KAPELUARENA

Duela hilabete batzuk, munduaren bukaera gertatua zela sinetsi nuen. Etxetik abiatuz, nire kanguru larruzko kapelua galdua nuela, hots, autoan haren ohiko lekuan ez zegoela, ohartu nintzen.

Baina nondik etor daiteke kanguru larruzko kapelu bat ez bada Australiatik? Hango kanguruak hain gainezka dituzte, non Australiarrek, ukituak izan gabe, hainbat kanguru hilotz ikusten dituzten errepide bazterretan. “Roadkill” deituak, edo, hitzez hitz, errepide-hilak.

Gertatzen dena da herriaren barneko garraioa biziki gutxi trenez egiten dela. Egia da, hiri handien arteko distantziak luze-luzeak direla. Perth-etik Sidney-ra, adibidez, 4000 bat kilometro dituzue. Gau eta egun, kamioi erraldoiek, “road-trains” edo errepide trenek, bizpahiru erremorka edo atoi tiratuz, garraio gehiena egiten dute. Australian, errepide asko “blacktop” edo mundrunik gabekoak dira. Autoz horrelako kamio bat segitzen baduzue, hauts hodei batean zarete eta aurreratzeko gogorik ez duzue!

Bestalde, lurrezko bidean gidatzeko, haien abiadura nahikoa da turismo auto batentzat! Horrez gain, tren hauek aurrealdeko ezkutu sendo-sendoak daramatzate. Kabala edo basatiak topatzen dutenean, ez dira ez moteltzen, ez gelditzen! Horrelako ezkuturik gabeko auto baten gidariaren bizirik irauteko arau bat, iluntzez edo gauez ez gidatzekoa da. Hura bera “Roadkill” ez bilakatzeko!

Gameluak ere harrapatzen dituzte errepide trenek. 19. mendearen bigarren erdian eta 20.aren hastapenean, hogei mila bat Arabiatik inportatuak izan ziren zernahi garraiatzeko, Australiaren klima bero-bero eta idorrengatik. Baina, auto eta kamioen erabilpena hasi zenean, 1930ko hamarkadatik goiti, gameluak baserrialdean askatuak izan ziren. Espezie inbaditzaile bilakatu dira : milioi bat inguru ziren 2009an, tiroka hiltzea onartu zenean. Baserritarren uztak jaten dituzte, baita gutxi den ura edaten ere kabalarentzat eraikitako zipuetan edo putzuetan. Beraz publikoaren sinpatia gutxi dute eta laborariena are gutxiago.

Jadanik asmatu duzuen bezala, hantxe, Australian, laburki bizi izan ginen emazte eta biak. Nire lanbidearen azken bi urteak, Perth hirian pasatu nituen 2008tik 2010era. Perth, mendebal kostaldean kokatua da.

Hango aireportura iritsi orduko, “mate” bilakatzen da nornahi. Meit ahoskatzen da, “ei” diptongo gisa. Beste ingelesez mintzatzen den herri gehienetan eta literaturan, “mate” erraten edo idazten duenak harreman

baten egoera iruditzen du: lanekoa, adiskidetasuna, elkarrekin egoitzaren partekatzea eta abar. Australian, “Sir” edo “Mister” ia ez dira entzuten, “Hi mate!”, “Thanks mate!”, aldiz, askoz gehiago. Edonon edonoiz, ezezagunen artean ere, kasik araua da, etxekotasun edo familiartasunik adierazi gabe.

Hala ere, keinutxo bat da. Jendeen arteko harremanak formalitaterik gabekoak dira. Apaltasun eta auto-trufa ere zabalduak dira. Lan egunaren bukaeran, etxeratzeko autobusaren zain zaretenean, bulego eraikinaren pean, Perth-en etorbide nagusian, nornahi zuekin elkarrizketan hasiko da. Nongoa zara? Nondik zatoz? Zertan ari? Zergatik hemen? Etorkin erreflexu bat, beharbada, duela berrehun urte galdetzailearen familia etorri izanagatik ere.

Aurreko hemengoak, aborigenak, haien herrian gaurko gutxiengoa dira. Haiek, kanguru haragia eta larrua beti erabili dituzte, jateko eta janzteko. Hiri handietan ia ez genituen ikusi eta bulegoetan are gutxiago. Ikerleen arabera, Afrika utzi zuten lehen Homo Sapiensak, Australiara etorri zirela duela 50.000 urte irakur daiteke www.hominides.com* webgunean. Iturri beretik, Europa eta ekialdea kolonizatu zituzten Homo Sapiensak Afrikatik berantago abiatu ziren. Ironiaz pentsa daiteke, 18. mendean Europatik etorritako lehen gizaki zuriak ikustean, aborigenek sinetsi izanen zutela haien arbasoak zirela, beste jakintsuek diotenez. Eta “arbasoek” eramandako eritasunek batez ere, ia ehuneko laurogeita bost aborigen hil zituzten, ezpata eta pistolek baino askoz gehiago, 1788tik 1900era**. Orduko aborigenen kopurua 100.000 bat zegoen. Berriz handitu zen gaurko 800.000 bat lortzeko, gutxi gorabehera 1788ko kopurua**. Nabarmena da 25 milioi Australiarren artean barreiatuak direla, hauek guztiak hamalau aldiz Frantzia metropolitanoaren azalera duen herri-kontinente batean egonik.

Fite ulertzen da, “mate”-en arteko elkarrizketa gairik ez dagoela aborigenen egoeraz. Eritasun, ezpata eta pistolek egin ez zutena, gaur egun pobretasun, alkohol eta drogak egiten saiatzen dira, Aborigenen erreserbetan edo herri handietan. Horri buruz, gaurko Australiar idazleek, haien nobeletan, irakurleei ideia batzuk ematen diete. Bestalde, noiz behinka, eguraldiari buruzko ohiko pleinuak eginik, taxi gidari batek haiez mintzatzen hasiko da. Ez ongi. Ongizate bulegotik kasinora jasotako laguntza jokatzeko baizik ez dituela eramaten errateko.

Pena da. Izan ere, aborigenek izadiarekiko harreman estuan bizi ziren lehen, bizirik irauteko behar zutena baizik ez hartzen. Besteak beste kanguruak, haragiagatik baita larruaz janzteko ere. Orduko klima ziur aski ez zuten aldatzen. Bidaiari handiak ziren, bide luzeak buruz jakinez eta kantuz gogoratzen eta transmititzen, ahozkotasuna nagusi. Animaliak bumeran bezalako arma primitiboekin harrapatzeko, ehiza talentu izugarriak zituzten. Gaur egun, gaurko munduari moldatu zirenak 4×4 SUVetan ikusten

dira baina apartheid diskretu batean bizi direla gehienak iruditu zitzaigun, emaztea eta biak han bizi ginenean.

Perth hirian, mediterraneoko klima batean bizitzeko inpresioa genuen. Eguzki orduak luze-luzeak ziren. Baina horrez gain, ozono geruza zulo handi baten azpian dago Australia. Hango gurasoek badakite, hondartzan lasaitzeko haurrek urperatze moduko jantzi behar dituztela larru osoa estaltzeko. Hainbesteraino estaltzen non batzuetan anemia sufritzen duten haurrek, larruko min bizia saihesteko esperantzarekin. Ekialde urrunetik etorritako emakumeek ere kaleetan eskularruz jantzita ikusten dira askotan. Horrekin denekin, kasu egin behar genuela bagenekien. Gaztaroan eta beste herri eguzkitsuetan gure “eguzki kapitala” jadanik ongi gastatua genuen. Etorri ondotik, lehenbailehen kapelu egoki baten erosketa funtsezko beharra zen, asteburuan hondartza edo beste kanpoko lekuetara joateko.

Beraz, hiri barneko bulegoen auzoan, nire lehen lan eguerdian, ogitartekoa irentsi orduko, kapelu denda batean sartu nintzen. Nahi nuen kapeluak, bai eguzkia, bai euria jasaten ahal behar zuen, aste egunetan etxetik hiri barnera autobusa hartzeko ere. Harridurez, kanguru larruzko kapeluak salgai zirela konturatu nintzen. Australiara joan aurretik, kangurua ikono motako bat zela uste nuen, babestua eta gutxi. Ez! Batere ez! Eta harategietan kanguru azpizun edo solomoen saltze argudioa CO2ren murrizketa da! Kanguru haragia janez, ingurumenari zerbitzua egiten diozue! Behi eta ardia ordezkatuz, zeinek CO2 askoz gehiago ekoizten dute***.

Orduan, behi edo idi larruzkoak ukitu eta saiatu ondotik, eskuetan kanguru larruzko kapelua hartu nuen. Bigarren harridura izan nuen: arin-arina eta malgu-malgua zen. Lan maletatxoan aise zapaltzen zen. Eguzki eta ozono geriza zulotik aurpegia ongi babesteko, hegal zabalak zituen. Perfektua! Australiar bat bezala bizitzeko prest nengoen.

Australiarrek, kanpoko bizitza kultura sendoa dute. Etxean gutxi gelditzen dira. Mugitzeko modu denak onak zaizkie: oinez, igeri eginez, patinetez, bizikletez, autoz, itsasontziez, surf taulez, kite-surfez, baita eskiez ere! Mugitzen ez direnean, kanpoan ere udaberritik udazkenera eguraldi idorraz baliatzen dute kanpoko zinema, kontzertu eta pikniketan. Perthen, ibaiaren bazterretako baratze publikoetan, “barbecue” edo barbakoa publikoak ere daude! Haien inguruan ere, lehen aldiz ikusi genituen xanpaina basoendako euskarriak, lurrean ziztatuak!

Bertakoak, haien itsasoko ekitaldietan, uretan direnean, marrazo baten topatze arriskuaz gutxi axolatzen dira. Urtero, marrazo erasoengatik, batezbesteko bat edo bi “mate” hil edo desagertu dira azken 30 urtetan. Egunkarietan irakur daitezkeen familiakoen komentarioak usaian dira: “Ba, bai, hau da arriskua! Haien lekua da itsasoa, marrazoena. Han bizi dira eta

besterik ez”. Noiz behinka, Perth hondartzan, ikusten genuen polizia bat. Itsasbazterra oinez segitzen zuen, zaintza helikopterotik ikusitako marrazo arriskuagatik, bainulariei ateratzeko erranez. Harrigarria zitzaigun jendearen ez mugitze eta uretan gelditzearen ikustea!

Egia erran, oparitzeko asko du itsasoak Australian. Udaberritik udazkenera uraren tenperatura atsegina da eta ia beti ikusteko zerbait dago itsasoaren hondo edo zolan. Perthen Cottesloe auzoko hondartza ezaguna hareazkoa da batez ere. Halere han-hemenka arroka batzuk daude, itsas belarrez estaliak. Anitz motatako arrain txiki koloretsuak, bakarrak edo sardetan, tutu urpekaritzarako betaurreko eta hegats sinpleekin ikus daitezke. Australiako ekialdean urrun dagoen Koral Hesi Handira bidaiatu gabe, Pertheko ur metro bat eta erditan, aski dago astebururo begiak liluratzeko!

Perthen iparraldean, Exmouth herriaren ondoan, Ningaloo itsas arroka dago eta han koralezko uharriak ikus daitezke, hondartzatik abiatuz. Koral Hesi Handikoak baino txikiagoak dira halere, baina arrain eta dortokak lasai agertzen dira urpekariaren beldurrik gabe. Exmouth portutik hurbil, baleak ere ikusteko, turistentzako itsasontziak har daitezke. Bale haien mota bat, “whale shark”, hots, bale marrazoa, urtero munduko beste leku urrunetatik etortzen da, koralezko arrokek errun edo kanporatutako planktona baizik ez jateko. Eta gizakirik ez, beharrik! Behin, Perthetik hara autoa gidatu genuen. Itsasontzi berezietatik bat hartuta eta leku egokira nabigatu eta gero, urpekaritzarako jantziak, taldeka uretan jauzi ginen. Handik bale marrazoaren aldamenean, segurtasun distantzia mantenduz, igeri egin genuen. Hastapenean arrain erraldoia biziki motela zela iruditzen zitzaigun. Hamar minutuz segitu ondotik, arnasestuka, biziki kontent ginen itsas ontziak berreskuratu gintuenean.

Australiako lurraldeetan ere arnasa berriz hartzeko lekuak daude. Biziki parke natural handiak daude, Britaniar tradizioan erran daiteke beharbada. Parke hauek tokiko zuhaitz arraroez beteak dira, zein adinagatik, “cycad” espezieak bezala, duela hainbat milioi urte sortuak, zein neurriagatik, 80 bat metro arte altuak. Lekuka, izadi parkeak hilerriak ere dira eta, han-hemenka, “roadkill” arriskurik gabe, kanguruak lasai eztanda edo jolastean ari direnen ondoan, hilobien artean egiten da ibilaldia. Batzuetan, eguraldia biziki idorra denean, parkeak publikoari itxiak dira. Izan ere, haizeak mediterraneoko landare sute bat bultzatuko balu, ihes egiteko xantzarik batere ez lukete ibiltzaileek izanen.

Australiaren erdi-erdian, “Ayer’s rock” edo Uluru, Aborigenen ikono arroka monolito bat, munduaren handiena badago. Bi eta erdi kilometro luze eta 350 bat metro altua, kolore gorrantza badu, eguzki eta eguraldiarekin aldatzen dena. Gu bezalako turistek, egunsentiko eguzkiak arroka koloreen antzaldatzea ikusi ondotik, oinez egiten dute arrokaren itzulia, hamar bat

kilometrotakoa. Aparkalekura itzultzekoan, udan 40 bat gradu egiten ditu. Kanguru larruzko kapelua duenak preziatzen du eguzkitik buruaren babestea. Hala ere beste osagarri edo gehigarri bat beharrezkoa da, Australiako leku askotan bezala: euli sare bat! Klima idor-idorra izan arren, euliak hurbiltzen dira eta, likido baten bila dabiltzalako, aurpegi zulo hezeetan denetan sartzen saiatzen dira: ahoan, sudurrean, begietan, belarrietan. Beharrik, ez dute ausikitzen, Eskoziako urrikalmenik gabeko “midge”-ek edo Pirinioetako beltzuntzek edo habeek egiten duten bezala!

Euskal Herrira itzuli ondotik, kanguru larruzko kapeluak bai berotasunik, bai hoztasunik, bai euritik burua babestu dit. Esteka bat ere gehitu nion haizeak ohoin ez diezadan nabigatzen dudanean. Mintzalagun batek itsusia dela erran zidan duela gutxi. Egia zuen, orain hamar bat urte dituelako. Baina harekin hainbat lekuetara joan nintzen eta bizirik itzuli non kutun, zinginarri edo asturu gisa janzten dudan.

Horregatik galtze terriblea izan zitzaidan autoan aurkitu ez nuenean. Zoro bat bezala leku denetara haren bila kurritu nintzen. Etxeko geletara, baratzeko zoko guztietara, autoaren aulkien azpiko tokietara, Miarritzeko mediatekara eta Kasinora, Polo Beyriseko denen etxera. Ezer ez!

Azken finean, Kasinoaren ondoan hilero mutxikoak dantzatu ondotik, sarritan Clémenceau plazako ostatu batean trago bat hartzen dugula gogoratuz, hara joan nintzen. Zerbitzari bati galdetu nion ea bezeroek edo langileek larruzko kapelu bat aurkitu izan zuten, badaezpada, azken egunetan, esperantza gutxiz, baina, beharbada, agian…

Eta bat-batean bizitza berri bat ireki zitzaidan baietz erantzun zidanean, kapelua barraren atzeko gela txiki batetik harrapatuz.

2019/03/18 * https://www.hominides.com/html/actualites/aborigenes-australie-premiers-a-quitter-berceau-africain-0498.php **https://www.creativespirits.info/aboriginalculture/people/aboriginal-population-in-australia ***http://www.foodtrackspost.fr/Destinations/Oceanie/Australie/Peut-on-sauver-la-planete-en-mangeant-du-kangourou

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (68. zenbakian)