“Txapela buruan ta ibili munduan”, eta txapelik gabe ez zaitez hondartzara joan, bestela eguzkiak zure burmuina egosten hasten denean gauza arraroetan pentsatzen hasiko zara eta. Horrelako batean, jendez gainezka zegoen hondartza batean nengoela (bai, txapelik gabe), zenbat harea-ale zeuden kalkulatzen hasi nintzen.
100 m luzerako hondartza, demagun 2 m-ko sakonera, 20 m zabalera marea goran… 4000 m3, beno, demagun 10000 m3 direla errazago kalkulatzeko. Demagun halaber harea-aleak D=0.5 mm diametrodun esferatxoak direla eta ahalik eta hobekien kokaturik daudela, ahalik eta espazio gehien bete ahal izateko [1]… Hortaz, gutxi gorabehera, 1.13×1014 harea-ale zeuden hondartzan!!! (113000000000000 hare-ale!!!).
Besterik ez?? Besterik ez diot, karbono-12 isotopoko 12 gramotan 6.02214076×1023 atomo daudelako jada! [2] Hortaz, susmatzen nuen bezala, hondartzan, harea-ale gutxi eta jende larregi zegoen, betiko moduan.
[1] Problema “esoterikoa” dirudien arren, geometrian, baina batez ere kristalografian, sekulako garrantzia du esferen ordenamenduak. Esferak erarik egokienean jarrita badaude ahalik eta espazio gehiena betetzeko, espazio osoaren %74.048 beteko dute. Ikus: https://en.wikipedia.org/wiki/Close-packing_of_equal_spheres
[2] Kopuru horri, Avogadroren zenbakia deritzo eta oso erabilia da bai fisikan, bai kimikan ere. Ikus: https://eu.wikipedia.org/wiki/Avogadroren_zenbakia