Maiatzaren 25ean, larunbatarekin, berriro ere Alde Zaharreko Eguna ospatuko da. Hori dela eta jarduera ezberdinez beteriko egitaraua antolatu da. Udalbatza txikiak emango dio ofizialki hasiera jaiari, goizeko 11:00etan Santa Ana Plazan pregoia irakurriko duelarik. Ondoren, plazan bertan, Auzoferia Txikia egongo da. Ordu horretan bertan, txiki naiz helduei zuzendutako bestelako jarduerak izango dute hasiera auzo osoan zehar: Merkaderesen kolektiboen azoka eta San Nikolas Plazan artisau azoka hasiko dira, Labriten aldiz, haur pilota txapelketa. Goizean zehar, auzoko joaldunek, Auzoeneako trikitilariek eta Alde Zaharreko Erraldoi Konpartsak auzoan barna ibiliko dira kaleak girotuz.
Eguerdiko 13:30etan Burguen Plazan egingo den Auzoko argazkira gonbidapena egin da, ondoren bazkari herrikoia ospatuko da Santa Ana Plazan. Ostirala 24a arte Auzoenean izena emandako talde bakoitzak bere kalderetea edo paella prestatu ahalko du. Kaldereria eta Tejeria kaleetan ere bazkariak egongo dira beste urteetan bezala. Bazkalondoren, jaia auzoko kale eta plazetan jarraituko du, kalejirak, kontzertuak eta jarduera gehiagorekin.
Jardueraz beteriko astea
Auzoko eguneko aurreko astean zehar ere bestelako jarduerak antolatu ditu Alde Zaharreko Jai Batzordeak. Maiatzaren 20tik, astelehenetik aurrera Auzoenean “Denon Auzoa” erakusketa egongo da ikusgai. Horretaz gain, Auzoeneako kurtso eta tailerrak kalera aterako dira, emanaldi eta saio irekiak eskeiniz. Ostegunean, 23an, berriz, Arga ibai inguruko flora eta faunaren interpretazio jarduera egongo da. Ostiral arratsaldean, 24an, zein txiki naiz helduek, Bosquecillon hasiko den III Burgu III Milia Herrik Lasterketaren hirugarren edizioan parte hartu ahalko dute.