EGUN BATETIK BESTERA JOAN ZINEN

Egun batetik bestera joan zinen okupatzen zenuen espazio txikian betiereko hutsunea utziz. Batzuetan distantzia gordetzen dut zure pasilloan, nireak izaten jarraitzen ez duten lekuak zuretzako gorde nahirik.

Egun batetik bestera joan zinen eta nire azaletik haragoko munduak itxura aldatu zuen, denak leku berean jarraitzen bazuen ere, horren mugiezin, horren ezberdin. Eta, era berean, desitxuraketaren pare, aitortza mota ezezagun bat forma hartzen hasi zen oskola barnetik; nire malkoei aurka eginez zure azken hatsak alaitzen ninduen.

Aitortzen hasi nintzen, egun batetik aurrera, ihes egin nizula askotan, jasangaitza zitzaidala zure dekadentzia, zure zimeltze goiztiar hori. Kalkulu medikuek ezin asma zezaketen amaiera iragartzen zuen zure azal gero eta horixkagoak, eta nahiago izaten nuen besarkada estu bat zure bizkarretik urrunera begiratzeko. Egoismoaren bidea hartzen zuen maitasun forma, nonbait. Zure zainetan hedatu zizuten pozoi-botikak eraginda nazka ematen zizuten gehien gozatzen zenituen jakiek. Eta jaten saiatu arren ezin izaten zenuen, eta ezer jan ez arren gorputzak ahalegina itzultzen zizun kolpetik ezpainetara lotzen zitzaizun lerde likatsu horrekin. Eta neure buruari aitortu nion niri ere higuingarria zitzaidala. Zure gorputzari zerion usain berri horri, eztul eta arnas trumoitsuei, isiltasun iragarleari, zure zurrunken barre ankerrei, zure pelukari, zuri, nire buruari… ihes egin nien behin baino gehiagoetan.

Joan zinen egun hartatik aurrera ihesaldien beharrak berak ematen zidan mina aitortzen hasi nintzaion neure buruari. Zuri hitzez onartzeko berandu izanagatik ere ulertu nuen horretarako beharrik ez zela egon, zuk inork baino hobeto deszifratu baitzenuen atsekabeari aurre egiteko prozedura; zuk, inork baino lehenago, jakin baitzenuen traiziorik ez dagoela urruntzen ez gaituen ihesaldian. Ezagutu zenuen bizitzari gogotik eutsi nahiaren esanahia, baita sufrimenduarekin amaitzeko bizitzaren azkena desiatzea zilegi dela ere. Bazenekien horretan ez dagoela kontraesanik.

Egun batetik bestera joan zinen, baina egunez egun erritmoa baretzen irakatsi zenigun zure ibilkera baldarragoaren urrats bakoitzeko. Ohartu gabe denboraren logika berria asmatu genuen eta zure keinuen aroan bizitzen jarri ginen. Ezagutzen genuen bizitzaren zutabeak erauzi zituzten zure taupadek, kalean zaratarik zabaldu gabe. Eta, dena gainera zetorkigunetan, ohitu ginen taupada eta taupada artean zeuden kontu txikiei arreta eskaintzen; bertatik, ez beste inondik, edozer berreraikitzea dagoela orduan jakin gabe.

Joan zinen egunetik hamaika taupadara, neure buruari aitortzen jarraitzen diot zein mingarria izan zen zure apaltzea, baina zeinen benetakoak zure azken irriak, zure azken esanak, gure azken dena.

Zein askatzailea irakurriko ez dituzun hitzak zuretzako idaztea.

Egun batetik bestera joan zinen eta keinutik keinura nabil ordutik, nireak ere badiren ez-lekuak zure hutsunearekin betez.