Baldin oso arduratuta bazaude etxea ordenatu behar duzulako zure traste zaharrak ez direlako jada inon kabitzen, jakin ezazu, edonon bizi zarela ere, lekua soberan duzula. Non? Ba hortxe bertan, atomoetan! Fisikariei sinistuz gero, atomoen %99,9999999999992-a hutsik dago. Atomo sinple baten irudi sinplifikatuan, elektroiak nukleoaren inguruan biraka ari dira [1]. Atomo baten diametroa 10-10m inguru da, nukleoarena, ~2×10-15m [2] eta elektroiak neurririk ez duten partikulak direla kontsidera daitezke [3].
Katilua erdi hutsik ordez beti erdi beteta ikusten duzuenontzat —hitz zientifiko eta filosofikoak bortxatuz, ‘positibista logikoak’ zaretenontzat— etxeko espazioaren %0.000000000000008-a duzue beteta bakarrik. Joan zaitezkete beraz traste gehiago erostera, atomo hutsek lekua topatzeko beharra kezka hutsala bihurtzen dute eta!
[1] Eguzki-sistema itxurako atomoa oso Irudi sinplifikatua da, irudi ez guztiz zuzena, baina praktikoa.
[2] Diametroaz hitz egitea ez da guztiz zuzena, ez baitira atomoak derrigorrean esferikoak. Zeharkako tamainaz berba egitea egokiagoa litzateke beharbada. Eta nukleoaren tamainari buruz aritzea ere gauza konplexua da, ñabartu beharko litzatekeena, baina hori besteren baterako utziko dugu.
[3] Ikus: https://ca.wikipedia.org/wiki/Radi_cl%C3%A0ssic_de_l%27electr%C3%B3