MATERIA “ILUNA”: ZER DA?

Askorentzat kontzeptu ezaguna izango den arren, testu honetan Materia Iluna zer den azaltzen saiatuko da. Hasteko, argi eduki behar dugu materia iluna eta antimateria, errotik ezberdinak diren kontzeptuak direla. Ez dute zerikusirik, eta ez dira antzekoak. Hau argituta, goazen mamira:

Jakin badakigu, unibertsoko egiturek higidura zirkularrak edo eliptikoak egiten dituztela. Planetek izarren inguruan biratzen dute; izarrek, galaxiaren zentroaren inguruan dagoen zulo beltzarekiko biratzen dute ere. Mugimendu hauek, Newtonen grabitazio unibertsalaren legean oinarritzen dira. Honen arabera, gorputz baten orbitaren erradioa handitzen den heinean, gorputzaren orbita-abiadura murriztuz joanen da. Horrela gertatzen da, sistema baten egitura zentrala den bitartean, hau da, sistema osoaren masa gehiena, zentroan kokatuta dagoenean.

Espiral motako galaxiek egitura zentrala dute, izan ere, galaxiaren zentroan dagoen izar kopurua handiagoa da, beste eskualdeetan baino (eskualde honi, galaxiaren bulboa deritzo). Izar-dentsitate handi horren ondorioz, galaxia osoaren masa gehiena zentroan kokatzen da.

Grabitazio unibertsalaren legeari kasu eginez, galaxiaren zentrotik urrun dauden izarren orbita-abiadura, zentrotik hurbil dauden izarrena baino mantsoagoa izan beharko litzateke, hala gertatzen baita beste sistemetan (Eguzki sisteman adibidez!). Beno ba, hona hemen arazoa: hori ez da gertatzen.

Berdin dio galaxiaren zentrotik hurbil edo urrun egoteak, izarraren orbita-abiadura gutxi gorabehera konstante mantentzen baita. Ez soilik galaxietan, baizik eta galaxia-kumuluetan ere. Orbita-abiaduraren portaera uniforme horrek, ideia bat sorrarazi zuen fisikaren munduan: galaxiaren masa osoa, modu uniformean banatuta egon behar du galaxiako espazio osoan zehar (ezin da bulboan metatuta egon); hau da, guk horrela ikusten dugun arren, galaxiek (espiral motatakoek behintzat) ez dute egitura zentralik. Beraz, “ikusezina” den masa bat existitu behar da legez, izarren orbita-abiaduraren izaera azaltzen duena.

Hau da beraz, Materia Iluna izenez ezagutzen dena. Materia gardena, ikusezina, argiarekin elkarrekintzarik ez, baina masa duena (izena gaizki aukeratuta dago orduan ez? Askoz argiagoa litzateke Materia Ikusezina edo Materia Gardena izatea ez? Horretan ados gaude behintzat). Ideia honakoa da: Materia Ilunak, banaketa esferiko baten bidez, galaxia inguratuko luke hauts kosmikoaren antzera, modu horretan, Materia Ilunaren partikulek ez lukete zertan egitura zurrunak eta makroskopikoak sortu behar. Ez litzateke soilik galaxietan existituko, baizik eta unibertsoko zabalera osoan zehar.

Nabaria ez baldin bada, aurreko parrafoa modu hipotetikoan dago idatzita. Izan ere, Materia Ilunaren presentzia ez dago frogatuta (oraindik). Horretan dabiltza hainbat eta hainbat fisikari munduan, eta espero dugu, datorren urteetan, Materia Ilunaren detekzio zuzena gertatzea.

Hala ere, testuaren puntu honetan sortzen den galdera, honakoa da: Existitu daiteke, masa duen baina argiarekin elkarrekintzarik ez duen materiarik? Ba al dago horrelako partikularik unibertsoan?Galdera honen erantzuna, eranskin moduko bigarren artikulu batean argituko da: Materia “Iluna”: Partikula Gardenak.