BARATZEAN KOKORIKO

Zerrendan kokoriko, tipulinaz ari,

entsalada berdeak oi, zure bazkari

eta egun alaia liluratzekoan,

txori kantuak ditut belarri zokoan.

 

Alaia zarelako, gaztaro aireak

ahapetik kantatzen zure entzuteak

nire egun alaia liluratzekoan,

zure xaramela dut belarri zokoan.

 

Baba loretsuetan erleak xurgatzen,

liztorra burrunbaka harrapakin biltzen,

auzoaren motorra bezain zaratatsu,

ari dira guztiak eta naute zoriontsu.

 

Nik mugurdiak bilduz, arto hostoak,

bizkarrean zure hatz ukitze eroak

gure hastapeneko habian bezala,

gaurko ohantzean dit laztantzen azala.

 

Izadi ‘ta gizadi amets gisa adi,

banadin baratzean kokoriko geldi.

 

2018/06/04

Hatsaren Poesia – Olerki Bilduma – 2019