ASUNA

Asuna, Urtica dioica L. Urticaceae. Herri izen asko ditu: asuna, osina, atsunes, oxines, asoina eta abar. Larramendik (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia.1745) dio landare honi osiña, osina, asuna deitzen zaiola. Jose María Lacoizquetak bere hiztegian (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) dio Narbarte inguruan asuña deitzen zaiola, hausina Lapurdin eta asuna Nafarroa Beherean, eta gaineratzen du Urtica dioica landareari ortiga, ortiga mayor, ortiga vivaz deitzen zaiola gaztelaniaz eta asuñ-zuriya euskaraz, haren hostoak berde-zuriak baitira.

Landarea mundo osoko leku epeletan sortzen da. Bere anduitik urtero berritzen den landare bizikor belarkara da, 15-140 zentimetrokoa, dioikoa. Zurtoin karratuak, barrualdea hutsa, berdeak nabardura gorrixkaz zipriztindurik. Anduitik, lurraren arrasean, zurtoin mehe gorrixkak sortzen dira. Zurtoinen muturrean hosto handiak, beste hostoak txikiagoak dira. Obalatu-lantza itxura dute. Horzdunak, peziolatuak, lau estipulak dituzte. Hostoak zein zurtoinak ile erresumin-eragilez estalita daude. Asunek eragiten duten erresumina gizabanako gehienok haurtzarotik ezagutzen dugu. Herri txikietan hazitakook, batez ere. Zenbat pasadizo xelebre ditxosozko asunak direla eta. Berehala ikasi genuen ba asunekin kontu handiz ibiltzen!

Asunen ileak silizez inpregnatuta daude. Halaber, ileek osagai erresumin-eragileak (histamina, azetilkolina, azido formikoa) dituzten zelula handiak dituzte. Ilearen muturra biribila da. Ukituz gero, hautsi egiten da, eta biribila dena, ile punta-zorrotz bilakatzen da, eta orratz hipodermikoa bailitzan, larruazalaren barrura sartzen da, zelulen osagaiak injektatuz eta erresumina sortuz.

Asunaren loreak txikiak dira, berdexkak, infloreszentziek lukuak erazten dituzte. Hostoen galtzarbetan ateratzen dira. Landarearen izenak dioenez, dioikoa da, hau da, landareak oin ar eta emeak ditu. Lore arrek lau estamine eta antera hori argiak dituzte. Lore emeak txikiagoak dira eta estigma biribil nabarra dute. Ekainetik aurrera loratzen da. Fruitua intxaur-formakoa da. Lur nitrogenatuetan, etxeen, ukuiluen, simaurtegien ondoan, hormen oinetan, lugorrietan, bide ertzetan eta abarretan ateratzen dira.

Sendabelar gisa, landare osoa, hostoak eta sustrai freskoak zein lehortuak erabiltzen dira. Sustraiak taninotan oso aberatsak dira. Hostoek eta landare freskoek, berriz, osagai nitrogenatuak, muzilagoa, gluzidoak, bitaminak, gatz mineralak, azido organikoak eta abar dituzte.

Euskal Herrian, herri-medikuntzan, batez ere, zirkulazio-arazoei aurre egiteko erabiltzen da, bai barne bidetik eta bai kanpo bidetik ere. Infusioak eta egosketak, landarearen kanpoko aldea, freskoa edo lehorra, baita zenbait lekutan, sustraiak ere. Odol-zirkulazioa eta bihotzaren funtzionamendua hobetzeko, anemiari aurre egiteko, hemorroideak tratatzeko, kolesterola eta tentsio arteriala jaisteko erabiltzen da. Zenbait lekutan, bederatzi egunez hartzen da. Halaber, beste edozein barazki bezala, egosita jaten ahal da, edo arrautzopil bat eginez. Kanpo bidetik ere zirkulazioa hobetzeko erabiltzen da, hau da asun freskoekin igurtziak egiten dira, baita infusioaren ura hemorroideak garbitzeko ere. Larruazalaren gaitzei aurre egiteko infusioen edo egosketaren ura hartzen da, eta kanpo bidetik ere aknea, herpesa, azkura eta ospelak tratatzeko. Erreuma eta artrosiari aurre egiteko landarearen infusioak hartzen dira. Halaber, erreuma eta artrosia tratatzeko, erasandako lekuetan odol zirkulazioa bizkortzeko, asun freskoekin igurtziak egiten dira.

Sustraien egosketaren urak, taninoak direla eta, eragin lehorgarria du. Hostoen zein landare osoaren infusioek eragin bermineralizatzailea, diuretikoa, urikosurikoa, kolagogoa eta hipogluzemiatzailea dituzte. Digestio-arazoak, giltzurrun-harriak, nefritisa, hiperurizemia, edemak, anemia, metrorragiak eta hematuriak tratatzeko hartzen dira. Bestalde, dermatitis seborreiko, baginitis, estomatitis zein faringitisaren aurkako eragina ere badu (azken bi kasu horietan gargarak eginez). Halaber, landarearen aireko aldearen infusioak eta lurrunak burutik beherakoak, anginak eta bronkio-arazoak tratatzeko erabiltzen dira.

Landare fresko osoaren zukuak, berriz, tanpoi moduan ipiniz, sudur-epistaxien aurkako eragina du, eta konpresa moduan jarriz, erreumaren aurkakoa. Halaber, landare fresko osoaren egoskeraten ura ilearean erorketaren aurka erabiltzen da. Zenbait lekutan, bestalde, landarea loratu baino lehen biltzea aholkatzen dute.

Asunak duen sendatzeko ahalmena aspalditik ezaguna da Euskal Herrian, eta askotan erabiltzen da. Landarea biltzeko orduan herri-aholku bat badago; hau da, asunen ziztaden azkura eta mina saihestearren, arnasa hartu gabe bildu behar direla, eta asunen artean ibili behar denean ere, arnasa hartu gabe ibili behar dela.

Bibliografian, asunaren hostoak eta sustraiak diuretiko gisa erabiltzen dira, batez ere, harrien formazioa saihesteko eta gernu-bideen hantura tratatzeko. Kanpo bidetik, berriz, erreumaren aurka erabiltzen da, eragin errubefazientea baitu.