ZULO BELTZEAN

European Southern Observatory-k (ESO)ateratako argazkia: Messier 87 galaxia eliptikoan dagoen zulo beltza (sic!). Baimena: CC BY 4.0

Galenoren garaietatik ezaguna da idaztea ez dela osasunarentzat ona, eta txarragoa oraindik idazten duzuna norbaitek irakurtzea. Badirudi, Danimarkan, Elinberri eta bereziki Satzendak idatzitakoa irakurtzen dutela. Are gehiago, Satzenda nor den ere ei dakite. Horra ba, hoteleko harreragileak nire atomoen arteko tartearen artikulua[1] irakurri berri zuelako edo, zuten gela txikiena eman zidan; hori bai, irrifarre handienarekin. Nola deskriba nezake nire gela, erabiltzen dudan edozein hitz hura baino handiagoa bada? Atomoen artean ere lekurik ez zen geratzen han. Eta noski, logurea ere ez zen sartzen eta pentsatzen hasi nintzen gela hura Lurrean dagoen zulo beltz bat izan zitekeela [2].

Zulo beltz batean, hain da handia grabitatea non argiak ere ezin duen ihes egin. Wikipediaren arabera, John Michell ingelesak proposatu zuen halako objetu bat lehenengo aldiz [3]. Ezagunagoa da Pierre Simon de Laplacek proposamen bera egin zuela zenbait urte beranduago. XX. menderaino jauzi eginda, Albert Einsteinen erlatibitate orokorra topatuko dugu, eta harekin batera Karl Schwarzschild-ek aurkitutako emaitzak. Ondoren datoz beste hainbait, baita ere Stephen Hawking eta Roger Penrose famatuak ere, ez horren ezaguna den Jacob Bekenstein, eta beste hainbat eta hainbat. Zulo beltzak, “singularitateak” dira: den-dena puntu bakar batean dago. Eztandatzarrarekin (big bang-a), antzera. Eta bada eztandatzarra zulo beltz batetik etorri zela dioenik. Denak saiatu dira pentsatzen nolakoak diren singularitate horiek eta zer gertatzen den haietatik gertu eta baita barruan ere [4]. Duela zenbait hilabete, zulo beltz baten lehen argazkia argitaratu zuten, koloretakoa (ikus irudia).

Baina nolakoa da horrelako singularitate batean bizitzea? Hori jakiteko, irakurri beza irakurleak Eztandatzarrean jada bizi zen Qfwfq-k kontatzen diguna, Italo Calvinoren “Le Cosmicomiche” liburuko “Tutto in un punto” ipuin zoragarriko protagonistak [5,6]. Honela hasten da ipuina:

Si capisce che si stava tutti lì – fece il vecchio Qfwfq, – e dove, altrimenti? Che ci potesse essere lo spazio, nessuno ancora lo sapeva. E il tempo, idem: cosa volete che ce ne facessimo, del tempo, stando lì pigiati come acciughe?”

Beharbada ipuina ez da guztiz zuzena izango (nola jakin?), baina bai ederra!

——————-

[1] http://www.elinberri.eus/2019/05/16/kezka-hutsalak/

[2] Lurrean beste zulo beltz bat badagoela susmatzen dute zenbaitek: kondairak dio badela argazki kamaradun nafartar alderrai bat etengabe argazkiak atera eta atera ari dena baina argazki guztiak kamaran geratzen omen dira eta inork ez ditu oraino ikusi. Diotenez, nafartar alderraiak munduko leku guztietako argazkiak ateratzen bukatzen duenean, aldi berean mundua ere bukatuko da, argazki kamarako zulo beltzean murgilduta.

[3] https://eu.wikipedia.org/wiki/Zulo_beltz

[4] Ingelesezko Wikipedia sarrerak zulo beltzei buruzko xehetasun asko ditu: https://en.wikipedia.org/wiki/Black_hole

[5] Italo Calvino. “Tutte le Cosmicomiche”. Arnoldo Mondadori Editore S. p. A., Milano (1997).

[6] Irakurri… edo entzun!:https://m.youtube.com/watch?v=jxJqzhc6QFE