Azeri buztana, Equisetum arvense L. Equisetaceae. Equisetum hitz latina da eta zaldi-buztana esan nahi du: equus (zaldia) eta saeta, seta (ilea, zurda). Izan ere, zaldiaren buztanaren itxura du. Dirudienez, mendetan zehar aldatu ez den landare bakarrenetakoa da, hau da, gaur egun, historiaurrean zuen itxura bera omen du. Gaur egun, Asian, Europan, Afrikan, Ipar Amerikan eta beste zenbait lurraldetan sortzen da.
Landareak herri-izen asko ditu: azeri buztana, axari buztana, axai buztana, axari buzten, cola de caballo, canutillo, estañera, eztainu belarra, cola de raposo, cola de zorro eta abar.
Equisetum bizirik iraun duen Equisetaceae familiako genero bakarra da. Honek hainbat espezie ditu: Equisetum arvense, E. ramosissimun, E. fluviatile, E. sylvaticum, E. giganteum, E. hyemale, E. telmateia eta abar. Jose Maria de Lacoizquetak (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas. Imprenta Provincial. Iruña. 1888) dio Equisetum telmateia espezieari eztañu-belarra deitzen zaiola euskaraz (eztañuba eta belarra), eztainuzko ontziak garbitzeko erabiltzen zelako. Lacoizquetak dio bere garaian, otorduetan, jada, portzelanazko ontziak erabiltzen zirela, baina bere aitona-amonen garaietan, otorduetan, eztainuzko ontziak erabiltzen zituztela, eta landare horren laztasunaz baliatzen ziren eztainuzko ontziteria garbitzeko. Lacoizquetak gaineratzen du zenbait familiak eztainuzko ontzi horiek gordetzen dituela, oroigarri gisa.
Azeri buztana landare belarkara eta iraunkorra da. Zainak dituzten lurpeko errizomatik aireko zurtoin tenteak, ildaskatuak, begitsuak, sinpleak edo adartsuak sortzen dira. Ez du lorerik, beraz, hazirik ere ez.
Bi zurtoin mota ditu: emankorrak batzuk, antzuak besteak. Zurtoin emankorrek ez dute adarrik, makalagoak dira, arre-gorrixkak, klorofilarik gabekoak eta esporak gordetzen dituzten estrobiloak muturrean. Esporen zorroa lau atal elastikoek osatzen dute. Beroaren ondorioz zorroa deformatu, ireki eta esporak kanporatzen dira.
Zurtoin emankorra neguaren bukaeran eta udaberriaren hasieran sortzen da. Ez du hostorik. Zurtoin antzua, berriz, udan ateratzen da, emankorra hiltzearekin batera. Zurtoin antzuak begetatiboak dira, hutsak barrutik, tarteka adabegiak ditu, eta horietatik hosto mehe asko ateratzen dira, pinuen hostoen antzekoak, bertizilatuak, nerbiobakarrekoak, soldatuak adabegiaren inguruan. Eragin terapeutikoak zurtoin hauek eta horien hostoak dituzte.
Belardietan, sasi artean, erreka eta ibai ertzetan hazten da. Lur hezea eta buztintsua gustukoa du. Bilketa, udaberriaren bukaeran, udan eta udazkenean, freskoak daudela, egiten da. Lehortu ondoren, ontzi edo oihal batean, urte guztirako gordetzen dira.
Gatz mineraletan oso aberatsa da. Silize asko du. Euskak Herriko Iparraldeko herrietan, zurtoin eta enbor beratzak, entsaladatan zein irineztatuak eta frijituak jaten dira. Halaber, landarearen epidermisaren konkrezio silizeoak direla bide, equisetum betidanik erabilia izan da ontziak garbitzeko eta metalak leuntzeko.
Dioscorides-en Jakintzagai Medikoa liburuaren arabera, landareak eragin diuretikoa, mineralizatzailea eta hemostatikoa ditu. Euskal Herrian, batez ere, haren eragin diuretikoa dela eta, giltzurrunen gaitzei aurre egiteko erabiltzen da: kolikoak, gernu-erretentzioa eta horrelakoak. Likidoa galtzeko, argaltzeko eta hanketako hanturak tratatzeko erabiltzen da. Prestatzeko moduetako bat hauxe da: 40 bat gramo landare lehor eta litro erdi ur, 15 bat minutuz egosi, eta egunean 3 aldiz hartu. Pixabideak garbitzearekin batera, odola ere garbitzen du, bai eta larruazaleko arazoak gutxitzen lagundu ere. Prestatzeko beste modu bat hauxe: landarearen infusioa zein egosketaren ura, bederatzi egunez, katilukada bat edo bi eguneko hartzek da.
Eragin diuretikoa potasio asko dituzten gatz mineralek, saponinek eta flabonoideek ematen diote.
Zurtoinek eta adarrek duten silizeak ehun konjuntiboa estimulatzen du, beraz, kartilagoa ere bai. Hori dela eta, artikulazioetako gaitzek onera egiten dute. Silizioak laguntzen du hezurretan eta tendoietan kaltzioa itsasten, beraz, hezurren hausturak eta lotailuen distentsioak sendatzeko erabiltzen da, baita osteoporosia tratatzeko ere. Arrazoi beragatik, tendoien malgutasuna zein odol-hodien paretak babesten ditu, baita azazkalak eta adatsa ere. Haurdunaldian, ahulezian eta hezur-hausturen kasuetan bermineralizatzailea da. Gaitz hauek guztiak tratatzeko, landarearen aireko atal lehortuarekin infusioak egiten dira. Etxarri-Aranatzen diote infusio horrek “hezurrak eztainuztatzen dituela”.
Era berean, landarearen eragin hemostatikoa dela bide, odoljarioei aurre egiteko erabiltzen da: sudurreko odoljarioak, odola darien hemorroideak, hilekoaren gehiegizko odoljarioak, giltzurruneko eta maskuriko odoljarioak, urdaileko odoljarioak. Barneko odoljarioak nahiz kanpokoak. Horretarako, 50 gramo azeri-buztan landare lehor eta litro erdi ur egosten da. Barruko odoljarioak tratatzeko, ur horren 3-4 basokada eguneko hartzen da; kanpoko odoljarioak tratatzeko, ur egosi horrekin gaza bat busti eta gazarekin odoljarioak garbitu; sudurreko odoljarioei dagokienez, gaza sudur zuloetan sartu. Ur horrekin ere sudur zuloak zuzenean garbitu ahal dira.
Bide topikoan, larruazaleko arazorik izanez gero, hala nola zauriak, ekzemak, ultzerak, onddoak, herpesak eta abar, hostoak txikitu eta txaplata moduan jarri. Izan ere, gaitz horiek orbaintzeko eta sendatzeko gaitasuna baitute. Zenbait lekutan, afekzio horiek tratatzeko, oliba olioarekin, argizariarekin eta azeri buztanarekin ukenduak egiten dira.
Eztula, burutik beherakoak, bronkitisa eta abar sendatzeko, 30 gramo landare eta litro erdi ur egosi 20 minutuz, eta 3 basokada eguneko, edan.
Eztarriko arazoak, laringitisa, ahoko infekzioa, aftak edota txantxarrak edukiz gero, gargarak egin: 10 gramo azeri buztan eta ur basokada handi bat, irakin, eta disoluzio horrekin gargarak egin. Sobera geratu dena, bota.