OLIBONDOA

Olibondoa, Olea europaea L. Oleaceae. Oso zuhaitz ederra da. Basa-landarea, eta bai aspalditik landatua ere. Aceituno ere deitzen zaio gaztelaniaz eta basokoa dena acebuche, oleastro eta beste izenez ezagutzen da. Larramendik dio (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Donostia, 1745) oliboa deitzen zaiola euskaraz eta basokoa, basoliboa. Zuhaitza landatzen da olioa, zura, hostoak eta olibak lortzearren. Mediterraneo inguruan bizi da, itsas-mailatik 1.000 metrora bitartean. Kobre-aroan (K.a. 2.500-1.800), egungo Jordanian, jada, hazten da. Olibondo basatiak 5 metroko altuera izan dezake. Beste olibondo espeziek ez bezala, basa-olibondoak adar arantzatsuak ditu, bereziki oinarrian. Euskal Herrian, olibondo basatiak Bizkaiko zenbait itsaslabarretan izaten dira, oso urri betiere, haizetik babesturiko lur lehor eguzkitsuetan, hegoaldera begira. Badirudi, beraz, klima epelagoa eta lehorragoa zen garai batekoak dira bertako basa-olibondo horiek, olibondoak klima lehorreko eta epeleko zuhaitzak baitira.

Olibaldi zabalak ikusgarriak dira. Tamaina desberdinetako milaka olibondo zoragarriak, zein baino zein ederrago, horietako asko ehun urtetik gorakoak. Horien arrimuan, zenbait lekutan, dendetan salgai, olibondo-zurez egindako makina bat eraztun, lepoko, eskumuturreko eta beste edergailu politak.

Nafarroan, aurreko mendeko bigarren erdian, olibondoak baztertu samarrak egon ondoren, berriro ere horien ustiapenari ekin zitzaion. Izan ere, 1999an, Kaskanten, eihera eder bat inauguratu zen. Bestalde, Arroitz-en eihera handi bat badago aspalditik.

Herri-medikuntzan, batez ere, hostoen (freskoak edo lehorrak) infusioak hartzen dira tentsioa jaisteko. Askotan, beste landareren hostoekin, nahastuz, egiten dira infusioak, hala nola, ezkaiaren, erromeroaren, pikondoaren eta ereinotzaren hostoekin.

Olibondoa zortzi metroko goierakoa izan daiteke. Enbor lodia, irregularra, bihurria. Azala hauskara-kolorekoa, oso zartatuta. Aurkako hostoak, iraunkorrak, koskagabeak, meharrak, lantza-itxurakoak, nerbiazio nagusia oso nabarmena, punta zorrotzekoak, txorten motzekoak, gainaldea berde distiratsua, azpialdea zilar kolorekoa. Udaberrian loratzen da. Lore zuri eta txikiak: hostoen galtzarbeetan lukuak ateratzen dira, hostoak baino txikiagoak. Olibondoa zuhaitz andromonoikoa da, hau da, lore estaminatuak (lore arrak) eta lore hermafroditak ditu. Fruitua, drupa mamitsua, berde horixka hasieran eta beltzaxka heltzean. Oliba da. Hezurra (endokarpoa) oso gogorra da, eta horren barruan hazi bakarra du. Fruituak udazkenean heltzen dira. Olibondo basatien fruituen mesokarpoa ez da oso haragitsua eta ez du olio askorik.

Olibak, jangarriak izateko, duten glukosido mikatza kendu behar zaie. Horretarako, ur gazitan beratu egiten dira eta ondoren, sodio hidroxido soluzio batean berotu. Osagaien artean, azido oleikoa (%78-86), azido linoleikoa (%0-7), azido palmitikoa eta estearikoa (%9-12) dituzte, baita gatz mineralak eta A, D, E bitaminak ere.

Ezagutzen ditugun oliba ohikoenak berdeak eta beltzak dira. Lehenengoak udazkenean bildu ohi dira. Beltzak, berriz, zuhaitzean lehortzen uzten dira abendura arte. Oliba arruntak 117 kilokaloria ditu 100 gramoko, oliba beltzak askoz gehiago, 300 kilokaloria 100 gramoko. Izan ere, azken horiek lehortzean ur-kantitate handia galtzen dute eta, ondorioz, beste elikagai guztien proportzioa handiagotu egiten da, batik bat gantz-kantitatea.

Oliba berdearen osagaiak hauexek dira: %80 ura, %11 gantzak, %3 karbohidratoak eta %0,8 proteinak. Jakina den bezala, olibaren koipea elikagai bikaina da. Koipearen bi herenak gantz monoasegabeak dira (azido oleikoa), eta beste herena, gantz poliasegabeak eta aseak. Proteinak kantitate txikian izan arren, balio nutritibo handikoak dira, gizakiak beharrezkoak dituen aminoazido guztiak dituztelako.

Bitaminei dagokienez, olibak gantzetan aberatsak direnez, gantzei loturiko bitamina asko dute (A, D, E). Antioxidatzaileak dira eta bihotzeko gaitzetik babesten dute. Karotenoa eta C eta B taldeko bitaminak ere badituzte.

Bestalde, olibak kaltzio- eta zink-gatzak ditu. Bi mineral horiek ez dira ohikoak barazkietan eta fruituetan. Oliba salbuespena da; beraz, elikagai kaltzifikatzailea ere bada.

Olibak, bada, bere horretan, entsaladatan edo zizka-mizka moduan jateko oso onak dira edozeinentzat; bereziki, haur eta gazteentzat, gose gutxi duenarentzat eta behazuneko arazoak dituenarentzat.

Oliba-olioa ere elikagai bikaina da. Gantz azido monoasegabeak, gatz mineralak eta bitaminak ditu. Hazi-olioak ez bezala, oliba-olioa gantz azido monoasegabea den azido oleikoan oso aberatsa da. Oliba-olioa oso jaki ona da kolesterol osoaren zein LDL-kolesterolaren kontzentrazio plasmatikoa jaisten dituelako (biak aterogenikoak dira) eta HDL-kolesterolaren kontzentrazioa igo egiten duelako. Arterioesklerositik eta tronboenbolietatik babesten du. Oliba-olioak, bestalde, behazunaren eta gibelaren arazoei aurre egiteko hartzen da, eragin kolagogoa baitu. Oliba-olioa, bestalde, kolagogo gisa ez da hartu behar behazun-bideak buxatuta badaude. Oliba-olioa, halaber, libragarria da. Era berean, larruazaleko gaitzak tratatzeko, bide topikotik, azaletik alegia, ematen da, eragin biguntzailea baitu: dermatitisa, ekzema lehorrak, psoriasia, erredurak eta abar tratatzeko ematen da. Oliba-olioarekin ere enemak prestatzen dira.

Hostoak zenbait konposatutan aberatsak dira: flabonoideak, triterpenoak, saponosidoak, taninoak, mineralak eta abar dituzte. Hostoen infusioaren eta egosketaren urak eragin baso-zabaltzaile periferikoa du, eta hipertentsioari aurre egiteko hartzen da. Hipertentsioaren aurkako eragina, Euskal Herrian, oso ezaguna da aspalditik. Horrez gain, eragin espasmolitikoa, hodi koronarioen baso-zabaltzailea eta antiarritmikoa badituzte.

Era berean, flabonoideek, triterpenoek eta potasio-gatzek eragin diuretikoa dute, baita antipiretikoa, hipogluzemiatzaliea eta antiseptikoa ere.

Hostoek, goian aipaturiko osagaiez gain, oleoeuropeosido izeneko glukosido bat dute, eragin terapeutiko handikoa: hipertentsioaren aurkakoa, hipogluzemiatzailea, diuretikoa, hodi koronarioen baso-zabatzailea eta antiarritmikoa da.

Kontuan hartu behar da hostoen zenbait konposatu, oleoeuropeosidoa barne, ezegonkorrak direla, beraz, sendagai gisa, hosto freskoak edo horien estraktu egonkortuak erabiltzea aholkatzen da.

Halaber, oliba-olioa, baselina, glizerina, kalendula-olioa eta horrelako substantziek eragin biguntzailea, babeslea, orbaintzailea, hanturakontrakoa eta antiseptikoa dituzte.

Era berean, gaur egun, askotan, herri-medikuntzan prestaten diren ukenduak oliba-olioarekin prestatzen dira. Antzina, ordea, ukenduak animalien gantzarekin prestatzen ziren.