea erabaki…).
-
Adin txikikoei alkohol eta bertzelako sustantziek eragiten dizkien kalteez ohartaraztea: garunean, ikasketetan, familia gatazkak, afizioetatik urruntzea, ongizate emozionalean… eta kontsumoaren kontrako jarrera eta mezu argiak adiraztea.
-
Lehenik adin txikikoetan ez kontsumoa sustatu behar dugu (kontsumoak eragiten dituen kalte zuzenengatik, legez arautua dagoelako,…), gerora kontsumo adina ahalik eta gehien atzeratzea lortu behar da (norbere erabakiak hartuaraziz, garapen psikologiko eta fisiko sakonagoak bermatuz,…) eta behin kontsumoa dagoelarik, jokabide arduratsuak sustatu (nahasketarik ez egitea, hidratazioa, atseden hartzea, norbere mugak jartzea…) eta arriskuak gutxiagotzeko mezuak helarazi (ikasketa garaian kontsumitzeak dakarren eraginaz, parrandan lagunak bakarrik ez utzi eta bakarrik ez geratzearen garrantzia emanez, etxerako itzulera seguruak eginaraziz…) kontsumoa desagertze aldera.
Inguruak ere badu heziketaren ardura, komunitatean bizi gara: instituzioek, saltzaileek, komunikabideek, barrideek, kirol taldeek… eredua eman behar dugu (ikusitakotik ikasten baita): informazioa zabalduz eta bermatuz, norberaren erabaki hartzeak sustatuz, taldeak eragiten duen presioaren gestioan lagunduz, laguntza bilatzera gonbidatuz, ezetza erranez, etab.