NANOTEKNOLOGIAREN PROMESAK ETA NANOKOMIK PROIEKTUA

Sergio Urueña eta Hannot Rodríguez

Miguel Sánchez-Mazas Katedra UPV/EHU

Gure mendeko aurreko hamarkadan zehar ohikoa zen egunkarietako zientzia eta teknologia ataletan zein dibulgazio-blogetan nanoteknologiari lotutako ustezko onura eta/edo arrisku sorta zabalaren gaineko artikuluren bat edo beste topatzea. Minbizia suntsitzetik gizateria suntsitzeraino, narratiba baikorrek zein ezkorrek premisa bera zuten oinarri: nanozientzia eta nanoteknologia hurrengo iraultza industriala eragingo luketen disrupzio-gaitasun handiko diziplina emergenteak ziren.

Zientzia eta teknologiaren filosofia, soziologia eta historiaren baitako iritzi batzuen arabera, promesez eta etorkizun posibleei buruzko errepresentazioez blaituriko nanozientzia orainaldiari lotu gabeko lehen diziplina zientifiko-teknologikoetako bat litzateke. Izan materia eskala nanometrikoan (1–100 nm) ikertzea eta manipulatzea gauza berri bat ez zela uste zelako (materialen zientzietan eta ingeniaritzetan edota kimikagintzan hori aspalditik egiten omen da), izan iristear ziren era askotariko aplikazio posibleak azpimarratzen zirelako, diziplina zientifiko-teknologiko honi lotutako erretorikak –diziplinaren hastapenetan, batez ere– orainaldiari bizkar ematen ziola zirudien: zer da benetan egiten ari dena, non, nola, norekin, zertarako eta zergatik, esplizituki aztertu gabeko auziak ziren.

Erretorika futurista horren adierazgarrietako bat 2016 eta 2017 urteetan CIC nanoGUNE-k eta Donostia Internacional Physics Center-ek bultzatu, eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT) eta garai hartan Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa (MINECO) zenak finantzatutako nanoKOMIK proiektua dugu. (Hemendik aurrerako aipu denak, letra etzanetan eta komatxo bikoitzetan doazenak, nanoKOMIK proiektuaren webgunetik ateratakoak dira: http://www.nanokomik.com/index.php/eu/nanokomik/nanokomik-eu-nano.) Bere burua “dibulgaziozko proiektu” gisa ezaugarritu zuen nazioarteko ekimen hau berritzailea izan zen oso, ez bakarrik bere proposamenari zegokionean –nano-fikziozko lehen komiki-bilduma sortu eta zabaltzea– baizik eta erabilitako metodologiagatik ere –modu parte-hartzailean bideratu zen eta diziplina anitzen inplikazioarekin. Proiektuaren izaera futurista ez zitzaion bakarrik bere baitan ekoitzitako komikiek zientzia-fikziozko etorkizunak irudikatu izanari zor, baizik eta, baita ere, eta nagusiki, nanozientziak eta nanoteknologiak etorkizunean edukiko luketen “indar eraldatzailea”-ri buruzko hainbat promesa “gizarteratzea” helburu nagusitzat izateari. Izan ere, “Zientzia alor honek eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira eta eragin nabarmena izango dute medizinatik hasi eta eraikuntzara doazen sektoreetan, gure bizimoduan aldaketa garrantzitsuak eraginez”.

Nahiz eta zientzia-fikzioaren generoaren barruan kokatu, komikien narratiben alderdi interesgarrienetako bat da narratiba horietako bakoitzak ikerketa zientifiko bana duela inspirazio-iturri. Hala ere, dibulgazio-lan klasikoak ez bezala norabide bakarrekoak izateagatik eta askotan ‘defizitaren ereduan’ oinarritzeagatik kritika ugari jaso dituzten horiek ez bezala, alegia, nanoKOMIK-ek ez du xede nagusitzat nanoteknologiaren oinarri teorikoak komunikatzea edo zabaltzea, ikerketa-eremu horren baitako ezagutzaren aplikagarritasun teknologiko posiblea azpimarratzea baizik. Nanozientziaren lorpen teoriko berriak jakinaraztea baino, helburua lorpen horien erabilgarritasun potentziala sustatzea litzateke. Era horretan, erabilitako dibulgazio-ereduak dibulgazioaren objektu den diziplinaren modus operandi-a bera islatuko luke: nanozientziaren ikerketa-praktikak askotan aplikazio teknikoetara bideratzen dira, eta orientazio praktiko horrek legitimatzen du ikerketa, bai maila politikoan (diru-laguntzak eskuratuz, esaterako) zein epistemikoan (ezagutza beraren sorkuntzaz gain, aplikazio-testuinguru jakin batzuetan erabilgarria izango den ezagutzaren sorkuntza baloratuz gehienbat).

nanoKOMIK-en aurki daitezkeen fikziozko artefaktuetako batzuk oinarritzen dituen azalpen tekno-zientifikoaren irudiak

Nanoteknologiaren inguruko promesez eta nanoKOMIK-ek darabilen komunikazio-ereduaz gain, interesgarria ere bada komikiek praktika zientifiko-teknologikoak nola errepresentatzen dituzten aztertzea, praktika horien baitako tentsioguneak barne. Halaz, esaterako, proiektuaren ezaugarri tematiko iraunkorretako bat zientzialaria ‘sortzailea’ eta ‘berritzailea’ den pertsona gisa irudikatzearena da. Komikietan zientzialariaren ikuspegi indibidualista gailentzen da, garapen teknologikoaren eredu lineal baten testuinguruan lan egiten duena gainera: banako batek material jakin baten propietate batzuk ikertzen ditu eta, eskuratutako ezagutzak oinarri hartuta, produktu teknologiko bat garatzen du. Irudi honek ez du baina aintzat hartzen gutxienez modernitateaz geroztik jarduera zientifikoa eta teknologikoa jarduera sozialak direla eta, hein horretan, garapen eredu lineal eta solipsistek ez dutela gehiegi laguntzen ezagutzaren produkzio- eta teknologiaren transferentzia-dinamikak ulertzerako orduan. Gaur egun, praktika zientifiko-teknologikoak ez dira jenio edo ‘asmatzaile’ handien kontua, era askotariko eragile sozialez osatutako interakzio-sareena baizik. Sare horren baitan –ez halabeharrez era intentzionalean eta/edo antolatuan produzitzen eta erregulatzen dira ezagutza sortu, banatu eta aplikatzeko moduak. Horrez gain, eta nabarmena dirudien arren, esan beharra dago ikerketa zientifiko guztiak (izan nano-aren eremuan, zein beste eremuetan oro har) ez direla aplikazio teknologikoetan gauzatzen. Eta, gauzatzen direnen artean, batzuek besterik ez dute iragarritako edo desiratutako disruptibotasun sozio-teknikoa eragiten.

Bineta hauetan zientzialaria jeinu indibidualista lez aurkezten da (nanoKOMIK)

Proiektuak eskaintzen digun beste ideia interesgarrietako bat mimesi-arena da, zeina baliatuz aurkezten zaizkigun nanomaterialetan oinarrituriko hainbat artefaktu teknologiko. Izan ere, nanoKOMIK-ek barne hartzen dituen hamabi teknologietatik zazpik izaki bizidunetan (landareetan, marrazoetan, muskerretan, etabar) zein material bizigabeetan (diamantean, esaterako) aurkitzen diren ezaugarriak antzeratzea bilatzen dute. Mimikara jotzeak, natura inspirazio-iturri nagusitzat hartzeak, diskurtso jakin bat legitimatzeko modu lez interpreta daiteke. Horren arabera, nanoteknologiaren berritasuna ez legokioke erradikalki berritzaileak liratekeen materialak sortzeko bere gaitasunari, naturalki hainbat izaki eta produktuetan jada existitzen diren egiturak sortzeko gai diren ezagutza zientifiko-teknikoak ekoitzi eta erabiltzeko bere ahalmenari baizik.

Fikziozko artefaktuetako batzuetan islatzen den mimesi-aren ideiaren adibide batzuk (nanoKOMIK)

Nanoteknologiak jada naturan existitzen dena erreproduzitzen duela, ez besterik, azpimarratzeak, nanomaterialei berez dagokien arrisku ziurgabeen auzia saihesteko balioko lukeen baliabide erretoriko gisa uler daiteke: ‘naturan bertan aurki daitekeen zerbait baldin bada, zergatik arduratu ezaugarri horren erreprodukzio nanoteknologikoaz?’. Zentzu horretan, nanoKOMIK-ek apenas eskaintzen dio lekurik arriskuen gaiari eta, gainera, arriskuez aritzen den une eskas horietan, arriskuak prototipoei lotutako ‘doitze-arazo’ soil gisa aurkezten dira, edota bestela ‘zorte txarra’-ri egozten zaizkio, kasu honetan, norbaitek, maltzurki, teknologiaren erabilpen desegokia egiteko aukerari (moralki neutrala litzatekeen teknologiaren ideia indartuz, bide batez).

Bineta honetan arriskua prototipoei lotutako ‘doitze-arazo’ soil gisa aurkezten da (nanoKOMIK)

Eztabaidagarriagoak izan daitezkeen irakurketetatik harago, baina, badira nanoKOMIK-en jarduera zientifiko-teknologikoaren dinamika garaikideak modu egokiago edo errealistagoan –karikaturaren barruan, beti ere adierazten dituzten ideiak eta planteamenduak. Adibidez, komikietan transbertsalki lantzen den gaietako bat komunitate zientifikoen baitan dagoen lehiakortasunarena da eta, horri lotuta, zientzialarientzat beste zientzialarien aintzatespenak duen garrantziarena

Bineta honek komunitate zientifikoak arbuiatu duen zientzialari baten mendeku gosea jasotzen du: beste batzuenak diren argitalpenak lapurtu nahi ditu bereak bailiran aurkeztuz (nanoKOMIK)

Orain arte esandako guztiaren arabera, tradizionalki jarduera zientifiko eta teknologikoaren ekoizle bakar lez hartu izan diren eragileak dira nanoKOMIK proiektuaren protagonista nagusiak, alegia: zientzialariak. Galdera bat airean geratzen da, bada: zein da gainerako eragile sozialen lekua nano-fikziozko etorkizun hauetan? Batzuek, ziur aski, galdera hau zein idatzi honetan zehar aurkeztutako hausnarketak garrantzirik gabekotzat hartuko dituzte, bai aztergaia helburu dibulgatzaileak dituen komunikazio-lan bat izateagatik, bai komunikazio-lan horrek fikzioak oinarri eta erreferentziatzat hartzeagatik. Hala ere, jarrera horrek ez luke kontuan hartuko, batetik, zientzia komunikatzeko moduak berebiziko garrantzia duela komunikazio prozesuetan eta, bestetik, imajinario eta etorkizun sozio-teknikoek izaera performatiboa dutela eta, hortaz, eragin garrantzitsua izan dezaketela bai zientzia eta teknologia gauzatzeko eretan zein jarduera horiek gizartearekin dituzten (eta eduki beharko lituzketen) harremanak ulertzeko gure moduetan.