IRUZKIN LITERARIOA
PEPITO, BIZIMINAREN ETA MAITEMINAREN TXINPARTA
Ainara Maia Urroz
Maiatz 2019
109 or
Bizitzaren udazkenean joan zen ene aita zena, eta orain ene udaberri itxaropentsu honetatik nabarra da gure bihotz-arima, nabarra sentimendua. Hilkorren bihotzetan hilezkor da, hilezkor izateko bihotz guztietan idatzi dut Joxe Maiaren biografia hau: PEPITO, BIZIMINAREN ETA MAITEMINAREN TXINPARTA. Pepito, hala deitzen baitzioten Amaiurko jendeak, etxekoek eta hurbilekoek; bizimina eta maitemina, bizitzeko eta maitatzeko gogo handiz bizitu baitzen 1937an sortu eta 2002an zendu arte. Iragan maiatzaren 3an ortziralean arratsaldeko zazpietan egin nuen liburu horren aurkezpen bat Maiatz elkarteko Luzien Etxezaharreta editoreak lagundurik, Amaiurko alkatearen nahiz jendearen aitzinean eta familiako zenbaiten sostenguarekin, eta eskerrik asko zuen harrerarengatik!
Akatsak akats eta hutsuneak hutsune, hauxe da biografia bat, aitaren alabak idatzia, eta seguru aski desberdina litzateke aitaren semeak, senarraren senemeak edo emazteak edo lagunek nahiz lankideek idatzi izan balute.
Lehenengo pertsonan eta Amaiurko eskuaran idaztea erabaki nuen azkenean, irakurleak hurbil sentitzeko kontakizun hau, protagonistaren ahotik bere bizitza irakur zezan, eta bere biografia bat kontatu dut Amaiurren hasi eta Bidasoan barna Irunen amaituz, Ordiziako Santa Ana ikastetxetik, Donostiako Loiolako La Salletik eta Irungo Txingudi ikastolatik pasatuz. La Salleko anai edo fraide maisu izan zen, 1974an ateratzea erabaki zuen arte, ene amarekin ezkontzeko eta familia bat osatzeko. Donostiako La Salletik atera eta Zarauzko La Salle maisu lanpostua eskaini zioten, bana hainbat eskaintza izan zituen irakasle izateko beste zenbait ikastolatan, tartean Irungoa. Ene amak etxebizitza Irunen zuenez, Irungo eskaintza hartu zuen, eta beraz, zarauztar izan nintekeen ni neroni, baina azkenean irundar naiz sortzez.
2002an desdetxea (desditxa Azpeitia-Azkoitia aldean) etorri zitzaion, eta azkenean 65 urtekin joan zitzaidan aita, min bizi luze baten ondoren, biziminez edo bizitzeko gogo handiz. Nik sentitzen nuen behar bat berak ahoz kontatu zizkigun gauzak idatziz gordetzekoa, eta halaxe, hasiera batean, ene bakardadean aitaren hutsunea gainditzeko terapia moduan idatzi nituen gauza guztiak. Liburuan ez daude ohar eta xehetasun guztiak, eta datu batzuk ere falta dira, baina hark errandakotik eta familiak errandako informazioa eta emandako dokumentu eta argazki zaharrekin osatu dut nire aitaren biografia hau, ez bakarra.
Berak dena apuntatzen zuen bere agendan eta oharretan, eta bere azken egunetan ospitalean morfina-dosia handiagotu zioten arren, dena apuntatu nahi zuen, dena ahazten baitzitzaion. Makinaren zarata ez zitzaion gustatzen eta mendiko freskura nahi zuen, bere sorterriko airea amesten zuen, Itsalosko borda, Amaiur, baina amaitu zitzaion ur bizia. Hark ez zuen inola ere ospitale batean hil nahi, nahiago baitzuen etxean bertan, eta aitaren azken hitzak ditut gogoan:
Edozein delarik ere gure egoera, egin dezagun bizitza hau itxaropenezko besta edo ospakizun, irrika edo desio bat… izan ere, zein zoragarria den bizirik egotea! izan zoriontsu, ainarita (Joxe Maia).
Beraz, biografia hau amaitu badut ere azkenean, bizitzak segitzen du eta hura hilezkor da ene bihotzean betiko:
Agur maite, gorputzez,
baina amodioz ez.
Biografia hau ene bizitza honetan ikaskizun izan dut eta nik bizitu dudan maiteminak edo maitatzeko gogoak ere idatzi du nolabait ere biografia hau, baita maite zaituztedan eta maite nauzuen guztiek ere, eta hargatik, eskerrik asko denei liburu hau amaitzen laguntzeagatik.
Hala, edozein delarik ere gure egoera, egin dezagun bizitza hau itxaropenezko besta edo ospakizun, irrika edo desio bat… izan ere, zein zoragarria den bizirik egotea! Gaurko eguna atzokoa baino hobea izanen ahal da!
(Joxe Maya eta Patxi Ezkiaga???)