ZER MODUZ GABILTZA IRUÑEA DEKLINATZEN?

Hiru urte dira Iruñaren alde artikulua argitaratu genuela Berrian eta ez ditugu orduko argudioak errepikatuko. Eztabaida apur bat sortu zuen, batez ere Nafarroa aldean, eta inpresioa dut klase intelektuala Iruñea-ren alde dagoela nagusiki, Euskaltzaindiaren erabakiaren alde. Asko estimatzen dudan Ibon Sarasolak erantzun zidan Euskadi Irratian esanez eztabaida artifiziala zela, erabakia ondo hartua zegoela eta ia ehuneko ehunean ongi erabiltzen zela hizkuntza idatzian.

Ez zait iruditzen hala denik. Elinberri blog honetan ikusten dut:Moshi Moshi, Iruñeako San Frantzisko kalean. Eta Interneten: Larunbat honetan denok Iruñeara. Tolosatik Iruñeara pedalei emanez. Eta horrelakoak mila. Egia da Berrian, Argian eta oro har hedabideetan ez dela akats gehiegi ikusten, baina hori zuzentzaileei esker da, profesionalei. Baina euskaldun gehienentzat ia ezinezkoa da hitz hau zuzen deklinatzen ikastea.Iruñea (NOR), Iruñeak (NORK), Iruñeko (NONGO), Iruñera (NORA)… eta horrelakoak erraz samar ikasten dira, baina Iruñea inguruan ala Iruñe inguruan? Norberari ere zalantza sortzen zaio. Eta beste testuinguru askotan ere bai.

Duela hiru urte, Debagoieneko institutu bateko irakasleek, denak EGAdunak, euskara batuko ikastaro trinko bat jaso zuten eta bide batez Iruñea nola deklinatu behar den gogoratu zitzaien. Gero, hemen azpian itsasten dugun testa pasatu zitzaien. Emaitza orokorra: erantzunen % 53 ongi, % 47 gaizki. Kalapita orokorra.

Frogatxo bat egingo dugu Elinberri-ren irakurleen artean. Kopiatzeak ez du balio. Eta bestelako tranpek ere ez. % 90 beharko da aprobatzeko. Beno, Iruñeazale amorratuek % 100. Barkatu, nola esan behar da, Iruñeazale ala Iruñezale? Nik ez baitakik.

Esango didazue.

Nafarroako hiriburuaren izena deklinatu Euskaltzaindiaren arauari jarraituz

1.- Iruñ___­­­­ (NON) bizi naiz

2.- Iruñ___­­­­ (NONDIK) nator

3. Zenbat Iruñ___ ezagutzen duzu Euskal Herrian? (izen hori duten lekuak)

4.- Hiru Iruñ___­­­­ daude Euskal Herrian

5.- Bihar Iruñ___­­­­ (NORA) goaz

6.- Iruñ___­­­­ (NORK) alkate berria du

7.- Iruñ___­­­­ inguruan lantegi asko dago

8.- Zein Iruñ___­­­­ (NORTAZ) ari zara, Nafarroakoaz ala Arabakoaz?

9.- Iruñ___­­­­ azpian altxor arkeologiko asko dago

10.- Nafarroa ez da ezer Iruñ___ (-RIK)gabe

11.- Iruñ___­­­­(NOREN) historia luzea da

12.- Saihesbidea ondo etorriko litzateke Iruñ____ (NORENTZAT)

13.- Gure Iruñ______ maitea!, zer egin dizute?

14.- Iruñ___­­­­ (NORAINO) helduko omen da abiadura handiko trena

15.- Iruñ____ (NORTZAT) hartu genuen baina artean Tafallan geunden

16.- Inor ez da oroitzen Iruñ_____ (NOREKIN)

17.- Iruñ_____ (NONGO) Gaztelu Plazan elkartuko gara

18.- Iruñ_____ barrura sartu ezinik ibili ginen

19.- Ekialdeko euskal hiriburuak: Donibane Garazi, Maule eta Iruñ____

20.- Erraza omen da Iruñ_____ hitzaren deklinabidea

21.- Iruñ____ ondoan dugu hotela eta handik oinez joango gara Iruñ_____ hiriburura