Pelikula eskasa zen eta ez dut gogoan izena, baina akordatzen naiz eszena batean norbait liburudenda handi batean zegoela liburuei begira. Dendariak, ea liburu berezi baten bila zegoen galdetu zion, eta harek, ezetz, ez garela liburu bila ibili behar, liburuek gu aurkitzen gaituztela baizik.
Interneten aurkitzen ditugun testuekin berdin, beharbada haiek aurkitzen gaituztegu, eta tamalez, hau irakurtzea suertatu zaizu zuri. Tamalez diot, zeren zorte gehiago izan bazenu, agian idazle arduratsuago baten lanak kausituko baitzintuen eta ez nireak.
Idazle arduratsuaren adibide gisa, ondoko eredua: 1871. urtean, William Thomson-i (Lord Kelvin [1]) “Good Words” aldizkari berrirako iparrorratzari buruzko zientzia-dibulgazio artikulu bat idazteko eskatu zioten. Eta hortan hasi zen, gogotsu, gai erraza zelakoan, erraza baitirudi bi mila urte zaharra den tresna bati buruz aritzea. Baina, nolabait, nahikoa ez zekiela ikusi eta bost urtez egon zen ikasten artikulua bukatu baino lehen. Bost urte horietan, iparrorratz arruntak oso zehatzak ez zirela ohartu eta berria asmatu zuen, gerora Erresuma Batuan Bigarren Mundu Gerrararte iparrorratz estandarra izan zena.
Idazle arduratsuen garaia joana da, gero. Baina zorionez, oraindik ere haien lanek zenbaitetan gu aurkitzen gaituzte [2,3].
——————————————–
[1] Ikus: https://eu.wikipedia.org/wiki/William_Thomson
[2] Lord Kelvinen jatorrizko testua hemen irakur daiteke: https://zapatopi.net/kelvin/papers/terrestrial_magnetism_and_the_mariners_compass.html
[3] Lord Kelvinen testu honi buruz kasualitate hutsez jakin dut. T. W. Körner-ek “Fourier Analysis” liburuan aipatzen du pasadizoa, iparrorratz batek burdin asko duen untzi batean izan ditzazkeen erroreak zuzentzeko Fourierren segidak deritzen formulak nola erabili daitezkeen esplikatzen duenean. Liburu batek beste batera garamatza, eta hark beste batera… ad infinitum.